Zabalik da epea, atzerrian hizkuntzak ikasteko 532 plazetako bat eskatzeko

0
  • 2024ko udan burutuko dira egonaldiak eta DBHko 3. eta 4. mailetako eta Batxilergoko ikasleei zuzenduta daude
  • Hezkuntza Sailak milioi bat euro baino gehiago bideratu du deialdi honetara
  • Eskaerak aurkezteko epea azaroaren 23ra arte dago zabalik

Hezkuntza Sailak zabalik dauka Alemanian, Frantzian, Irlandan eta Erresuma Batuan hizkuntza ikastaroak egiteko 532 egonaldietarako eskaera aurkezteko epea. DBHko 3. eta 4. mailetako eta Batxilergoko lehen eta bigarren mailetako ikasleei zuzendurik, 2024ko udan burutuko dira egonaldi hauek. Bi asteko egonaldiak eskainiko dira, eta horiek finantzatzeko 1.033.571 euroko diru-kopurua bideratu du Hezkuntza Sailak. Urriaren 24tik azaroaren 23ra dago zabalik eskaerak aurkezteko epea.

532 plaza horietako bat eskuratu nahi duten ikasleek bete beharreko baldintzak, honako hauek dira:

  • Aukeratutako hizkuntzan edo hizkuntzetan (ingelesa, frantsesa edo alemana) gutxienik 7 puntuko nota eskuratu izana aurreko ikasturtean.
  • Aurreko ikasturteko bataz besteko nota eta hautatutako hizkuntzan jasotako notaren arteko batuketan 16 puntu edo gehiago lortu izana.
  • Ikasleak eskatzen duen plazari dagokion hizkuntza ikasia izan behar du aurreko bi ikasturteetan.
  • Ikasleak 2024an gehienez ere 19 urte betetzea.

Plazen banaketa egiteko, kontuan izaten dira bai eskaera egin duen ikaslearen hezkuntza-maila (DBH edo Batxilergoa), eta baita haren familiaren egoera ekonomikoa ere (1 eta 2 tarteak). Ondorioz, honela banatzen dira 532 plaza horiek, arestian aipaturiko lau herrialdeetan:

Herrialdea eta hizkuntza 1. tartea 2. tartea Guztira
DBH BATX DBH BATX
Ingelesa Irlandan 70 83 20 25 198
Ingelesa Erresuma Batuan 89 108 31 36 264
Frantsesa Frantzian 30 20 50
Alemaniera Alemanian 10 10 20
Plazak guztira 390 142 532

Lehen tartean, aurreko ikasturtean beka jaso zuten ikasleak hartzen dira kontuan, eta bigarren taretan berriz, bekarik jaso ez zuten ikasleak. Plazaren bat egokitu zaien ikasleek ezinbestekoa izango dute dagokion ordainketa egitea. Lehen tartean daudenek, 140 euro ordaindu beharko dituzte, eta bigarren tartekoek 560 euro.

Plaza bakoitzak, ondorengo gastuak hartzen ditu barnean: joan etorriko bidaia, Euskadiko hiru hiriburuetatik egonaldia burutuko den herrialdeko hiriraino, bidaia asegurua, matrikula eta ikasketa materiala, ostatua, jatorduak eta ikastaroa burutuko den ikastetxerako hiri-garraioa. Era berean, barne hartzen dira jarduera soziokulturalak, kirol-jarduerak eta egun osoko txangoak ere.

Informazio gehiago Hezkuntza Sailaren webgunean dago eskura.