Eusko Jaurlaritzak alerta laranja aktibatu du prezipitazio handiengatik Euskadi osorako

0
PRUEBA
  • Alerta gaur, irailak 11, 15:0etatik 22:00etara bitartean aktibatuko da lurralde osoan

Eusko Jaurlaritzak gaur, irailak 11, 15:00etatik 22:00etara bitartean, alerta laranja aktibatuko du prezipitazio handiengatik Euskadi osorako, ordubetean 20-30 l/m² bota baititzake. Zaparrada moderatuak eta trumoitsuak espero dira, eta 2 eta 3 cm-ko diametroko txingorra ere egin dezake. Zaparrada handiekin batera haize-bolada handiak ere izan daitezke (60-80 km/h).

Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, gaur egunean zehar, bereziki arratsaldean, Euskadin nagusituko den ezegonkortasunak zaparrada handiak, kasu batzuetan trumoikoak, eragin ditzake. Iberiar penintsularen mendebaldean sortutako ibarrak ezegonkortasun handia eragingo du, eta gaur arratsaldean zehar, beraz, trumoi-zaparradak bota ditzake Euskadiko edozein lekutan. Hala ere, probabilitate handiagoa dago zaparradak Bizkaia barnealdean, Gipuzkoa barnealdean eta Araba iparraldean botatzeko, batez ere 18:00etatik 21:00etara bitartean.

Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak, ekaitz handien arriskua ikusita, eta eragin ditzaketen ondorio larriak prebenitzeko eta arintzeko, gomendio hauek eman ditu:

  • Bertan behera utzi aire zabaleko jarduerak, esate baterako, mendi-irteerak edo uretako ekintzak.
  • Era horretako egoerek eragindako prezipitazioek arazoak sor ditzakete estolderian eta drainatze-sistemetan, bai herri barrukoetan bai errepidekoetan, eta kontuz ibiltzeko eskatzen da, beraz.
  • Gidatzen ari zarenean ekaitzak harrapatzen bazaitu, gogoan izan itxita dagoen ibilgailua babesleku ona izan daitekeela. Edonola ere, abiadura moteldu, arretaz gidatu eta ez gelditu ur asko pasa litekeen leku batean.

Iragarpen eguneratuak jarraitzea gomendatzen da Euskalmet (www.euskalmet.euskadi.eus) eta Twitter (@Euskalmet) bidez, edo “Abisuak nahieran” zerbitzuan alta emanda.

Larrialdietarako deitu 112 zenbakira.