- Gaur hasi dira idazkari, kontuhartzaile eta diruzain lanpostuetarako probak: 55 lanpostu deitu dira hiru kategoriatan eta guztira 600 pertsona baino gehiago aurkeztu dira
- Garamendi Sailburua: «Toki-administrazioko funtzionarioentzat gordetako lanpostuak egonkortzeko prozesuak egiteko eskumena defendatzen dugu»
Toki-administrazioetan gaikuntza nazionala duten funtzionarioentzat gordetako lanpostuak egonkortzeko bi azterketetako lehena gaur egin da Gasteizen.
Guztira, 607 pertsona aurkeztu dira idazkaritza-kontuhartzailetza, kontu-hartzailetza-diruzaintza eta idazkaritza kategorietarako aukeran dauden 55 plazetako bat lortu ahal izateko. Lehen aldiz, Euskadik Estatuaren lekua hartzen du Estatuak zalantzan jarritako eskumenaz baliatuz plaza horiek hornitzean, eta euskal autogobernua euskal herritarren beharrei erantzuteko tresna gisa erabiltzean.
Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak antolatuta, proba Gasteizko Europa Jauregian egingo da, 10:00etan eta 16:00etan. Prozesuak lehiaketa-oposizio bidez deitzen dira, bai eta merezimendu-lehiaketa bidez ere. Gaurko azterketak lehiaketa-oposizio bidez betetzeko gordetako plazak betetzeko hautagai diren 225 izangaientzat dira; gainerakoak, berriz, merezimendu-lehiaketa bidez aukeratzen dutenentzat.
Plaza guztietatik, 18 kontuhartzailetza-diruzaintzako kategorian daude, 9 idazkaritzako kategorian, eta 28 idazkaritza-kontuhartzailetzako kategorian. Lurralde historikoen arabera, plaza gehienak Gipuzkoako udalerrietan (38) daude hutsik, ondoren Bizkaikoetan (12) eta azkenik Arabakoetan (4).
Eusko Jaurlaritzak kontuan hartu ditu toki-erakunde eskudunek eskaintzan sartu diren bitarteko funtzionarioek etengabe betetzen dituzten lanpostu hutsei esleitutako euskara eskakizunak eta derrigortasun datak.
Eusko Jaurlaritzak aurrera jarraitzen du hautaketa prozesuarekin, eta euskal erakundeen eskumena defendatzen du, lan eskaintza hautatu, onartu eta funtzionarioak izendatzeari dagokionez. Jaurlaritzaren ustez prozesua euskal autogobernuan babestuta dago, baita Eusko Jaurlaritzari esleitutako eskumen eremuan ere. «Gaikuntza nazionala duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordetako lanpostuak egonkortzeko prozesuak gauzatzeko ardura Eusko Jaurlaritzari dagokio, eta hori da egiten ari garena», adierazi du Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernuko Sailburuak Europa Jauregian egindako adierazpenetan. Garamendi bertan izan da hautaketa prozesua babesteko.
Sailburuak gogorarazi du Euskal Autonomia Erkidegoko langileen deialdi horiek erantzun egiten diotela toki entitateek plaza horiek hizkuntza eskakizun egokiarekin betetzeko egiten duten eskaerari, beti ere herritarrei benetako zerbitzu elebiduna bermatzeko. «Deialdia langile publikoak finkatzeko hautaketa prozesuak erakunde maila guztietan aurrera doazela erakusten duen beste froga bat da», azpimarratu du Garamendik.
Azkenik, Administrazioko bitartekotasunarekin amaitzeko konpromisoa betetzen ari dela nabarmendu du Sailburuak. «Gure eskumen eremuaren barruan ari gara, ez gehiago ez gutxiago. Kasu honetan, toki entitateetan hutsik dauden plazetan jardunez «, gaineratu du.