- Makina-erreminten eta Fabrikazio Aurreratuaren Kongresuaren irekiera-ekitaldian, Iñigo Urkulluk ziurtatu du Euskal Autonomia Erkidegoak hazten jarraituko duela eta 2024an langabezia-tasa % 7tik behera jaistea duela helburu
Lehendakariak eman dio hasiera 23CMH Makina-erreminten eta Fabrikazio Aurreratuaren Kongresuaren aurtengo edizioari. Ekitaldia gaur egin da Donostian dagoen Gipuzkoako Parke Zientifiko eta Teknologikoan. Lehendakariarekin batera Arantxa Tapia sailburua ere bertan izan da.
Bertan ziurtatu duenez, aldatzen ari den testuinguru batean euskal ekonomia eta industria «egokitzeko gaitasun handia» erakusten ari dira azken urteotan. «Etorkizuna ziurgabea da eta hala izaten jarraituko du. Prest egon behar dugu «, esan du.
Adierazi du Euskal Autonomia Erkidegoak «nahiko ondo moldatzen» jakin duela, «definituta eta ezagutzeko moduko» eredu bat duelako, eta ziurtatu du Euskal Autonomia Erkidegoa hazi egingo dela aurten eta datorren urtean, eta enplegua sortzen jarraitu nahi duela, 2024an langabezia-tasa % 7tik behera jaisteko helburuarekin.
Hitzaldiaren beste une batean, Iñigo Urkulluk adierazi du «zailtasun handiko uneetan» hazkunde hori azaltzen duten arrazoietako bat izan dela Euskal Autonomia Erkidegoak industria-sare lehiakorra duela, klusterren bidez antolatua eta «bere nortasun-ezaugarriei eusten ahalegintzen dena: dibertsifikazioa, espezializazioa, berrikuntza eta kanpora irekitzea «.
Puntu horretan, 51 euskal enpresarekin batera, Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritza baten buru Japoniara egin berri duen bidaia izan du hizpide, «merkatu lehiakor horretan tarte bat irekitzeko» asmoz; eta itxaropentsu agertu da, bertan Euskal Autonomia Erkidegoko eta Japoniako enpresen artean ezarri ziren harremanek «etorkizun hurbilean emaitza positiboa» emango dutelakoan.
«Industria gure garapen ekonomikoaren ardatza da. Jarrai dezagun, bada, ondo egindako lana sustatzen. Gaizki egindakotik ere ikas dezagun. Baina, batez ere, jarrai dezagun gure industria indartzen eta Euskal Autonomia Erkidegoa munduan kokatzen. Jarrai dezagun gure enpresen jarduera babesten, zabaltzen eta hedatzen», esanez amaitu du euskaraz.