Eusko Jaurlaritzak GAZ aktibatu du, gazteekin emantzipazio-prozesuetan elkarlanean jarduteko laguntza-zerbitzua 

0
  • Prestakuntzari, enpleguari, etxebizitzari, laguntzei edo mugikortasunari buruzko informazioa emango du eta emantzipazio-prozesuan lagundu 
  • GAZi dagokionez, gazteak erabakiko du zer informazio-mota edo zer prestazio behar duen eta zer kanalen bidez, online edo aurrez aurre 
  • WhatsApp (646 109 126) bidez, posta elektronikoaren bidez (gaz@euskadi.eus) edo gaz.eus komunitate birtualera sartuz jarri ahalko dira harremanetan 
  • 50.000 biztanle baino gehiagoko udalerrietan, bulego-sare bat sortzen ari da gazteei aurrez aurre arreta emateko

2023-10-13.- Eusko Jaurlaritzak jarri du abian, dagoeneko, GAZ Emantzipaziorako zerbitzu berria, gazteentzat autonomia-ibilbideak eta emantzipazio-kultura berri bat sustatzeko aholkularitzako eta laguntza pertsonalizatuko zerbitzua.

GAZ abian jartzean gazteen emantzipaziorako bide emateko 2030erako Euskal Estrategiaren bederatzigarren Trakzio Proiektua gauzatzen da, eta Gazte Legean sortutako Gazte Emantzipaziorako Euskal Sarea garatzen da.

GAZ zerbitzu berriaren bereizgarria gazte bakoitzaren bizitzako proiektuari lotutako orientazio pertsonalizatua da. Hala, gazteak erabakitzen du zer prestazio-mota behar duen, zenbat denboraz eta zer komunikazio-kanalen bidez, online edo aurrez aurre.

GAZera 18 eta 30 urte bitartean dituzten eta emantzipatzeko asmoa duten pertsona guztiek jo dezakete, bai eta emantzipazio-prozesua hasi baina eten behar izan dutenek ere, prozesua bera finkatzeko. Era berean, mugikortasun-proiektu bat hasi nahi dutenek edo garatzen ari direnek.

GAZen bidez, honako alderdi hauei buruzko informazio eguneratua eskuratuko dute: enplegurako, graduondokoetarako eta ikerketarako prestakuntza, enplegua bilatzeko tresnak, ekintzailetza sustatzeko laguntzak, alokairuko parke publikoko etxebizitza bat nola eskatu edo alokairuko etxebizitza pribatu bat ordaintzeko laguntza bat edo inklusio-eremuan dauden laguntzak nola eskatu.

Gazteria anitzaren beharrei erantzuteko asmoz, GAZ harremanetan izango da, era berean, emantzipazioan espezializatuta dauden eta kalteberatasun-egoeran dauden gazteekin, hala nola familia-laguntzako sarerik gabe daudenekin edo desgaitasun edo gaixotasun mentalen bat duten gazteekin, ekintza positiboren bat garatzen duten beste zerbitzu batzuekin.  Online arreta 

GAZ Emantzipaziorako zerbitzuak web-orri bat du eta, hartan, prestakuntzari, enpleguari, etxebizitzari, laguntzei edo mugikortasunari buruzko informazioa ematen du: www.euskadi.eus/gaz.

Gainera, arreta pertsonalizatua eskaintzen du emantzipatzeko interesa duten gazteei laguntzeko. Horretarako, zenbait komunikazio-kanal daude: 646 109 126 telefono-zenbakia –WhatsApp bat bidal daiteke– edo gaz@euskadi.eus helbide elektronikoa.

Era berean, komunitate birtual bat ere sortu da, gaz.eus, bizitza-proiektu berri bati ekingo dioten pertsona guztiak elkarrekin konektatzeko.Espazio horretan, esperientziak parteka ditzakete beste gazte batzuekin, eta, gainera, GAZen informazioa eta aholkularitza jasotzeko beste kanal bat ere izan daiteke.

Aurrez aurreko arreta  

Emantzipazio-sarearen esparruan, Eusko Jaurlaritza, 50.000 biztanle baino gehiagoko udalekin elkarlanean, bulego-sare bat sortzen ari da, haietan laguntza aurrez aurre eman ahal izateko.

2023ko martxoan, Bilbon lehen bulegoa zabaldu zen; hartan, pertsonal espezializatuak aurrez aurre ematen dizkie informazioa, orientabidea eta laguntza gazteei haien emantzipazio-proiektuetan. Bulegoa La Perrera eraikinean dago, Sabino Aranako 50. zenbakian, Basurtun, eta aurrez aurreko arreta eskaintzen du, astelehenetik larunbatera bitartean.

Une honetan, kudeaketak egiten ari dira 50.000 biztanle baino gehiagoko beste udalerri batzuekin, bulego-sare hori eta aurrez aurreko arreta zabaltzen jarraitzeko.

Komunikazio-kanpaina 

Gazteak zerbitzu berrira hurbiltzeko, “Hegan egiten lagunduko dizugu. Zure emantzipaziorako erantzun guztiak” kanpaina jarri da abian, baliabide digitalen eta sare sozialen bidez; azaroaren 9ra arte egongo da aktibo.