Bihar San Mamesen jokatuko den Athletic Club-Real Betis partidaren atarian komunikabideek egindako galderei erantzun die Ernesto Valverde Athleticeko entrenatzaileak. Entrenatzaile zuri-gorriak azpimarratu du garrantzitsua izango dela etxean puntuak batzea denboraldi honetan zehar. Horretarako, zuri-gorriek garaipena lortu beharko dute Katedralean eta sailkapenean leku ona hartzen jarraitu: «Denboraldi honetan gure helburuetako bat etxeko emaitzak hobetzea da. Guretzat oso partida garrantzitsua da. Aukera ona izan daiteke garaipenen sentsazioa mantentzeko. Sailkapenean interesatzen zaizkigun postuetan kokatzen joan nahi dugu».
Valverdek onartu du Real Betis onena espero duela hirugarren jardunaldi honetan, eta, beraz, partida lehiakorra izango dela iragarri du: «Betis azken urteetan Europan erregulartasunez sartzea lortu duen talde gogorra da. Dagoeneko bi aurkari garrantzitsuri aurre egin die, lau puntu erdietsita. Iaz ere indartsu egon ziren eta maila-handiko taldea da».