Gipuzkoako diputatu nagusiak eta UPV/EHUko errektoreak legealdiko lehen lan bilera egin dute gaur

0

Eider Mendozak, Gipuzkoako diputatu nagusiak, eta Eva Ferreirak, Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak, legealdiko lehen lan bilera egin dute gaur, Mendozaren izendapenaren ostean bi erakundeen artean egindako lehen bilera instituzionalean. Foru-jauregian egindako bileran parte hartu du, baita ere, Agustin Erkizia Gipuzkoako errektoreordeak, eta bi erakundeek azken urteotan elkarlanean landu dituzten lan ildoak aztertzeko eta aurrera begirako egitasmoak partekatzeko balio izan du.

2016 geroztik, Euskal Herriko Unibertsitatea Gipuzkoako Foru Aldundiak martxan jarritako Etorkizuna Eraikiz lankidetzako gobernantzaren inguruko egitasmoko partaide garrantzitsu eta aktiboa da. Horregatik, gaurko bileran mintzagai izan dute, baita ere, Etorkizuna Eraikiz programaren ibilbidea eta gerora begirako urratsak. Mendozak eta Ferreirak bi erakundeen arteko lankidetzan sakontzen jarraitzeko konpromisoa hartu dute, “ezagutza aurreratua” oinarri hartuta, gipuzkoar gizarteak dituen egungo eta etorkizuneko erronkei “irtenbide partekatuak, eraginkorrak eta berritzaileak” aurkitu ahal izateko.