Bildarratz sailburuak Dantzertiko 2023-2024 ikasturtea zabaldu du

0
PRUEBA
  • Ekitaldian Arte Eszenikoen arloko pertsona ospetsuak izan dira, besteak beste, Lucía Lacarra dantzaria.
  • Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantzako Goi Mailako Eskolak 104 ikasle ditu aurten.

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak, Begoña Pedrosa sailburuordearekin batera, Dantzertiren (Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza goi mailako Eskolaren) 2023-2024 ikasturte akademikoari irekiera emateko ekitaldian parte hartu du gaur goizean, Bilbon. Campos Eliseos Antzokian egin den ekitaldian, Bildarratzek diplomak banatu dizkie ikasketak amaitu berri dituzten Dantzertiko ikasleei (2022-2023ko promozioa).

Diplomak eman ondoren eta ekitaldian hitza harturik, sailburua ikasleei zuzendu zaie, Dantzertin beren ametsen alde borrokatzeko izan duten ilusioa aipatuz, eta 2015ean sortutako eskolaren ibilbidea nabarmendu du. Euren lorpenengatik zorionak emateaz gain, sailburuak diplomak banatzearekin batera, Dantzertin eskaintzen den prestakuntza osoa izan dadin lagundu duten Dantzaren eta Arte Dramatikoaren arloko irakasleen eta profesionalen lana ere goraipatu du.

Solasaldia

Ikasturte berriari hasiera emateko ekitaldian arte eszenikoen munduko profesional nabarmenak ere izan dira, eta sektore horrek gaur egun bizi duen uneari buruzko solasaldi batean parte hartu dute. Honako hauek izan dira parte-hartzaile: Lucia Lacarra dantzari eta koreografo zumaiarrak. Gaur egungo ballet klasikoaren figura nagusienetakotzat jotzen da Lacarra eta nazioartean entzute handiko ibilbide artistikoa egin du. Erica Pereirok, Culturactiva S. Coop Galega enpresakoak. Eskarmentu handia du musika-merkatuan eta arte eszenikoen merkatuan, eta Galiziako, Estatuko nahiz nazioarteko hainbat konpainiaren banaketaz arduratzen da, baita nazioarteko hainbat jaialdiren koordinazioaz ere. Eta, azkenik, Marisol Rico, La Tal konpainiaren produktore exekutiboa. Zirkuko pailazoaren figura klasikotik unibertso propio bat sortu arte eboluzionatzen joan den nazioarteko konpainia da Ricorena, bere ikuskizunetan nortasun propioa sortuz.

Hiru profesionalek, nork bere bere esparrutik, iritziak eta esperientziak trukatu dituzte arte eszenikoen inguruko hainbat gai ardatz hartuta, hala nola, ekintzailetza arte eszenikoen sektorean, ikuskizunen ekoizpena eta banaketa, sektoreko profesionalen erronkak edo ikusleak aretoetara erakartzeko moduak, besteak beste, Dantzertiko ikasleak arretaz entzuten ari zirela.

Dantzerti, Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza Goi mailako Eskolak, 2015ean ekin zion ibilbideari Bilboko Juan Crisostomo de Arriaga Kontserbatorioan. Goi mailako bi titulazio eskaintzen ditu: Arte Dramatikoko Gradua eta Dantzako Gradua. 2023-2024 ikasturtean 104 ikasle izango ditu, bai Dantza espezialitatean, bai Arte Dramatikoan. Horien guztien artean, 30 ikasle lehen mailako ikasle berriak izango dira.