Arantxa Urretabizkaia, Patxi Zubizarreta eta Joseba Larratxe dira aurtengo lehenengo hiru Euskadi Literatura sarien irabazleak

0
PRUEBA
  • Euskarazko Literatura , Euskarazko Haur eta Gazte Literatura eta Literatur Lanaren ilustrazioa modalitateetako irabazleak izan dira, hurrenez hurren
  • Azken Etxea, Zerria eta Ni ez naiz Mikel Laboa lanekin irabazi dute saria

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak gaur goizean eman ditu ezagutzera Euskadi Literatura sarietako aurtengo lehen hiru irabazleen izenak. Donostiako San Telmo Museoan egin den ekitaldian jakinarazi ditu sailburuak Euskarazko Literatura, Euskarazko Haur eta Gazte Literatura eta Literatur Lanaren ilustrazioa modalitateetako 2023ko irabazleak:

  • Euskarazko Literatura: Arantxa Urretabizkaia Bejarano, Azken Etxea (Pamiela).
  • Euskarazko Haur eta Gazte Literatura: Patxi Zubizarreta Dorronsoro, Zerria (Erein).
  • Literatur Lanaren Ilustrazioa: Joseba Larratxe Berazadi, Ni ez naiz Mikel Laboa (Elkar).

Euskarazko Literaturako sariko epaimahaiak adierazi duenez Arantxa Urretabizkaiaren obrak “eskaintzen dituen ezaugarri formal eta hautu estetiko bereziak” azpimarratu ditu, baita “ikuspegi zein planteamendu narratiboan harturiko arriskuak ere”. Epaimahaiko kideek azpimarratu dutene Urretabizkaiak “konta teknikak bihurritu eta askotariko ahots eta ikuspegien erabilera” modu trebean tartekatzen ditu eta irakurlea “interpelatuta” sentiarazten du eleberriko orrialde askotan. Josu Jimenezek, Idoia Carramiñanak, Ane Zapaterok, Ane Labakak eta Mikel Aierbek osatu dute Euskarazko Literatura sariko epaimahaia.

Bestalde, Leire Bilbaok, Larraitz Idarretak, Karla Fernandez de GAnboak, Xabier Etxanizek eta Ruben Ruizek osotutako epaimahaiak erabaki du Euskarazko Haur eta Gazte Literaturako aurtengo Euskadi Literatura saria Patxi Zubizarretarentzat dela. Epaimahaiko kideen iritziz Zubizarretaren Zerria lana “gazteei zuzenduriko eleberri laburra dugu, errazkeriatik eta gazte literaturaren topiko tipikoetatik aldentzen den literaturazko lan landua”. Epaiak dioenez Zubizarretaren lana  “ez da bakarrik obra gomendagarri bat, baita literaturaz gozatzeko, pertsona moduan hazten joateko eta literatura zer den eta nola egiten den jakiteko adibide guztiz egokia ere”.

Joseba Larratxeren Ni ez naiz Mikel Laboa lanaren inguruan epaimahaiak uste du oso ondo landutako eta ebatzitako lana dela eta hori erabilitako sekuentziazioan islatzen dela. Maite Mutuberriak, Maria Carmen Fernandezek, Jose Carlos Torrek, Miren Asiaienk eta Jose Antonio Morleseinek osotutako epaimahaiak honako hau gaineratu du Larratxeren lanaz: “proposamen fresko eta oroigarria, erreferentzia eta sinbolismo kulturalen asko jasotzen dituen obra konplexua da, baina irakurketa arina du. Mikel Laboaren musikaren erritmoa eta ikusizko interpretazioa nabarmentzen dira, baita ikuspegi desberdinen presentzia ere, hainbat irakurketa geruzarekin”.

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak azpimarratu duenez, sari hauen helburua “irakurleen eta gizartearen arreta egileen lanetan jartzea da”. Sailburuak irabazleei adierazi dienez “zuen  lanari bultzada bat ere eman nahi diogu. Herritarren zuen sormen lana eta zuen obra ezagutzea nahi dugu eta obra hauen sustapenean lagundu nahi dugu”. Sailburuak gaineratu duenez “egile hauek gure eskuetan istorio zoragarriak utzi dizkigute. Irakur ditzagun, gomendatu ditzagun, pasa ditzagun eskuz esku… bultzatu daigun irakurtzeko grina”.

Sariak

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak zazpi Euskadi Literatura sari banatzen ditu.  Falta diren laurak, Literatura Gaztelaniaz, Euskarazko Literatura Itzulpena, Saiakera Euskaraz eta Saiakera Gaztelaniaz, datorren astean iragarriko dira. Saridun bakoitzak 18.000 euroko saria izango du, eta beste 4.000 euro eskura ditzake bere lana beste hizkuntza batean argiratzen bada. Euskarazko Literatura Itzulpenaren irabazleak 18.000 euro jasoko ditu.

Aurtengo Euskadi Literatura Sariak banatzeko ekitaldia azaroaren 15ean Getxoko Muxikebarri Zentroan egingo da.

Iragarritako sarien inguruko informazio gehiago hemen.