Prebentzioaren eta Zahartze Osasungarriaren Indizea

0

International Longebity Centre (ILC) izeneko zentroak indize sintetiko bat aurkeztu du, 121 herrialde sailkatzen dituela, zahartze osasungarriarekin eta prebentzioarekin zerikusia duten adierazleen arabera, gizarte-, osasun- eta aberastasun-neurriak biltzeko eta, bide batez, hainbat herrialdeetan egindako ekintzak erkatzeko; hau da, zahartze osasungarriaren inguruan egindako ekintzak eta osasun txarraren eta gaixotasunaren aurrean egindako prebentzio-politiketako inbertsioak.

Aintzat hartuta inoiz ez dela berandu osasun txarraren eta gaixotasunaren prebentzioan inbertitzeko, ILCk ekimen hau sustatu du hainbat herrialdetan, batez ere, G20a osatzen duten haietan (munduko BPGren %  85 inguru osatzen duten 19 herrialde, eta munduko merkataritzaren % 75 baino gehiago eta biztanleriaren bi heren inguru biltzen dutenak ?Alemania, Saudi Arabia, Argentina, Australia, Brasil, Kanada, Txina, Estatu Batuak, Frantzia, India, Indonesia, Italia, Japonia, Erresuma Batua, Koreako Errepublika, Mexiko,  Errusia, Hegoafrika, Turkia?, Europar Batasunarekin batera), zahartze osasungarrian eta gaixotasunen prebentzioan inbertitzeko beharraz sentsibilizatzeko.

ILCk  2025erako dauzkan aurreikuspenen arabera, 50 urte edo gehiago dauzkatenen proportzioa %11 igoko da; ondorioz,  G20ko herrialdeetako biztanleriaren % 40k 50 urte baino gehiago edukiko du orduan. Haien datuen arabera, 50 urte edo gehiagoko G20ko herritarrek, 2019an dagoeneko, prebenitu zitekeen gaixotasunak eragindako desgaitasuneko 118 miloi bizitza-urte batzen zituzten denen artean. Bestalde, desgaitasun egoerako bizitza-urte kopuruaren kostua 1,02 bilioi dolarretakoa da, 50 eta 64 urte bitarteko pertsonen urteko produktibitate-galeragatik.

Kanadako kasurako azterturiko datuek ?osasuneko aurrekontu osoaren % 6 gastatuta prebentzio-politiketan? agerian uzten dute zer emaitza eman duten gaixotasunen prebentziorako inbertsioek:

  • Heriotza saihesgarriaren tasa murrizten ari da etengabe: 100.000 biztanleko 150 izatetik 2000an, 116 izatera igaro da 2017an.
  • Bizi-itxaropena 79tik 82,1era igo da.
  • OCDEko herrialdeetatik 5 urterako biziraupen tasa handienetakoa dauka, biriketako eta bularreko minbizidun pertsonen artean.

Ondorioz, ILCk dio osasun prebentiboko gastua % 0,1 puntu areagotzea, pertsonen osasunaren onerako izateaz gain, gainerako ekonomien onerako ere badela, 60 urte edo gehiagoko pertsonek urtero egiten duten gastu gehigarriaren % 9 desblokeatu dezakeelako, eta, azken finean, pertsonek denbora luzeagoan lan egin dezaketelako eta zaintza- eta boluntario-lanetan luzeagoan aritu daitezkeelako.

ILCk egindako Prebentzioaren eta Zahartze Osasungarriaren indizea 6 adierazle neurtzen dituen ekimena da:

  • Bizi-itxaropena: jaiotzean pertsona batek bizitzea espero dezakeen urte kopurua.
  • Osasun oneko bizi-itxaropena: pertsona batek osasun onean bizitzea espero dezakeen urte kopurua.
  • Lan-bizitza: lan-jarduneko urte kopurua. Laneko adinaren mugatzat hartzen da indizearen kalkulurako parte hartu duten121 herrialdeetako jubilazio-adinaren batez besteko efektiboa.
  • Diru-sarrerak (biztanleko BPGtan adierazita): herrialde bakoitzeko une jakin bateko ongizate ekonomikoaren eta bizitza-mailaren neurria.
  • Ingurune-baldintzak: Yale-eko Unibertsitatearen Ingurumen-jardunaren Indizearen bidez (Enviromental Perfomance Index) kalkulatzen da, herrialdeak sailkatzeko ingurumeneko 11 alderdiren eta 3 gai nagusiren arabera (klima-aldaketaren kudeaketa, ingurumen-osasuna eta ekosistemaren bizitasuna).
  • Zoriontasuna: Gallup enpresak egindako Zoriontasunaren Munduko Inkestatik ateratako datuekin eta inkestatuek bizitzarekiko asebetetze mailari 0tik 10erako eskalan eman dioten kalifikazioarekin adierazia.

Hala, indizeak gizarte-, osasun- eta aberastasun-metrikak biltzen ditu, hainbat herrialdetako bizitza-luzarotasun iraunkorraren datu osoa eta parekagarria eskaintzeko, eta ea haietan pertsona luzaroago ondo bizitzeko eskuhartzerik egiten ari diren jakiteko. Gainera, adierazleak konbinatzeak, herrialdeak konparatzeko aukera eskaintzeaz gain, aukera ematen du funtsezko ekintza-arloak identifikatzeko, herrialde eta jardunbide egokien arabera.

Horregatik, zahartze osasungarriaren aldeko apustu egiteak ez dakar berarekin pertsonen bizitza-urteak areagotzea, baizik eta pertsonak osasun onarekin bizitzen diren urteak areagotzea, bai eta pertsonek dituzten beharrak asetzeko lan eginez diru-sarrera izateko aukerak areagotzea ere; eta bizitza duin eta osasungarriaz gozatzeko moduko ingurunean bizitzeko aukera, eta balioesten dituzten gauzak egiteko eta bete-betean gozatzeko aukera.

Prebentzioaren eta Zahartze Osasungarriaren Indizearen kalkulua eta emaitzak

Gaur egungo emaitzek erakusten dute bizitza luzeagoa dela bizitza osasuntsua baino, eta aldi berean azken hori luzeagoa, lan-bizitza baino. Hala, bizitzaren iraupena eta bizitza osasuntsuaren iraupena erabat elkarloturik daude, eta lan-bizitzaren iraupena hestuago lotuta dago bizitza osasuntsuaren iraupenarekin, bizitzaren beraren iraupenarekin baino. Indizea kalkulatzean asko aldatzen dira bizitzaren iraupenaren emaitzak; bizitza osasuntsuaren eta lan-bizitzaren iraupena adierazten duten emaitzak baino gehiago. Hala eta guztiz ere, kalkulu horretan adierazle bakoitza ez da haztatzen daukan garrantziaren arabera, izan ere, adierazle guztiak (zoriontasuna, diru-sarrerak, etab.) – pisu bera jasotzen dute osasunari eta ongizate osoari egiten dioten ekarpenean.

Emaitzen arabera, herrialde hauek daude Prebentzioaren eta Zahartze Osasungarriaren indizean lekurik onenean: Suitza, Islandia, Norvegia, Suedia eta Singapur. G20ko 19 herrialdeetatik (Europar Batasuna kenduta) 13 daude lehen 50en artean, Australia buru dela seigarren lekuan.

Herrialde eskandinaviarrek osatzen dute indizean emaitzarik onenak eman dituzten herrialdeen blokea; Afrikako Batasunak, aldiz, emaitzarik okerrenak eman ditu. Horren azterketak agerian uzten du EBren puntuazio bereziki baxua, bertako herritarren lan-bizitzaren iraupenari dagokionez. Izan ere, ondoen sailkatutako herrialdeetako lan-bizitzaren iraupena, batez beste, 31,5 urtekoa da. Herrialde horiek, oro har, ongizate- eta pentsio-sistema sendoagoak dituzte, maila txikiagoko herrialdeek baino. Beraz, metrikari dagokionez, lan-bizitzaren iraupena pertsona batek 15 urtetik 65era bitartean lan egiten dituen urteen batez besteko kopuruaren adierazlea da. Hala ere, ez da lanaren kalitatearen adierazle, ez-ohiko jubilazio-adinetik harago lan-bizitza luzatzearen adierazle, edota haur langileak egotearen adierazle.

Izan ere, faktore askok eragiten dute lanaren iraupenean, besteak beste: osasunak; lan-merkatuko baldintzek eta herrialde bateko garapen ekonomikoko etapak; heziketa-mailak eta lan-merkatuan emakumeek daukaten ordezkaritzak. Beraz, adierazle ona da osasun txarreko biztanledun herrialdeak eta bizi-itxaropen motzekoak identifikatzeko. Indizearen datuek erakusten dutenez, benetan ebidentzia esanguratsua litzateke osasunaren eta aberastasunaren metriken arteko loturarena, baina ez hainbestekoa osasunaren eta aberastasunaren arteko loturarena, edota inguruneko baldintzen eta zoriontasunaren artekoarena.

Indizearen erabilgarritasuna

Indizea osatzen duten adierazleek erakusten dute zein neurritan inbertitzen duten hainbat herrialdek osasun txarrari aurre egiten eta zahartze osasungarriaren alde egiten. Hori dela eta, beste faktore batzuekin konparatuz gero (osasuneko gastua, arreta medikoa eskuratzea, immunizazioa onartzea, beste politika partikular batzuk), indize hori lanabes erabilgarri bihurtzeko aukera ematen du, gaixotasunen prebentzioko eta zahartze osasungarria sustatzeko gaietan emaitza hobeak nola lortu diren ulertzeko. Indize hori, beraz, bide-orritzat hartu daiteke nazio mailako lehentasunak ezartzeko eta garaturiko ekimenen arrakasta neurtzeko.

International Longevity Centre (ILC Bizitza-luzerarako Nazioarteko Zentroa) ideia-laborategi bat da, bizitza-luzerari buruzko ikerketa-zentroen sare batean integratuta dagoena. Erreferentea da bizitza-luzeraren eta zahartzearen eraginaren azterketan, eta bertako adituek konponbideak aztertzen dituzte, fenomeno demografiko horiek planteatzen dituzten erronkei erantzuteko.

Honetaz gehiago jakin nahi izanez gero, International Longevity Centre (2023) zentroak argitaraturiko “Prebentzioaren eta Zahartze Osasungarriaren Indizearen aurkezpena” (Introducing the Healthy Ageing and Prevention Index) (2023) izeneko azterlanaren edukira jo dezakezu.