Eusko Jaurlaritzak alerta laranja aktibatu du nabigaziorako itsasaldeko arriskuagatik bihar ostegunerako

0
PRUEBA
  • Olatuen altuera adierazgarria 4 metrotik gorakoa izan daiteke, eta eragin berezia izango du nabigazioan
  • Aldi berean, abisu horiak ere aktibatu dira kostaldeko inpaktuagatik itsasgoren inguruan

Eusko Jaurlaritzak alerta laranja aktibatu du lehenengo bi milietako nabigaziorako itsasaldeko arriskuagatik bihar, osteguna, abuztuak 3, 00:00etik 15:00etara, olatuen altuera adierazgarria 3,5 eta 4 metro artekoa izatea aurreikusten baita eta olatuen arteko 12-13 segundoko periodoak espero baitira.

Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, Britainiar Uharteen inguruan kokatutako borraska sakon batek okertu egingo ditu itsasoaren baldintzak datozen egunotan, eta bereziki datorren ostegunean.

Horrez gainera, abisu horia ere aktibatu da nabigaziorako itsasaldeko arriskuagatik gaur, abuztuak 2, 15:00etik 24:00etara eta bihar, osteguna, 15:00etatik hasi eta ostiraleko, abuztuaren 4ko, 18:00ak arte.

Itsasoaren egoera hori marea oso biziei elkartuko zaie, bereziki altuak izango direnak arratsaldeko itsasgoretan, eta itsasaldeko inpaktuagatik abisu horiak ere aktibatuko dira gaur arratsaldeko itsasgoraren inguruan (17:00etik 19:00etara) eta biharkoen inguruan (06:etatik 08:00etara bitartean eta 18:00etatik 20:00etara bitartean). Azpimarratu behar da itsasgora horietan hondartzako eremu lehorra nabarmen murriztuko dela.

Udan, itsasaldeko arriskuak baxuagoak izaten dira, hondartzetako okupazio altuaren eta urte-sasoi honetako kirol eta aisialdiko jardueren inpaktua handiagoa izan ohi delako.

Itsasoaren egoerak nabarmen okerrera egitea eragingo duen borraska horrek eguraldian aldaketa nabarmena eragingo du. Goi-geruzetako aire hotzak euria ekarriko du, bereziki ostegunean, hilaren 3an, arratsalde-gauean eta ostiraleko, abuztuaren 4ko, goizean, eta ostiralean euri-zaparrada handiak bota ditzake isurialde kantauriarrean. Aldi berean, tenperaturek, batez ere egunekoek, nabarmen egingo dute behera, eta ostegunean eta ostiralean urte-sasoi honetako batez bestekoa baino 5 eta 8 gradu baxuagoak izango dira.

Iragarpen eguneratuak jarraitzea gomendatzen da Euskalmeten webgunearen bidez (www.euskalmet.euskadi.eus) eta Twitter kontuaren (@Euskalmet) bidez, edo “Abisuak nahieran” zerbitzuan alta emanda. Larrialdietarako deitu 112 zenbakira.