Beñat Prados, Imanol Garcia de Albenizen ordez CA Osasunaren aurka jokatu zuen LaLiga 2023-24ko lehen norgehiagokako 83. minutuan sartu ostean, Athletic Clubeko lehen taldearekin debuta egin duen 637. lehoia izan da. Gauzak horrela, denboraldi honetan Ernesto Valverderen aginduetara debuta egin duen hirugarren jokalaria izan da nafarra, Imanolek berak eta Unai Gomezek lehen jardunaldian Real Madriden aurka jokatu ostean.
Erdilariak 2015etik darama Athleticen, Ohorezko Mailako Kadete taldean jokatzen hasi zelarik. Aurreko denboraldian CD Mirandesen lagatuta jokatu ostean, postu ezberdinetan jokatu dezakeen jokalaria talde zuri-gorriaren elastikoarekin lehiatu zen lehen aldiz.
«Amets bat bete dut, oso pozik nago debutatzeagatik. Errazena egin dut, orain mantentzea da zailena, eta horretarako lan egingo dut «, adierazi zuen Txantreatik etorritako gazteak Iruñean norgehiagoka amaitzean.