- Berdintasuna, zientzia eta teknologia biltzarrak Miramar Jauregian bildu ditu atzo eta gaur komunitate zientifikoa eta nazioarteko, Estatuko eta tokiko hogeita hamar aditu inguru
- Hélène Molinier NBE Emakumeen aholkulariak digitalizazioan ikuspegi feminista berri baten beharra nabarmendu du
Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak Emakunderen bidez antolatutako «Berdintasuna, zientzia eta teknologia. Paradigma aldatzea helburu» Nazioarteko Biltzarra atzotik dago abian Donostiako Miramar Jauregian. Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak gogorarazi duenez, «biltzar hau Herri Itunaren esparruan antolatu genuenean xede bat genuen: gune bat eratzea, berdintasunaren arloan eta esparru zientifiko-teknologikoan diharduten erakunde nagusiak berean hartzeko eta haien arteko sinergiak sortzeko. Bi munduok batzuetan urrun dauden arren, elkar ulertzera behartuta daude, elkarren premia baitute aurrera egiteko».
Emakunderen ustez, biltzar honen bukaera ez da amaiera-puntu bat, indarra eta ideiak hartu eta herritarrekin eta tartean dauden eragile guztiekin indarrak batzen jarraitzeko unea da, zientziaren eta teknologiaren arloan berdintasuna azkarrago lortze aldera. Eta guztia lidergo partekatuaren, partaidetzaren, espiritu integratzaile baten eta komunitate eraldatzaile baten bidez lortuko da, horiek baitira Berdintasunaren aldeko Herri Itunaren zutabeak. Bere ustez, berdintasunaren aurrerapena bizkortzeko, eremu bakoitzean sinergiak sortu behar dira, biltzar honetan egin den bezala.
Emakundeko zuzendariak bere hitzaldian nabarmendu duenez, «mundu osoko adituak Euskadira erakartzeaz gain, berdintasunaren, zientziaren eta teknologiaren arloan erreferenteak diren pertsonak eta erakundeak bildu ditugu: Nazio Batuetako, Europako Batzordeko, Estatuko eta Euskal Autonomia Erkidegoko ordezkariak etorri dira». Halaber, Miren Elgarrestak adierazi du guztiek agertu dutela gizarte bidezkoago, berdinzaleago, jasangarriago eta inklusiboago bat lortzeko urratsak egiten jarraitzeko konpromisoa.
Ikuspegi feminista berri bat digitalizazioaren arloan
Hélène Molinierrek eman dio hasiera gaur, urriak 24, Biltzarrari, bere hitzaldiarekin. Molinier genero-berdintasunerako lankidetza digitalari buruzko aholkulari nagusia eta Berrikuntza eta Teknologiari buruzko Ekintza Koalizioaren gaiaren arduraduna da NBE Emakumeak erakundean. Hizlariak zientziak eta teknologiak berdintasunaren agendan duten tokiaz hitz egin du, eta adierazi duenez, «ikuspegi feminista berri bat behar dugu digitalizazioaren arloan, eta hura martxan jartzeko tresnak eta ikuspegia ditugu». Halaber, azaldu duenez, martxoan, Emakumearen Egoera Juridiko eta Sozialaren Batzordeak (CSW) teknologia eta berrikuntza izan zituen hizpide lehen aldiz, eta «askotariko ondorioak atera ziren, esaterako, ez dagoela arlo digitaleko genero-arrakala unibertsal bat, aitzitik, herrialde bakoitzaren testuinguruaren arabera aldatzen diren banaketen elkargune bat dago».
NBE Emakumeak erakundeko aholkulariak ondorioztatu duenez, «paradigma-aldaketa bat egiteko, beharrezkoa da gure teknologia eta berrikuntza-ekosistemak erabat birmoldatzea. Horretarako, erantzukizun partekatua izan behar da, eta alderdi interesdun guztien ahaleginak lerrokatu behar dira».
Adituen bi mahai-inguru
Biltzarrean, halaber, bi mahai-inguru interesgarri egin dira zenbait aditurekin. Hala, Hélène Molinierren hitzaldiaren ondoren, hauek bildu dira mahai-inguruan: Curt Rice, Osloko Unibertsitateko Zientzia Aplikatuen Fakultateko errektore ohi eta Ikerketaren Genero Orekarako eta Aniztasunerako Norvegiako Batzordeko zuzendaria; Paloma González, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Historiaurreko irakasle titularra; eta Elena Aldasoro, Medikuntza Prebentiboko eta Osasun Publikoko espezialista, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzan.
Mahai-inguruaren izenburua Genero-ikuspegia ikerketan txertatzea izan da, eta xede hauek izan ditu: genero-ikuspegiak diziplina bakoitzean (ikerketa, historiaurrea, osasuna) duen eraginari buruzko hausnarketa bat egitea; edozein eremutan behar bezalako zientzia egiteko genero-ikuspegiak duen garrantziaz eta horrek emakumeen eta gizonen bizitzan duen inpaktuaz hitz egitea; eta ikerketaren fase guztietan genero-ikuspegia txertatzeko beharraz aritzea.
Ondoren, Emakumeen aurkako indarkeria eremu digitalean ekimenaren txanda izan da, eta hauek hartu dute parte: Emma Short, Londresko Unibertsitate Metropolitarreko psikologoa; Alan Greig, Arlo Digitalean eta Manosferan aditua; eta Naiara Bellio, teknologia berrietan, kultura digitalean eta informazioaren gizartean aditua.