Bilboko Ingeniaritza Eskolaren Formula Student Bizkaia proiektuak ibilgailu autonomoaren diseinuko lehenengo postua lortu du Silverstonen, lehiatu berri den Formula Student UK lehiaketan. Proiektua lehendabiziko aldiz lehiatzen da ibilgailu autonomoaren modalitatean 15 urte luzeetako historian, eta debutean lortu du lehenengo saria diseinuaren modalitatean.
Bilboko Ingeniaritza Eskolaren Formula Student Bizkaia proiektuak palmares zabala lortu du bere ibilbide luzean, Formula Student ingeniaritza lehiaketa ospetsuetan, urtero formula motako monoplaza elektriko bat diseinatu, fabrikatu eta horrekin lehiatzen diren 60 ikasle eta ingeniaritzako 3 irakasleren lanaren emaitza izanik.
Azken ikasturte honetan, proiektuak GidarIA izeneko «made in Euskadi» lehenengo gidatze sistema autonomoa garatu du. Horri esker, ibilgailu automatizatu batera behin konektatuta, inguruko sentsoreen datuak azter daitezke adimen artifiziala erabiliz, zirkuituan modu autonomoan ibiltzeko erabaki egokiak hartuta.
Sistema berritzaile hori automobilgintzaren industriaren estandar berrienetan oinarritzen da, eta sistema autonomoaren diseinu onenaren aintzatespena jaso du joan den astean Silverstoneko zirkuituan egin den Formula Student UK lehiaketa ospetsuan. Duela zenbait urtetik hona, Formula Student lehiaketak ibilgailu elektrikoekin edo barne errekuntzako ibilgailuekin parte hartzeko aukera ematen du, pilotu batek gidatuta. Horrez gain, ibilgailu autonomoentzako modalitate bat ere hartzen du barne, kontrol, erabaki eta adimen artifizialeko algoritmoen diseinua eta errendimendua ebaluatzeko, mugikortasunaren etorkizuna izango direlakoan.
Horrela, Bilboko Ingeniaritza Eskolaren Formula Student Bizkaia proiektua ikusita, aurten ere agerikoa da proiektuetan oinarritutako ikaskuntzaren aldeko apustua egiten duela, «Enpresa Unibertsitatean» eredu berritzailearen bidez, bertan parte hartzen duten ikasleei kalitatezko prestakuntza emateaz gain, berrikuntza, ekintzailetza eta garapen teknologikoa sustatzen baititu. Hori dela eta, gaur egun 40 enpresa baino gehiagok laguntzen dute aktiboki irakaskuntza proiektu hori finantzatzen; horien artean nabarmentzen dira Bizkaiko Foru Aldundia, Alunid, Bilboko Udala, Batz, Idom, Imedusa, Inarak, Ingemat, Madit, Sener, Sistemodel eta Tecnalia.