Asteazkenean Medinan Madrid CFF mendean hartu ondoren, Athleticek 2-0 irabazi zion Sporting de Portugal taldeari Lezaman. Amezagak eta Azkonak lehen zatian sartutako golek talde portugaldarra gainditzeko balio izan zuten. Lagunartekoa 3. zelaian jokatu zen eta zuri-gorriek beste garaipen bat lortu zuten datorren igandean udako azken partida ez ofiziala jokatu aurretik. Probak amaitzen ari dira eta taldea Liga F txapelketan Granada CF igo berriaren aurka debuta egiteko bertsio ona aurkitzen ari da.
Markagailua lehen zatiko azken txanpan ireki zen. Jone Amezagak presioa egin zion atezainari eta lasai asko lortu zuen 1-0ekoa jartzea. Handik gutxira, Azkonak Aranaren denboraldiaurreko enegarren asistentzia aprobetxatu zuen abantaila handitzeko. Lehen zatia parekatua izan zen eta David Aznarren neskei kosta egin zitzaien partidan sartzea.
Aldageletatik bueltan, lehoiak nagusi izan ziren eta Azkonak 3-0ekoa lortzeko abagune argia izan zuen, baina Joiak gelditu egin zuen bere jaurtiketa. Mariana Cabralen taldeak ia ezin zuen jokoa kontrolatu eta Athletic aurkariaren areara iritsi nahian zebilen. Elexpuruk erdiraketa ona egin zuen eta Sanadriren erremate Sportingeko atezainaren eskuetara joan zen. Talde lisboarrak jokaldi ona egitea lortu zuen, baina aurrelaria jokoz kanpo zegoen eta golak ez zuen baliorik izan. Goiza gozakaitz jarri zen xirimiri etengabearekin Lezaman. Hala ere, zaleek euren taldearen beste garaipen bat ikusteko aukera izan zuten, liga hasiera ilusionagarriaren zain.