Nerea Melgosa: «abokatutzaren eta prokuradoretzaren funtzio soziala behar adina baliabide ekonomiko ez dituztenen doako laguntza juridikoan jartzen da agerian osotasunean»

0
Bilbao 13-09-2023 Acto de inauguración de la primera edición del Máster de la Abogacía y Procura /// Abokatutza eta Prokuradoretza Masterraren lehen edizioaren inaugurazio ekitaldia © MITXI
PRUEBA

 

  • UPV/EHUren Abokatutza eta Prokuradoretza Masterra inauguratzeko ekitaldia Bilbo-Elkanoko Ekonomia eta Enpresa Fakultatean egin da
  • “Gizartearen aurrean balioetsi egin behar dira ofiziozko eta guardiako txandak, horietako baldintzak duin bihurtuz, eta eginkizun horretan urrats gehiago emango ditugu profesionalen elkargoekin”
  • Konpentsazio-moduluak % 14 eguneratuko dira.

 

Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren ustez, “abokatutzaren eta prokuradoretzaren funtzio soziala behar adina baliabide ekonomiko ez dituztenen doako laguntza juridikoan jartzen da agerian osotasunean”. Sailburuaren ustez, beharrezkoa da “gizartearen aurrean ofiziozko eta guardiako txandetan egiten den lana balioestea, horietako baldintzak duin bihurtuz, eta zeregin horretan urrats gehiago eman behar dira profesionalen elkargoekin hitz eginez. Oraingoz, konpentsazio-moduluak % 14 eguneratuko dira”.

Gaur arratsaldean Bilbo-Elkanoko Ekonomia eta Enpresa Fakultatearen egoitzako Gradu Aretoan egin den UPV/EHUren Abokatutza eta Prokuradoretza Masterraren lehenengo edizioa inauguratzeko ekitaldian, Nerea Melgosak adierazi du “lanbide horien arau deontologikoetan ezartzen” dela “bezeroaren eskubide besterenezinak asebete behar direla, gizarteak eta gizakiak berak oinarri dituzten balio nagusiak aldeztea eta sendotzea errespetatuz”.

Ekitaldian esku hartu dute Bizkaiko campuseko errektoreordeak, Zuzenbide Fakultateko dekanoak, Bizkaiko Abokatuen Elkargoko dekanoak, Bizkaiko Prokuradoreen Elkargoko dekanoak eta Abokatutza eta Prokuradoretza Masterraren zuzendariak, ikasle talde handi batekin batera.

Gaikuntza

Masterrak auzitegietako abokatutzako eta prokuradoretzako lanbideetan jarduteko gainditu behar den probarako sarbidea emango du. Biak ere araututa daude, horien funtzio sozialak beste jarduera profesional pribatu batzuk gainditzen baititu.

“Justiziarekin elkarlanean diharduten erakundeak dira. Eta hori ez da bigarren mailako rola. Justizia Administrazioa ez da agortzen epaileekin eta Fiskaltzarekin. Prozedura judizial gehienetan, abokatutzarik eta prokuradoretzarik gabe ezinezkoa litzateke benetako babes judiziala bermatzea”, adierazi du Nerea Melgosak.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren ustez, “parte hartzen duten eragile guztien laguntzaz jaso eta eusten den eraikin bat da Justizia”. Hori dela eta, prokuradoretza eta abokatutza barne hartuta daude, besteak beste, Euskadirako justiziaren plan estrategikoan, justizia digitalaren planean, egoitza judizial jasangarrien planean, justizia leheneratzailearen estrategian eta desgaitasunak dituzten pertsonen justiziarako irisgarritasun-planean”.

“Topiko bihurtu da Justiziaren moteltasunaz eta kongestioaz hitz egitea. Abokatutzak eta prokuradoretzak asko eman dezakete. Esate baterako, bitartekotzaren, negoziazioaren eta akordioaren kultura hedatzerako orduan, gatazkak alferrik judizializatzea edo luzatzea saihesteko”, nabarmendu du Nerea Melgosak.

Funtzio soziala

Melgosak Bilbon esan duenez, “abokatutzaren eta prokuradoretzaren funtzio soziala behar adina baliabide ekonomiko ez dituztenen doako laguntza juridikoan jartzen da agerian osotasunean. Gizartearen aurrean balioetsi egin behar da ofiziozko eta guardiako txandetan egiten den lan hori.  Horietako baldintzak duin bihurtu behar dira, eta eginkizun horretan urrats gehiago eman nahi ditugu profesionalen elkargoekin hitz eginez. Oraingoz, konpentsazio-moduluak % 14 eguneratuko dira”.

“Master exijentea da, etorkizuneko abokatuak eta prokuradoreak teknika juridikoan eta behar adinako estrategia prozesaletan ezagutza espezifikoak dituzten profesionalak izan daitezen, defentsa-eskubidea gauzatzeko eta aholkularitza, kontraesana eta aldeen berdintasuna bermatzeko. Masterraren enfokea nagusiki praktikoa da, eta sektoreko profesionalen eskutik egingo da, abokatuen eta prokuradoreen euskal elkargoen laguntzari esker, eta ikasleek kanpoko praktikak egingo dituzte abokatu-bulegoetan nahiz enpresa-munduan, bai eta Administrazio Publikoan ere”, aipatu du Melgosa sailburuak.

Sailburuak nabarmendu duenez, “gizartea etengabe ari da aldatzen, eta horrek eragina du Justizia Administrazioan ere. Horren adibide da Euskadin espediente judizial elektronikoa erabat ezarri izana. Beste aurrerapen teknologiko batzuek eta adimen artifiziala sartu izanak eragina dute auzitegien aurrean jarduteko moduan. Hala ere, eta zentzu sakonago batean, lanbidearen oinarrizko ezaugarriek, abokatu edo prokuradore on batean espero diren bertuteek, bere horretan jarraituko dute”.