Bilboko Udalak eguneratu egingo ditu 2024ko tasak eta zergak, hiru urtean ilaran izozturik eduki ostean

0

Bilboko Udalak gaur, Gobernu Batzordearen bilkuran, proposamen bat onetsi du 2024 ekitaldirako tasak eta zergak eguneratzeko. Berrikuspen hori, beraz, hiru urtean ilaran tasak eta zergak izozturik eduki ostean dator, hain zuzen, 2021ean, 2022an eta 2023an.

Gogorarazi beharra dago nola tasei eta zergei beren horretan eusteko neurri hori ezarri zen herritarren zama fiskala arintzearren eta urian Covid-19aren birusak gogorki erasandako sektoreei eta enpresa-ehunari laguntzearren, eta, geroago, Ukrainako gerraren eraginari aurre egitearren. Une bereziki zailak izan baitira, eta Udaleko Gobernu Taldeak, udal talde politiko guztiekin batera, orobat abiarazi zituen zenbait neurri berezi, Bilbao Aurrera Plan bat baino gehiago berrabiaraztearren eta haien bidez ostalaritzari, merkataritzari, turismoari eta besteri laguntzeko funts eta ekimenak banatzearren.

Gaur onetsitako proposamenak % 3ko eguneratze bat aplikatuko du, oro har, datorren urteko udal-tasa eta –zergetan, eta, horrekin, eutsi egin nahi zaio Udalak ematen dituen zerbitzu publikoen kalitateari eta aurre egin nahi zaio Udalak egiten dituen kontratuen egikaritze-kostuen emendatzeari, zeina lehengaien garestitzearen, energia-krisiaren eta lan-kostuen emendatzearen ondoriozko inflazio-egoerak ekarri baitu.

Neurri horren bidez, 5,2 milioi euro inguru batuko dira.

HERRITARRENTZAKO ZERBITZU ONAK ZIURTATZEA

Marta Ajuria Ogasun Saileko zinegotziak honako hau adierazi du: «gure xedea da kalitateko zerbitzuak ematea aurrerantzean ere, betiere bilbotarren ongizateari begiratuz, eta, aldi berean, baliabideak edukitzea, pandemiaren ondorioz bizi izandakoaren moduko egoerei lastertasunez aurre egiteko. Eguneratze honek ez du berdinduko ematen ditugun zerbitzuetan izan den kostu emendatzea; hala ere, nahi dugu ahalik eta txikiena izatea herritarrei ekarriko dien eragin fiskala.»

Alde horretatik, bada, zinegotziak adierazi du ezen, OHZaren kasuan ––Uriko herritarrei eraginik handiena dakarkien zerga-ordainagiria baita, estolderien eta zaborren tasarekin batera––, etxebizitzen gaineko ordainagirien batez besteko kuota, barrutiko, ez dela gehituko hilean 1 euro baino gehiago. Eta, adibide moduan, Ibaiondo eta Begoña aipatu ditu, haietan urteko gehikuntza 5 euro izango baita, eta Errekalde, Uribarri, Otxarkoaga-Txurdinaga auzoetan, berriz, 5 eurokoa, edo Deustun, 6 eurokoa. Ordainagirien batez besteko kuotak, Arabella edo Uretamendi auzoen kasuan, 3 euro izango du urteko gehikuntza.

BERRIKUNTZAK

Ordenantza fiskalaren 2024ko aldaketan badira berrikuntzak. Nabarmentzekoa da, haien artean, OHZaren kasuan, nola etxebizitza hutsen gainean errekargua (% 25) aplikatuko den ostatatze-jarduerak izaten diren higiezinen gainean, hala nola turismoko etxebizitzak, zeintzuei lehenago ez baitzitzaien aplikatzen, hirugarren erabilerako ekonomia-jarduerak izanik; neurri honekin, zinegotziak adierazi duenez, «begirune handiagoa erakusten zaio ekonomia-gaitasunaren eta tributuen aurreko berdintasunaren printzipioari».  Tresna fiskal honen xedea da, gainera, sustatzea bizitegi-erabilera duten higiezinak ohiko etxebizitza izan daitezela, dela haien jabeenak, errentarienak edo lagapendunenak, halako moldez non areagotu egingo baita errentako etxebizitzen merkatuan eskaintzen diren etxebizitzen kopurua eta erraztu egingo baita Bilbon etxebizitza eskuratzeko modua.

Halaber, berreskuratu egingo da kide anitzeko familiendako OHZaren hobaria, eta ehunekoak ere bereizi egingo dira katastro-balioen arabera, salbu baliorik handienekoen kasua. Jotzen da 1.500 familia inguru izango direla Bilbon neurri honen onuradun.

Beste berrikuntza garrantzitsu bat, datorren urterako ordenantza fiskaletan, EIOZean sartu da (Eraikuntzen, Instalazioen eta Obren gaineko Zerga). Hala, lehendik ezarrita zeuden hobari ugariez gain, interes berezikotzat jo dira, orain, Zorrotzeko Muturrean egindako obrak eta instalazioak, ikus-entzunezkoen produkzioarekin zuzeneko zerikusia dutenak. Gainera, hobaria izango dute halaber energia aurrezteko obrek, babes publikoko etxebizitza berriak eraikitzeko obrek––betiere etxebizitza sozialak sustatzearren, gazteek haiek errazago eskura ditzaten––, desgaitasunen bat duten pertsonek etxebizitzak eskuratzeko edo etxebizitza horiek haientzat bizigarriago izateko egiten diren eraikuntza-obrek, edo unibertsitate- edo ikerkuntza-zentroak eraikitzeko obrek.

Ostalaritzaren sektoreari laguntzearren, eutsi egingo zaie terrazen eta gau-mahaitxoen gaineko tasei, bai eta espazioa ––zangak eginez edo aldamioak eta hesiak jarriz–– okupatzen deneko tasei.

Neurri horiekin batera, eutsi egingo zaie zergadunentzako lehendik zeuden onura fiskalei eta ordaintzeko erraztasunei.

IZAPIDETZEA

2024ko Ordenantza Fiskalak aldatzeko proposamen hau gaur onetsirik Gobernu Batzordearen bilkuran, haren izapidetzea hasiko da, Batzordean agertuko zaielarik udal talde politiko guztiei, datorren eguenean, abuztuak 24; ondoren, zuzenketak aurkezteko epea hasiko da, datorren irailean Osoko Bilkuran eztabaidatu eta onesteko edo ezesteko.