Lehendakariak COVID-19aren biktimak oroitzeko ekitaldi instituzionalean parte hartu du oroimena bizirik mantentzeko eta etorkizunari itxaropenez begiratzeko sortutako Sempervirens parkean

0
  • Urkulluk gogora ekarri ditu Euskadin Covid-19aren ondorioz hil diren 8.800 pertsonak
  • Lehendakariak nabarmendu duenez, parke honen helburua da hainbeste familiak jasandako sufrimenduaren oroitzapena eta gure gizarteak pandemia garaian erakutsitako elkartasunaren eta konpromisoaren oroitzapena bizirik mantentzea

Iñigo Urkullu Lehendakaria COVID-19aren biktimak oroitzeko laugarren urtez Gasteizko Sempervirens parkean egin den ekitaldiaren buru izan da. Bertan, biktima guztien oroimenez landatutako sequoia gaztearen aurrean, Iñigo Urkulluk, azpimarratu du parke honek hainbeste familiak jasandako sufrimenduaren oroitzapena eta gure gizarteak pandemiaren erakutsitako elkartasunaren eta konpromisoaren oroitzapena bizirik mantentzea dituela helburu. «Ez ahazteko, oroitzeko eta etorkizunari itxaropenez begiratzeko gunea da, iraganeko esperientzia eta gehien sufritu dutenekiko elkartasuna ahaztu ez dezagun», nabarmendu du.

Mundu osoko pertsona guztiengan eragina izan zuen pandemia globalaren harira, Lehendakariak adierazi du «komunitate zientifikoak, erakundeek eta gizarteak, oro har, ahal bezain ondo erantzun genion egoerari. Oraindik orain amesgaizto luze haren ondorio sanitario, sozial, ekonomiko eta emozionalak jasaten ari gara. Dena den, bizi izandako muturreko egoera horri aurre egitea lortu dugu. Gaur oroitzapen bat partekatzen dugu eta konpromiso bat hartu. Hildako guztien mina geurekin daramagu eta eramango dugu. Ez dugu ahaztu nahi, tristura sakon hura gogoratzea biktimak gogoan izateko modua baita eta banan-banan gogoratu nahi ditugu», adierazi du.

Bere hitzaldiaren beste une batean, lehendakariak gogora ekarri du eta eskertu du, beste behin ere, sektore sanitarioko eta soziosanitarioko langileek egindako ahalegina, baita funtsezko zerbitzuetako profesionalek eta boluntarioek egindakoa ere.

Eusko Jaurlaritzako sailburuez gain, omenaldian izan dira Legebiltzarreko Presidente Bakartxo Tejeria, Arabako Ahaldun Nagusi Ramiro Gonzalez, Arabako Batzar Nagusietako Presidente Irma Basterra, Gasteizko alkate Maider Etxebarria eta gizarte zibilaren ordezkaritza bat.

Sempervirens  parkea

Sempervirens parkea 2020ko irailaren 21ean inauguratu zen Covid-19aren biktimak oroitzeko eta haiei eta beren senideei elkartasuna adierazteko. Parkean Juan Ibarrondo gasteiztarrak 1860an Gasteizera eramandako sequoia zaharra dago kokatuta. Sequoia zaharrak oroimena irudikatzen du eta 2020an landatutako sequoia gazteak aldiz, bizitza,  Covid-aren biktima guztien oroimena iraunkorra dela eta bizirik dirauela adieraziz.