Hayao Miyazakik emango dio hasiera Donostia Zinemaldiaren 71. edizioari

0
PRUEBA

Hayao Miyazakiren azken filmak –Kimitachi wa Do Ikiruka / The Boy and the Heron izenekoak–, Donostia Zinemaldiaren 71. edizioari lehiaketaz kanpo emango dio hasiera. Irailaren 7an Torontoko zinema-jaialdian izan ondoren, Sen to Chihiro no kamikakushi / Spirited Away (Chihiroren bidaia) filmaren zuzendariak egin digun proposamen berriaren Europako estreinaldia Donostian egingo da. Zehazki, filma Kursaal Auditoriumean emango da irailaren 22an –ostiralean–, inaugurazio-ekitaldiaren ondoren.

Hayao Miyazakik (Tokio, 1941) Studio Ghibli sortu zuen 1985ean, Isao Takahatarekin batera. Harrezkero, hainbat film zuzendu ditu, hala nola Tenku no Shiro Rapyuta / Castle in the Sky (1986), Tonari no Totoro / My Neighbor Totoro (Totoro auzokidea, 1988), Majo no Takkyūbin / Kiki’s Delivery Service (1989), Kurenai no Buta / Porco Rosso (1992) eta Mononoke-hime / Princess Mononoke (1997). Sen to Chihiro no Kamikakushi / Spirited Away (Chihiroren bidaia, 2001) filmak marka guztiak hautsi zituen Japoniako zinema-aretoetan; izan ere, sari ugari lortu zituen, besteak beste, Berlinaleko Urrezko Hartza eta animaziozko film onenaren Oscar saria. Hauru no Ugoku Shiro / Howl’s Moving Castle (2004) filma animaziozko film onenaren Oscar sarirako izendatu zuten, Osella saria jaso zuen Veneziako zinema-jaialdian eta Miyazakik Urrezko Lehoia lortu zuen hurrengo urtean, bere ibilbide osoagatik. Kaze Tachinu / The Wind Rises (2013) animaziozko film onenaren Oscar sarirako izendatu zuten. 2012an, Miyazaki Kultura Merezimenduko Pertsona izendatu zuen Japoniako Gobernuak. 2014an, ohorezko Oscar saria jaso zuen bere ibilbide osoagatik, eta Komikiaren Will Eisner Sarien Ospearen Aretoan sartu zuten.

Idazten, marrazten eta eraikinak diseinatzen ere badiharduen zinemagile japoniarraren film bat Donostia Zinemaldian programatzen den laugarren aldia izango da, baina lehendabizikoz izango da Sail Ofizialeko kide. Aurretik, Belodromoan izan zen zinemagilea Chihiroren bidaia eta Gake no Ue no Ponyo / Ponyo on the Cliff by the Sea (Ponyo itsaslabarrean, 2009) lanekin eta Perlak sailean, berriz, Kaze Tachinu / The Wind Rises (Perlak, 2013) filmarekin.

Aipatutako filmez gain, Studio Ghibli-ren beste bi lan ere hautatuak izan dira Perlak sailean: Isao Takahata-ren Kaguya-hime no Monogatari / The Tale of The Princess Kaguya (2013) eta Michael Dudok de Wit-en La tortue rouge / Red Turtle.

Kimitachi wa Do Ikiruka / The Boy and the Heron zuzendariak idatzitako istorio originala da. Soinu-banda Joe Hisaishik egin du, Miyazakiren filmetako ohiko konpositoreak, hain zuzen.

Inaugurazio-galarako sarrerak irailaren 4an jarriko dira salgai.