Eusko Jaurlaritzak eta Donostiako udalak merkatari eta ostalariek euskaraz oinarrizko hiztegia ikasteko app bat jarri dute martxan

0
PRUEBA
  • Merkataritza eta ostalaritzako langileei bideratuta egon arren, nahi duen orok erabili ahalko du Erraza da app-a eta apurka-apurka beste sektore batzuetara hedatzea da helburua
  • Aplikazioan erregistratuta erabiltzaileak aukeratzen duen sektoreko hiztegiaren eduki berri bat izango du egunero

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak eta Donostiako Udalak Erraza da app-a aurkeztu dute gaur goizean. Euskaraz oinarrizko hiztegia ikasteko aplikazioa da, batez ere, merkataritza eta ostalaritzako langileei bideratua. Ekimena Donostiako Udalak jarri zuen martxan 2019an eta Eusko Jaurlaritzak bat egin du proiektuarekin eta elkarrekin garatu dute APPa. Helburua Donostian arrakastatsua izan den esperientzia Euskadi osori eta euskal merkataritzaren eremu gehiagotara zabaltzea da. Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaranek gaurko aurkezpenean adierazi duenez “Donostiako udalak landutako egitasmoak Euskadi mailako proiekzioa izatea balioetsi genuen, eta hortik dator lankidetzan garatutako aplikazioa”: Dobaranek gaineratu duenez, “euskara gizarte kohesio eta integratzaile izateko baliabide gisa ulertzen dugu. Lehen urratsak erraz emateko aukera berri bat eskura jartzea du helburutzat aplikazio honek. Gainera, gure lurraldera lanera eta bizitzera datozen herritarrei euskarara hurbiltzen laguntzeko bide erraz bat izatea ere badu xede”.

Donostiako Udalak esperientzia euskarri fisikoekin abiarazi zuen, ostalaritza-sektoreko hiztegi espezifiko bat sortuz. Eta hamabost egunean behin parte-hartzaileei galdetegi bat bidaltzen zien jarraipena egiteko, batez ere proiektuaren parte-hartze maila neurtzeko. Ekimenaren balorazioa oso positiboa izan zen. Proiektuan parte hartu zuten establezimenduen % 80 prest zeuden jarraitzeko. Orain Kultura eta Hizkuntza Politika sailarekin lankidetzan aplikazio mugikor bat garatu da Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri guztietara heltzeko helburuarekin.

Donostiako Udaleko Euskara zinegotzi Jon Insaustik Eusko Jaurlaritzarekin egindako elkarlana eskertu du. Izan ere, 2019an lehen aldiz egitasmoa martxan jarri genuenetik interes handia erakutsi du, eta horri esker, ziur gaude establezimendu gehiagotara eta langile gehiagotara iritsi ahal izango dugula, eta ondorioz, arreta euskaraz egingo duten langile gehiago egongo dira.

Horiek horrela Insaustik honakoa nabarmendu du: “2019an hiztegi txiki batetik abiatu ginen, ondoren webgunean sortu genuen jende gehiagorengana iristeko, eta orain, Eusko Jaurlaritzarekin egindako elkarlanari esker Euskadi osoan merkataritzan eta ostalaritzan lan egiten duen edonork sakelako telefonoaren bidez euskaraz arreta egiteko Erraza da APP-a sortu dugu. Aitzindariak izan gara eta orain martxan jarri genuen proiektua Euskadi osora zabalduko da; beraz, oso pozik gaude proiektuak duen bilakaerarekin”.

Horrenbestez, APP-a jaistera animatu ditu merkataritza eta ostalaritza establezimendutan lan egiten duten langile guztiak, eta proiektua martxan jartzen lagundu zuten pertsona, elkarte, establezimendu eta langileei eskerrak eman dizkie.

Aplikazioaren erabilera

Gaur egun Erraza da aplikazioak bi hiztegi jasotzen ditu, bata “orokorra” eta bestea “ostalaritza” eta eduki guztiak HABEk gainbegiratu ditu. Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaranek iragarri duenez “aurrerantzean ostalaritzako langileei ez ezik, beste sektore batzuetako langileei ere zabaltzea da asmoa.