Afrikaldia jaialdiak 19 proiekzioak eskainiko ditu Gasteizen urriaren 2tik 7ra

0
PRUEBA
  • Atal ofizialeko 12 emanaldiak dira estreinaldiak; 7 Estatu mailakoak eta 5 Euskadikoak
  • Epaimahaia Paul Urkijok, Mariette Monpierrek eta Paloma Ettienek osatuko dute

Afrikar Zinemen Euskal Jaialdiaren, Afrikaldiaren, hirugarren edizioa urriaren 2tik 7ra bitarte egingo da eta 2023an 19 proiekzio izango ditu. “Gure atal ofizialera Estatu mailako zazpi estreinaldi ekartzeko ahalegin handia egin dugu. Beste bost filmak ere estreinaldiak izango dira, baina Euskal Autonomia Erkidego mailan”, nabarmendu du Luis Royerok, Afrikaldiaren zuzendarietako batek.  Gainera, emanaldietan Afrikako eta haren diasporako 16 herrialde egongo dira ordezkatuta.

Beste urte batez, Afrikaldiak eta EHUk lankidetza-hitzarmena berretsiko dute fakultateetan 6 dokumental eskaintzeko. Afrikako aktibistak gune horietan izango dira eta, proiekzioen ondoren, Afrikako klima-aldaketa aztertu eta horren inguruko eztabaida egingo dute ikasleekin, horixe baita hirugarren edizio honen gai nagusia.

Lehen proiekzioa urriaren 2an egingo da, Europa Kongresu Jauregian, inaugurazio-galan. Tarik El Idrissik zuzendutako ‘Sound of Berberia’ filma izango da eta zuzendaria bera bertan izango da ondoren egongo den mahai-inguruan. Horrekin lotuta, Maroko herriarekiko eta batez ere asteburuan izandako lurrikararen ondorioak jasan dituzten familiekiko gure elkartasuna eta gertutasuna adierazi nahiko genituzke.

Horrez gain, Afrikar Zinemen Euskal Jaialdiak beste behin Industria atalaren aldeko apustua egingo du Montehermoso Kulturunean. Bertan, Gasteizen egiten diren jaialdien arteko topaketak antolatu dituzte besteak beste. Gainera, Gasteizko Udalaren Kale Heziketako Programekin adostutako aliantzekin aurrera jarraitu dute, aurtengo edizioko kartela diseinatu duen Marian Daviesek zuzendutako tailerrekin.

Itziar Inzak, Afrikaldiaren zuzendarietako batek, balioa eman nahi izan dio “egin dugun kalitate-jauziari, nazioartetik inoiz baino gonbidatu gehiago iritsiko baitira. Jaialdiak irauten duen bitartean, Afrikako 8 zinema-zuzendari eta 2 aktibista izango ditugu”.

Kulturaren eta Hezkuntzaren zinegotziak, Sonia Díaz de Corcuerak, adierazi duenez, “Kulturaren eta Hezkuntzaren Sailak Afrikaldiaren aldeko apustu irmoa egiten du. Hauxe da 3. edizioa eta agerian geratu da Gasteizen kohesio soziala bultzatzeaz gain, Afrika kontinentera eta hango errealitatera gerturatzen gaituela. Gainera, nazioarteko gonbidatuak bilduko dira, haiekin hitz egiteko eta haiengandik ikasteko aukera eskainiko diguten zinema-zuzendariak eta aktibistak, gure hiriaz gozatzen duten bitartean”.

Berdintasunaren, Euskararen eta Gobernantzaren foru-diputatuak, Jone Berriozabalek, nabarmendu duenez, Emakumeen Berdintasunerako eta Ahalduntzeko Arabako Lurralde Sareak, LAIAk, bere programazioan “Afrikako zinema feministaren zikloa” bilduko du Jaialdiaren lehen bi edizioetan eskainitako filmekin. “Afrikan egindako eta era askotako emakumeen ikuspegia erakusten duten film feministez gozatzeko aukera izango dugu gero generoarekin lotutako eztabaidak eta gogoetako bultzatu ahal izateko. Film horiek genero-berdintasuna sustatzen dute, Afrikako zineman erakutsitako emakumeen ikuspegien eta rolen aukera zabala bistaratzen dute, eta emakumeek kameren aurrean eta atzean duten presentzia nabarmentzen dute, genero mailako estereotipoei aurre eginez eta emakumeek industria zinematografikoan duten talentua eta aniztasuna erakutsiz.

Bestalde, Vital Fundazioko zuzendariak, Arantxa Ibañez de Opacuak, azpimarratu duenez, “Afrika da negutegi-efektuko gas gutxien igortzen duen kontinentea, baina, aldi berean, horren ondorioak gehien jasaten dituena ere bada. Afrikaldiari eta haren zinema kritikoari eta kalitatezkoari esker, arabarrok Afrikako benetako errealitateaz jabetu gaitezke zuzen-zuzenean, afrikarrek kontatuta. Vital Fundazioan gehien baloratzen dugun Jaialdiaren gaietako bat da haren gizarte eta hezkuntza mailako alderdi hori; izan ere, eraldaketa sozialerako tresna gisa baliagarriak izan daitezkeen proiektu kulturalak sustatzea gustatzen zaigu”.

Hitz horiekin bat egin du Paul Ortegak, eLankidetza-Garapenerako Lankidetzako Euskal Agentziako zuzendariak. Horrekin lotuta,  dimentsio sozialak duen garrantzia azpimarratu nahi izan du. “eLankidetzaren ustez, Euskadin gizarteari beste errealitate horiez jabetzen laguntzeko eraldaketa sozialeko ekintzak ere garatu behar ditugu gizateria osoak behar-beharrezkoa duen aldaketa global eta lokal horren partaide izateko”, adierazi du.

Epaimahaia

Aurten, epaimahaiko jaialdia honako hauek osatuko dute: Paul Urkijo gasteiztarrak, ‘Errementari’ eta Irati’ filmen zuzendariak; Mariette Monpierre zuzendari eta gidoilariak (Guadalupen jaiotakoa); eta Paloma Ettiene zinemagile eta artista bisual madrildarrak.

Hiru epaimahaikideek nazioarteko entzutea dute zinema arloan eta atal ofizialean ikusgai izango diren 12 filmetatik onena aukeratzeko lan zaila izango dute.

Helburuak

Hirugarren edizio honekin, penintsularen iparraldean Afrikako zinemen erreferentziazko jaialdi gisa indartu da Afrikaldia. Kultura Bendera Elkarteak eta Asociación Africanista Manuel Iradier elkarteak bultzatzen dute eta jaialdiaren helburua da Afrikako kulturen aniztasuna eta aberastasuna bistaratuta giza garapena indartzea. Era berean, Euskadiko eta Afrikako kulturaren arteko topaketa eta aliantzak bultzatu nahi dira.

Erakunde sustatzaile horiez gain, Gasteizen finkatuta dauden afrikarren hamahiru elkartek hartzen dute parte Afrikaldian modu aktiboan. Guztiek egiten dute gizarteen arteko zubi-lana, Afrikari buruzko begirada zabalduta eta bertako zinematografia arloko ekoizpenari balioa emanda.