Ospe handiko arkitekto eta artistak, tartean Wang Shu pritzkerra, izango dira Mugak Bienalaren laugarren edizioko erakusketa nagusian

0
PRUEBA
  • Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalak Euskadiko hiru hiriburuetan garatuko du programa, ‘berreraiki, berpiztu, berrasmatu’ lelopean.
  • Erakusketa nagusia, ‘Aldaketa bizi’, nazioarteko ospea duten hamar pertsonak ekoitzitako obren hausnarketa korala da eta urriaren 25ean inauguratuko da Wang Shu arkitekto txinatarraren hitzaldi batekin.

 

Mugak/ Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalak bere laugarren edizioa aurkeztu du gaur goizean. ‘Berreraiki, berpiztu, berrasmatu’ leloa izango du ardatz, eta erakusketa nagusia Euskadiko Arkitektura Institutuan kokatuko du beste behin, ‘Aldaketa bizi’ izenburupean. Erakusketak arkitekturaren eta arteen munduko hamar pertsona ezagunen lanak batuko ditu, urriaren 25ean inauguratuko den elkarrizketa kolektibo baten bidez. Horien artean, pieza originalak eta sortzaileen praktiken irudikapenak egongo dira.

“Mugak/ -ek indarra hartu du edizioz edizio, nazioarteko erreferentziazko foro bihurtu arte, arkitekturaren, hirigintzaren eta diseinuaren munduko joera eta kezkei irekia; laugarren edizio hau sendoa da edukietan, indartsua bisualki eta xehetasunetan zaindua”, adierazi du gaur goizean Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak aurkezpenean. Sail honek antolatzen du Bienala, aurten une honetan prestatzen ari den programa zabala izango duena. Dagoeneko berrogeita hamar jarduera baino gehiago ditu hiru euskal hiriburuetan, laugarren edizio honetako goiburuan sakonduko dutenak, «premiazkoa baita mundua bizitzeko modua eta etorkizunean bertan nola iraungo dugun birpentsatzea», azpimarratu du sailburuak.

Erakusketa nagusiak egile desberdinen piezak batzen ditu, edizio honetako leloaren hiru kontzeptuetan oinarritzen direnak, Euskadiko Arkitektura Institutuaren hiru erakusketa aretoak tematizatuz. «Bienalak erakusketa koral eta intergenerazional baten aldeko apustua egin du, gorabidean diren arkitekto eta artistekin hitz egin dezaketen nazioarteko autore ezagunak batzeko», adierazi du Maria Arana euskal arkitekto eta Mugak/ 2023ko komisarioak.

‘Aldaketa bizi’ erakusketarekin bat egin duten profesionalen artean Wang Shu arkitektoa nabarmentzen da, 2012an Pritzker saria eskuratu zuena. Tradizioarekiko zaintzaren defendatzailea da bere herrialdeko hirien suntsipen azkarraren eta hazkunde geldiezinaren aurrean, eta bere lanak erakusketa banatzen duten hiru blokeetan izango du presentzia. Nagusia, Ningboko Museo Historikoa, Amateur Architecture Studio-ren lana (Lu Wenyu bere bazkide eta emaztearekin batera zuzentzen duena), lehen aretoan egongo da ikusgai eta sinesmen sendo hori irudikatzen du: fatxada Txinan giza kokaleku berriak eraikitzeko eraispen-prozesu horietan sortutako hondakinetatik abiatuta sortu zen. Wang Shuren arabera, «ezin dugu historia suntsitu». Obra hori ikusgai egongo da erakusketan fatxadaren beraren zatien eta eskala handiko argazkien bidez.

Euskadiko hiru hiriburuetan hitzaldiak

“Erakusketa Bienalaren pentsamenduaren oinarria da. Laugarren edizio honen kontzeptu-esparruan oinarritzen diren elkarrizketa eta hausnarketen jatorria eta euskarria izatea planteatzen du. Edukien aurkibide moduko bat da, ondoren programa ofizialeko eztabaida eta hitzaldiek sustatuko dituzten ideien oinarri gisa balio duena”, azaldu du Mugak/ 2023ko komisarioak.

Laugarren edizio honetan Wang Shu bera izango da, Bienalak lau ediziotan Euskadira hurbildu dituen Pritzker saria irabazi duten profesionalen zerrenda oparoari gehituko zaiona: RCR Arquitectes, Rafael Moneo, Álvaro Siza, Anne Lacaton eta Jean-Philippe Vassal.

Wang Shu ez ezik, ‘Aldaketa bizi’ erakusketan parte hartuko duten gainerakoak ere Bienalak Euskadiko hiru hiriburuetara udazken honetan eramango dituen hizlarien artean egongo dira. Horregatik, erakusketak euskal lurralde osoa lotzen du: «Erakusketa-elkarrizketa moduko bat da, Euskadiko Arkitektura Institutuan hasten dena eta, ondoren, hiru hiriburuetan egingo diren eztabaidetara eramaten dena. Harremanak sortuko dira erakusketa nagusiaren eta Artiumen, Gasteizen, eta Azkuna Zentroan, Bilbon, egingo diren hitzaldi eta elkarrizketen artean», aurreratu du Aranak.

Kaleetan herritarrekin eztabaidatzeko edizio berri bat

Mugak/ 2023k urriaren 25ean emango dio hasiera, erakusketa nagusiaren inaugurazioarekin eta Wang Shuren hitzaldiarekin Donostiako Antzoki Zaharrean. Baina Bienalaren programazioa egun batzuk lehenago hasiko da, urriaren 10etik aurrera, hitzaldiak, askotariko jarduerak eta espazio publikoetan instalatuko diren pabiloiekin, arkitekturari buruzko eztabaida herritarrei hurbiltzeko helburuarekin.

‘Lost forest’ pabiloia arkitektura iragankorreko lehen ariketa izango da, Donostiako Sagues zabalgunean irekiko dena. Eraikitzeko suteetan erretako egurra erabiliko duen aldi baterako instalazio hau lurraldearen suntsipenaz eta materialen birziklapenaz hausnartzeko gonbidapena izango da. Herritarrekiko elkarrizketa izango da, Mugak/ eta TAC! Festibalaren arteko lankidetzaren emaitza. Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendaren Ministerioak eta Arquia Fundazioak sustatutatzen dute festibal hori.

Pabiloi hau eta Bienalean zehar jarriko diren beste biak izango dira edizio honetako egitarauko jardueren eszenatoki. Donostian, UPV/EHUko Arkitekturako Goi Eskola Teknikoaren pabiloi batek erakutsiko du zurezko egiturak erraz muntatu eta desmuntatu daitezkeela denbora errekorrean. Bilbon, aurtengo hirugarren pabiloian, prozesu industrializatuei esker eraikitako etxebizitza «hazteko» aukerak aztertuko dira.

Mugak/ Bienalari buruz

Mugak/ Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalak laugarren edizioa du 2023an, eta Arku Atlantikoko arkitektura-hitzordu nagusietako bat bezala finkatzen ari da. Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak antolatu du, eta aurten espazio irekia izateko ahaleginean sakonduko du, hainbat eragileren arteko lankidetzaren emaitza baita. Horrela, herritarrekiko topagune bihurtu nahi du, arkitekturaren garrantzia nabarmentzeko, bertan bizi den ingurunearen kalitatea egituratzen duen elementu gisa.

Aurtengo edizioan, Mugak/ek berreraiki, berpiztu, berrasmatu leloa du ardatz. Horrela, Bienala herritarrei eta hiri-bizitzan parte hartzen duten eragile guztiei irekitako kultura-azpiegitura gisa planteatzen da, mundu osoan gertatzen ari diren eztabaidekin bat egiten duten elkarrizketak eta hausnarketak sortuz.