Eraldaketa digitala kultura- eta sormen-arloko sektore eta industrietan

0

Ikerketa hau egitean, urgentzia-sentsazioa nabari da eta, horrekin batera, denbora errealean oso garrantzitsua den zerbaiten sorreraren lekuko izatearena. Ez dira soilik kea saltzen duten titular interesatuak, baizik eta pisu handiko gai bat, diseinatzen eta inplementatzen ari diren gobernu-arloko estrategiak eta ekimenak ikusita. Adimen Artifizialari buruzko EBren legegintza-ekimenak aztertzen direnean soilik jabetu gaitezke gaiaren garrantzi estrategikoaz.

Hori kontrastean dago kultura- eta sormen-arloko enpresa eta erakundeen errealitatearekin, guztiak ere gutxi digitalizatuak gaur egun ere teknologia berritzaileen ezarpenaren ikuspegitik, nahiz eta, UNESCOren azkenaldiko txosten batek adierazten duenez, pandemiak areagotu egin duen aribidean zen eraldaketa digitala eta aldatu egin duen kultura- eta sormen-industrien testuinguru operatiboa (bereziki sortzeko, produzitzeko, banatzeko eta sartzeko moduak), baita haien negozio-ereduak ere. Hortaz, abiadura edo eskala bat baino gehiago uztartzean datza KSIen eraldaketa digitalaren fenomenoaren zailtasuna, ingurune digital hori ulertzeko eta harekin erlazionatzeko hainbat moduri erantzuten dietenak uztartzean, hain zuzen ere.

Azterlan hau egitean izan dugun zailtasun nagusia zera da, une disruptibo hori une honetan bertan ari dela gauzatzen. Egunero ateratzen dira garrantzizko albisteak. Eraldaketa horri lotutako alderdi bakoitzak ikerketa espezifiko baterako emango luke. Ildo horretan, gaiarekin orokorrean kontaktua hartzeko modu gisa planteatzen da azterlana eta une honetan dagoen egoeraren panoramika bat eskaini nahi du.

Planteatu den metodologiak analisi dokumental zabal bat eta 2023ko otsail eta martxo bitartean egindako elkarrizketa sakon batzuk konbinatu ditu, kultura- eta sormen-sektoreak ezagutzen dituzten teknologietako espezialistekin, bereziki bideo-jokoen eta hizkuntzaren teknologiaren sektoreetan (Ikusi I. eranskina).

Zentro teknologikoetakoak, enpresa pribatuetakoak eta prestakuntza-zentroetakoak dira elkarrizketatutako pertsonak. Nazioarteko estrategiei, teknologiei eta haien inguruko ikerketa-proiektuei buruz duten zuzeneko ezagutza, baita datuen inguruko erronkei buruzkoa ere, ezinbestekoa izan da KSIetako eraldaketa digitalaren puntu kritikoak identifikatzeko eta, oso garrantzitsua, fenomeno konplexu honen azterketan beharrezkoa den ikuspegiari eusteko.

Lau eduki-multzo handitan egituratzen da txostena:

  • Lehenik, sei ikuspuntutatik aztertzen da eraldaketaren inguruko testuinguru globala: egungo estrategiak, joera teknologikoak, datuak, jabetza intelektuala, etika eta eskubideak, eta gaitasunak.
  • Bigarren blokeak eraldaketa-fenomeno horren eta KSIen berezitasunen arteko intersekzio horiek azpimarratzen ditu. Horrela, teknologiaren eta sektore horien arteko loturak aztertzen dira, utilitateei eta inpaktuei buruzko gogoeta egiten da, eta egungo potentzial aktiboak identifikatzen dira eraldaketa-prozesu horretarako.
  • Azterketa espezifikoko bi helburu-sektoretan ardazten da hirugarren blokea, KSIen abangoardia teknologikoa direlako: alde batetik, ikus-entzunezkoak eta bideojokoak eta, bestetik, hizkuntzaren industriak beren alderdi teknologikoan.
  • Azkenik, ikerketaren ondorioak aurkezten dira.