Talenturik gabe industriak ezin du aurrera egin. Ezinbestekoa da erakundeetan: erakartzea, atxikitzea, zaintzea eta formatzea, enpresen lehiakortasuna bermatzeko. Talentuaren inguruko guztia oso funtsezkoa izango da eta Basque Open Industryko gai nagusietako bat izango da. Azaroaren 13tik 14ra egingo da Bilbao Exhibition Centeren (BEC).
Ekitaldi horrek Euskadiko ekosistema industrial eta teknologikoa erakutsiko du ETE-en Europako Astean (SME Week 2023). Eta testuinguru horren baitan, SPRI Taldeak talentuari buruzko hiru ikuspegi bildu ditu astelehenean, hilaren 13an, 09:00etatik 12:00etara egingo diren hiru mahai-ingurutan.
Hala, alde batetik, industriari lotutako bokazio profesionalak sustatzeko beharrari buruz hitz egingo dute. Bestalde, nazioarteko eremuetan jarduera profesionala gauzatzeko gaitasunean jarriko dute arreta. Eta, halaber, egun herrialdeen artean dagoen lehiakortasuna kontuan izanda, talentua erakartzeko politika publiko-pribatuak hedatzeko beharrari buruz hitz egingo dute.
Gai hori jorratzeko Basque Open Industryn izango diren pertsonen artean Daniel Mikolta Ingeteameko pertsonen zuzendaria da nabarmentzekoa; bere esperientzian oinarritutako hitzaldia emango du eta telelana bezalako gaiak jorratuko ditu, besteak beste. Izatez, euskal konpainiak lanpostu bakoitzak ‘online’ lan egiteko duen ehunekoa zehazten duen baremoa diseinatu du eta ‘konfiantzagatiko kudeaketa’ abian jarri du. Hau da, derrigorrez bat egin beharreko ordu batzuk daude eta gainerako orduak langile bakoitzari komeni zaionean bete daitezke. Gainera, kasu honetan, beste enpresen adibide batzuk ezagutzeko aukera ere egongo da, besteak beste VIVE Biotech bioteknologikoarena eta Arteche energia-enpresarena.
Goizeko lehen saioa azaroaren 13an bertan egingo da, eta José María Peiró Valentziako Unibertsitateko irakasle emerituak zabalduko du. 65 liburu baino gehiago argitaratu ditu eta gazteen lan-munduratzean aditua da. Industriaren pixkanakako eraldaketa azalduko du eta baita jarduerak desagertzearen eta sektore berriak sortzearen ondorioz enplegu berriak nola sortuko diren ere.
Konferentziaren ondoren, Leyre Madariaga Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren Eraldaketa Digitaleko eta Ekintzailetzako zuzendariak; Jorge Arévalo Lanbide Heziketako sailburuordeak; eta Eduardo Aretxaga Confebaskeko zuzendari nagusiak mahai-inguru bat egingo dute. Juan Ganboa Orkestrako ikertzaileak moderatuko du mahai-inguru hori.
Basque Open Industryk tarte bat eskainiko dio nazioarteko testuinguruak ibilbide profesionaletan duen eragina aztertzeari, eta gehien eskatzen diren profilak eta gaitasunak jakinaraziko ditu. Kasu honetan, Tinus Van de Pas-ek emango du bere esperientziaren berri. Herbehereetako Brainport eskualdetik etorriko da, ‘Europako Silicon Valee’ gisa ezagutzen den eremutik, eta Europa osoan profesionalak bilatzen eta atxikitzen jarduten du. Gainera, BEINT eta Global Training beketan parte hartu duten pertsonen esperientziak entzuteko aukera izango da.
BIND 4.0: arrakasta-kasuak
Astelehenean, azaroaren 13an, arratsaldez, BIND 4.0 programaren arrakasta-kasu batzuk hurbiletik ezagutzeko aukera egongo da. Programa horrek ia 200 startup suspertu ditu, hainbat tamaina eta industria-sektoretako Euskadiko beste enpresa batzuekin izandako loturari esker.
II40 Services startuparen eta Mercedes Benzen edo Madit Metal eta Vidralaren edo Inalia eta GH Cranesen arteko lankidetza-adibideek SPRI taldeak sustatutako programa honen gakoak emango dituzte. Programa horrek irtenbide berritzaileak lortzeko aukera ematen du eta, kasu honetan, beste enpresa batzuen etorkizuneko proiektuak inspiratzea du xede.
Enpresa handiez gain, ETE-ek ere hartu dute parte SME Conection BIND 4.0ren barruan. Mahi-inguru batean parte hartu duten enpresen (FHIMASA, Daisalux eta Metrología Sariki) hainbat kasu aurkeztuko dituzte, eta beren esperientziak, gomendioak eta aholkuak partekatuko dituzte startupak enpresa txiki eta ertainen berrikuntza-proiektuetan sartzeko.
Jardunaldia amaitzeko, berrikuntza irekiari buruzko ponentziaren ondoren, ‘networking party BIND’erako astia izango da.
Basque Open Industry
Basque Open Industryren programazioaren barruan konferentziak, mahai-inguruak eta tailer praktikoak izango dira, eta elkarren artean lotura duten hiru bloketan egituratuko da. Talentua da horietako bat. Bestea industria adimendunerako joerei buruzkoa da, eta, azkena, trantsizio energetiko-ingurumenekoei eta teknologiko-digitalari buruzkoa. Halaber, aukera ona izango da Euskadiko ETE-entzat hainbat sektorerekin eta berrikuntzarekin, nazioartekotzearekin eta ekintzailetzarekin lotutako eragileekin interakzioa izateko.