- Eraikin berriak 4.218 metro koadroko azalera eraikia izango du; irakaskuntzarako gela eta tailerrak, zuzendaritza eta administrazioa hartuko ditu
Hezkuntza Sailak 9.657.834,42 euroko aurrekontu-partida onartu du irakaskuntzarako eraikin berri bat eraikitzeko, hain zuzen ere Bilboko San Inazio auzoko Elorrieta Erreka Mari Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratua handitzeko eraikin berria jasotzeko. Zenbateko hori Gobernu Kontseiluaren azken bilkuran baimendu da, astearte honetan, irailaren 26an.
Eraikin berria gaur egun Lanbide Heziketako ikastetxe publikoa osatzen duten gainerako eraikinek okupatzen duten hezkuntza-esparruaren barruan kokatuko da, lorategi artean, zehazki gimnasioa eta etxebizitzak hartzen zituen eraikin zaharra zegoen orubean (2017an eraitsi zen eraikin hura).
Azpiegitura berriak 4.218 metro koadroko azalera eraikia izango du. Beheko solairua eta goiko hiru solairu izango ditu, eta hezkuntza-esparruaren hego-mendebaldeko erpinean kokatuko da. Horrela, fatxada nagusiak ipar-mendebaldera (Ignacio Ellacuria kalerantz) eta hego-mendebaldera (eraikin berrira sartzeko fatxada, eskola-partzelaren barrutik) begira egongo dira.
Eraikin trinkoaren itxura hartuko du azpiegitura berriak, eta bi bolumen bereizitan antolatuko da. Bolumen horietako bakoitzak lerrokadura desberdina izango du, eta fatxadetan kolore desberdinekin desberdinduko dira. Horrela, kolore neutroagoa (zuria) aukeratu da partzelaren barrualdera orientatuko den bolumenerako. Kanpora begira dagoen bolumenerako (Deustuko itsasadarraren aurreko ertza hartuko duena) kolore biziagoa (gorria) aukeratu da. Izkina hori nabarmentzea lortuko da horrela, eta eraikina erreferentzia bisuala izatea bere ingurune hurbilean.
Hiru solairuko eraikina
Barruko espazioen banaketari eta erabilerari dagokienez, beheko solairua ikastetxeko zerbitzu orokorretara bideratuko da. Bertan kokatuko dira administrazioa, zuzendaritza eta atezaintza. Solairu horretan, aipaturikoez horiez gain, bisita eta bilera-gelak, irakasleen gela, ikasketa-gela bat eta erabilera anitzeko beste gela bat ere egongo dira. Aurrealdeko fatxadan, eraikinerako sarreran, 250 metro koadroko aterpe zabal bat izango du.
Goiko hiru solairuak irakaskuntzarako izango dira, eta bertan, besteak beste, 12 gela balioaniztun eta sei bikoizte-gela egongo dira, baita Elorrieta Erreka Mari LHIIk eskaintzen dituen heziketa-zikloek berezko dituzten hogei bat ikasgela-tailer ere.
Eraikuntza-ezaugarrien artean, eraikin berri honetan azpimarratzekoa da fatxada aireztatua, kanpotik hormigoi fenolikoz egina eta gogortasun eta erresistentzia handiko panelak dituena, hiru koloretan nagusiki (gorria, zuria eta grisa). Isolamendu termikoa izango du inguratzaile guztietan. Kanpoko arotzeria aluminio lakatuzkoa izango da, zubi termikoa hautsita, eta horrek ere nabarmen lagunduko du isolamendu termiko eta akustikoa hobetzen. Azkenik, azpimarratzekoa da eraikinak aireztapen mekanikoko sistema bat izango duela, barruko espazio guztiak aireztatzeaz arduratuko dena.
Proiektuak 18 hilabeteko exekuzio epea izango du, lanak hasten direnetik kontatzen hasita. Gobernu Kontseiluan inbertsioa onartu ondoren, Hezkuntza Sailak obra hori esleitzeko lizitazio-prozesuari ekingo dio, lanak 2024 urtearen amaieran has daitezkeela aurreikusita.