Juan Mari Aburto Alkateak Begoñako Aurreskua dantzatu du aurten ere bilboko hiriaren omenez

0

Juan Mari Aburto Alkateak, Udalaren eta beste erakunde batzuen ordezkariekin batera, Begoñako Amatxuren omenezko Mezan parte hartu eta udalburuak abuztuaren 15ero Bilboko hiriari eskaini ohi dion aurresku tradizionala dantzatu du aurten ere.

Ohiturari jarraiki, udal segizioa, Udal Txistulari Bandak lagunduta, 12:00ak baino minutu batzuk lehentxeago iritsi da Begoñako Basilikaren inguruetara, bertan ehunka pertsona bilduta zeudela.

Meza Nagusiaren ostean, Udal Korporazioa Bizkaiko zaindariaren omenezko elizaren ondoko zelaigunera abiatu da, eta bertan, Udal Txistulari Bandak “Gernikako Arbola” jo du Gernikako zuhaitzaren kimuaren aurrean.

Jarraian, Juan Mari Aburto Alkateak Ohorezko Aurreskua dantzatu du Beti Jai Alai dantza-taldearen eskutik, izan ere, duela 28 urte, Jon Pertika dantzari bilbotarra zenari esker, talde honek udalburuak herritarren omenez eta begirunez eskaini ohi zuen koreografia tradizional hau berreskuratu zuen.

Komunikabideen aurrean egindako adierazpenetan, Aburto Alkateak garrantzitsutzat jo du tradizioei eustea, “gaurko Begoñako Aurreskua edo biharko San Rokeko Meza kasu”, eta Aste Nagusia hastear dagoen honetan, gonbidapena luzatu die herritar guztiei eta datozen egunotan hiria bisitatuko dutenei “aurten ere parekorik ez duen kulturarteko jai-eredu honetan murgil daitezen, gozatzeko eta ondo pasatzeko asmoz, baina betiere errespetutik eta tolerantziatik abiatuta”.

Ama Birjinaren Eguna eta Begoñako Aurreskua ospatzeko ekitaldietan Udal Musika Bandak ere parte hartu du, euskal doinuez osatutako errepertorio zabal batez.