Euskadik hogeigarrenez parte hartu du Eskualde eta Hirien Europako Astean

0
PRUEBA

Europar Batasuneko erakundeak buru dituen Eskualde eta Hirien Europako Astea (EWRC) eskualde-politikari eta eskualdeek Europako eta nazioarteko agendan duten rolari eskainitako urteko foro nagusia da. Lau eguneko urteko foro horretan, hiriek eta eskualdeek hazkundea, lehiakortasuna eta enplegua sortzeko duten gaitasuna azaltzen eta defendatzen dute, baita Europar Batasunaren kohesio-politika aplikatzeko gaitasuna, eta tokiko eta eskualdeko mailak Europako gobernantza onerako duen garrantzia ere.

Euskadiren EBko Ordezkaritzak koordinatuta, eta euskal parte-hartzearen 20. urte jarraitua izanik, EWRC2023 finkatu egin da EBko urteko hitzordu gisa, EAEko agintari publikoek eta eragile sozioekonomikoek eragina eta ahotsa izan ditzaten europar agendan, Europako desafio eta erronka global nagusien aurrean.

2003an lehenengo aldiz egin zenetik, ekitaldia handituz joan da, eta komunikaziorako eta sareak sortzeko plataforma paregabe bihurtu da. Bertan, Europa osoko eskualdeak eta hiriak biltzen dira, bakoitzaren ordezkari politiko, funtzionario, aditu eta akademikoen bitartez. Eskualde eta Hirien Europako Asteak lan handia egin du eskualdeek eta hiriek EBko funtsak erabil ditzaten sustatzeko, herritarren eguneroko bizitza hobetzeko xedez.

10.000 pertsonak baino gehiagok parte hartu zuten eskualdeen eta tokiko garapenarekin lotutako hitzaldien eta erakusketen programa zabal batean —Europa osoko eta Europa kanpotik etorritako 1.000 hizlari baino gehiagorekin batera—.

Eusko Jaurlaritzako ordezkariek eta eragile sozioekonomikoek Europako bazkideekin batera egindako mintegi eta topaketetan parte hartu dute. Esku-hartze horietan eztabaidatu eta jardunbide egokiak aurkeztu ziren, 2030 Agendak ezartzen dituen erronketan eskualdeek duten rolari dagokionez, bai eta eskualdeen arteko lankidetzari, trantsizio hirukoitzaren erronkei,  eskualdeko berrikuntza-ekosistemako kultura- eta sormen-industriei dagokienez ere, eta energia berriztagarrien arloa.

 

EWRCko 20. euskal parte-hartzea

EBko Euskadiren ordezkari Marta Marín gonbidatu zuten Regions4 sarearen (Eusko Jaurlaritza buru duen eskualdeko agintarien sare globala) izenean parte har zezan erronka globalei buruzko mintegi batean. Mintegian Europako beste sare eta erakunde batzuetako ordezkariek ere parte hartu zuten. Eusko Jaurlaritzaren Bruselako ordezkariak Eusko Jaurlaritzak GJHen eta 2030 Agendaren esparruan bultzatutako ekintzak eta ekimenak aurkeztu zituen, eta hainbat alderdi azpimarratu zituen: Bilbo aukeratu zela NBEren Tokiko Idazkaritza hartzeko GJHen esparruan, Euskadik NBEren GJHen goi-bileran parte hartzen duela eta eragile anitzeko foroen bultzada. Europako erakundeetako ordezkariek aintzat hartu zituzten Eusko Jaurlaritzak GJHen eta 2030 Agendaren esparruan antolatutako ekintzak, eta jardunbide egokien adibide izan zen «Voluntary Report» lehen txostenarekin, zeina nazioarteko agendak markatzen duen kontu-emate ariketa bat baita.

Bestalde, EBko Euskadiren Ordezkaritzako ordezkari batek, Abangoardiako Ekimeneko kide diren beste eskualde batzuekin batera (Herbeheretako hegoaldea, Portugalgo iparraldea, Asturias, Eslovenia eta Errumaniako ipar-ekialdea), trantsizio postindustrialaren gaiari buruz antolatutako mintegi batean parte hartu zuen. Euskadiko ordezkariak eta Europako Batzordeko ordezkari Patrick Brenierrek azpimarratu zuten eskualdeen arteko lankidetzak duen garrantzia, trantsizio hirukoitzaren (teknologiko-digitala, energetiko-klimatikoa eta soziosanitarioa) erronkei aurre egiteari dagokionez. Halaber, euskal ordezkariak azpimarratu egin zuen Euskadiko Espezializazio Adimendunaren Estrategiak funtsezko rola duela trantsizio hirukoitzarekin lotutako erronkei aurre egiteko eta hazkunde ekonomiko iraunkorra bultzatzeko orduan.

Kultura- eta sormen-industrien eta berrikuntzaren esparruan, Eusko Jaurlaritza gonbidatu zuten foro batean hitza hartzera, non eztabaidatu egin ziren eskualdeetako ekosistemak eta eskualde-politika, eta kultura- eta sormen-industriek tokiko eta eskualdeko garapenean eta jasangarritasunean duten rola. Eusko Jaurlaritzaren Ordezkaritzako teknikariak Eusko Jaurlaritzak arlo horretan dituen ekintza eta ekimen nagusiak aurkeztu zituen, EAEko 3 probintzietan dauden trakzio-ardatzak eta adibide nagusiak azpimarratuz, baita KSIGUNEren eremuko ezagutzaren euskal poloaren balio erantsia ere. Foroa berrikuntzaren eta kultura- eta sormen-industrien arloko sare nagusiek eta Europako erakundeetako ordezkariek antolatu zuten.

Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) ere parte hartu zuen Eskualdeen Europako Astean. EEEko zuzendari nagusi Iñigo Ansolak hitza hartu zuen, energia berriztagarrien arloko euskal ekintzak eta ekimenak, eta horiek jasangarritasunarekin eta lehiakortasunarekin duten lotura aurkeztuz.