Euskadik nazioarteko erreferente izan nahi du osasunaren ikerketan

0
  • Osakidetzako Ikerketa Sanitarioko Institutuek beren estrategia berritu dute eta marka berri bat jarri dute abian Euskadin osasun-arloko ikerketa koordinatzeko eta gidatzeko: BIO (Berrikuntza Ikerketa Osasuna)
  • Euskadik, gaur egun, 3.000 ikertzaile ditu, 900 proiektu aktibo, 132 ikerketa-talde eta ikertzaileen % 65 emakumeak dira
  • Osasun sailburu Gotzone Sagarduik gaur goizean Europa Jauregian inauguratu duen Osasunaren arloko Euskal Ikerketaren Jardunaldiak —300 pertsona baino gehiagok parte hartu dute— institutuen eraldaketa eta ikerketan egindako aurrerapenak aurkezteko esparru gisa balio du

Euskadi osasunaren arloko ikerketan nazioarteko erreferentea izan dadin, Osasun Sailak eta BIOEF Osasuneko Euskal Fundazioak, euskal ikerketa sanitarioko 4 institutu publikoen ikerketa koordinatu eta gidatzen duenak, hauen eraldaketa bultzatzea erabaki dute. Hortaz, Euskadiko osasun-ikerketaren izena, marka-irudia eta bistaratzea aldatu dira.

Hemendik aurrera, Osasun arloko Euskal Ikerketa osoa batzen jarraituko duen BIO markak irudi grafiko berria izango du, eta hiru lurralde historikoetako izenek protagonismo berria hartuko dute. Osakidetzako ikerketa-institutuen izenak aldatu egingo dira, eta, aurrerantzean, Biodonostiak Biogipuzkoa izena izango du, eta Biocrucesek, berriz, Biobizkaia; Bioarabak izen bera izaten jarraituko du.

Horietako bakoitzak bere lurralde historikoan egiten den ikerketa koordinatuko du, ikertzaile guztiak taldekatuta, orain marka berriaren pean identifikatu eta ezagutuko dena.

Gainera, Kronikgune Ikerketa Institutuak Biosistemak izena hartuko du, eta eboluzionatu egingo du Kronikotasunean ikertzetik batez ere Osasun Sistemen ikerketa egitera pasatuz. Institutuak lau emakumek zuzenduko dituzte, beren arloan liderrak eta nazioartean erreferenteak: Marian García Fidalgo (Bioaraba), Mar Mendibe (Biobizkaia), Itziar Vergara (Biogipuzkoa) eta Ane Fullaondo (Biosistemak).

Helburua: Sareko lana indartzea eta nazioarteko panorama zientifikoan pisu handiagoa izatea

Osasun Sailak, Berrikuntza Estrategia 2025en bitartez, Euskadin osasun-ikerketan etapa berri baten garapena bultzatzea erabaki du. Horren bidez, ikerketaren ikuspegi bat bultzatu nahi da, tokian tokikoa abiapuntu duena globaltasunera iristeko, lortutako lorpenak euskal herritarrengan eta gizarte osoarengan eragina izateko asmoarekin; horrela, hamarkada bat baino gehiagoz egindako bideari jarraituko zaio, institutuen beraien arteko lankidetzaren bidez, eta herrialdeko ekosistema enpresarial eta zientifiko-teknologikoarekin elkarlanean.

Gainera, ikerketa-institutuen sare-lana bultzatuko du, hauek modu koordinatuan aurrera egin dezaten eta nazioartean zientzia-esparruan garrantzi handiagoa lor dezaten. 

Euskal osasun-ikerketa zenbakitan

Gaur egun, euskal osasun-ikerketako institutuek 3.000 pertsona baino gehiago dituzte ikertzaile gisa, horietatik % 65 emakumeak. Euskadi abangoardiako ikerketan buru da Europan, 900 ikerketa-proiektu aktibo ingururekin, horietatik 52 europarrak, eta hauetatik 7 Euskaditik gidatzen eta koordinatzen dira.

Euskal osasun-ikerketak 132 ikerketa-talde ditu. Gainera, 1.738 ikerketa-ekimenetan lan egiten du, azterketa eta saiakuntza kliniko propioen baturari esker.

Kalitatezko argitalpen zientifikoaren produkzioari dagokionez, bikaintasun-mailara iritsi da 1.348 argitalpen zientifiko aipagarrirekin; horietatik % 54,2 eragin handiko aldizkarietan izan dira, Q1 kalifikazioarekin.

Enpresekin eta eragile zientifiko-teknologikoekin batera egindako proiektuei dagokienez, 136 proiektu aktibo gauzatu ditu 74 enpresarekin; horietatik 53 Medtech programari atxikitako euskal ETEak dira, eta bertan 73 proiektu egin dira produktu berriak garatzeko eta baliozkotzeko.

Produkzio-sarera transferitzeari dagokionez, euskal sistema publikoko ikerketa-emaitzen zorroak 55 garapen barne hartzen ditu, eta horietan 30 patente-arlo dituzte.

Ikerketa Sanitarioko Institutuen eta BIOEFen aurrekontu osoa 41,4 milioi eurokoa izan da 2022an, eta horietatik % 50 inguru kanpoko finantzaketari esker erakartzea lortu da.

Osasunaren Arloko Euskal Ikerketaren I. Jardunaldia

Osasun Arloko Euskal Ikerketaren jardunaldiak gure inguruko osasun-ikerketaren erakusgarri izan nahi du. Osasuneko sailburu Gotzone Sagarduik inauguratu du gaur goizean, eta 300 pertsona baino gehiago izan dira inaugurazioan. Bertan, Euskadiko ikerketako institutu publikoen izen-aldaketei, irudi korporatiboari eta bistaratzeari dagokienez izan diren berrikuntzen berri eman du. Gainera, jardunaldia osasuneko euskal ikerketaren garapen-ildo nagusien berri emateko eta gogoeta egiteko foro bihurtu da.

Europa Jauregian, Jardunaldiaren egoitzan, neurozientzietan eta osasun mentalean egindako aurrerapenak aurkeztu dira. Esparru horietan Euskadi aitzindaria da Estatuan eta nazioarteko proiektu askoren buru. Osakidetzako Lehen Mailako Arretako ikerketaren arloko ekimen nagusiak ere ezagutu dira —zahartzea eta bizi-kalitatearen hobekuntza ardatz dutenak—, baita pazientea ikerketan eta berrikuntzan txertatzea sustatzen duten programak ere, BioHackLab —pazienteek eta pazienteentzat sortutako berrikuntza sanitario irekiaren laborategia— bezalako proiektuen bidez.

Halaber, Osasun Sistemen ikerketari buruzko berrikuntzak aurkeztu dira. Ikerketa horretan, Euskadi Europako proiektu eta jarduketen buru da, hala nola eraldaketa digitala (historia kliniko bakarra, osasun-karpeta, etab.), eta horretan Osakidetza aitzindaria da nazioartean. Horrez gain, paziente kronikoen osasun-laguntzan Europan eredu diren jardunbide egokien garapena aurkeztu da, baheketa onkologikoaren laguntzan; era beran, pazientearenganako balioan oinarritutako medikuntzako eredu estrategiko berri baten buru da.