Gernikako Estatutuaren urteurrenaren harira, lehen Lehendakariordeak adierazi du Estatutuaren garapenak eta transferentzien prozesuak geldirik jarraitzen dutela eta kezka azaldu du politika publikoak diseinatzerakoan autonomia-erkidegoak kontuan ez hartzeko joerarekin, izan ere, horrek lurralde-eskumenak inbaditzea dakarrelako
Josu Erkoreka lehen lehendakariorde eta Segurtasun sailburua elkarrizketatu dute gaur Onda Vascan. Besteak beste, sindikatuek sektore publikoan deitutako greba orokorraz eta Gernikako Estatutuaren urteurrenaren harira, Estatutuaren garapenaz eta transferentziez, hitz egin du.
Gaurko deitutako sektore publikoko greba orokorrari dagokionez, lehen Lehendakariordeak adierazi du, alde batetik, arlo publikoan gertatzen ari diren grebak ez direla kasualitate baten ondorio, interes batzuei erantzuten diela eta bestetik, – esan du- deigarria dela sektore publiko osorako greba deitu izana, egoera oso ezberdinak ematen direlako sektorean, sektore publikoa oso zabala baita. Gainera, gehitu du, herri honetan paradoxa bat gertatzen da, alegia, biztanleriaren sektore gero eta handiago batek funtzio publikoan jardun nahi du eta sektore publikoan lanpostua lortu orduko hasten dira aldarrikapen eta kexak.
Ertzaintzako sindikatuekin izandako negoziazioei dagokienez, Segurtasuneko sailburuak adierazi du sindikatuen lehentasunezko aldarrikapena ordainsarien igoera zela, eta hori mahai orokorraren aldarrikapenakekin bate gin duela. Beraz, Jaurlaritza, Ertzaintzaren alderdi espezifikoetan negoziatzen jarraitzeko prest dagoela adierazi du sailburuak.
Era berean, Erkorekak Eusko Jaurlaritzaren 2024rako aurrekontu-proiektua aipatu ditu; izan ere, 15.025,4M/€-ko aurrekontutik, heren bat baino gehiago ,5.900M € zehazki, euskal funtzionarioen soldata-kostura bideratuko dira. «Langile publikoen ordainsariek aurrekontu osoan duten pisua are eta handiagoa da sailaren arabera, adibidez, Segurtasun sailean, 4 eurotik ia 3 langileen ordainsariak finantzatzeko erabiltzen da», azpimarratu du.
Gaur ospatzen den Gernikako Estatutuaren urteurrenari lotuta, lehen Lehendakariordeak adierazi du Estatutuaren garapen eta transferentzien prozesuak geldirik jarraitzen dutela, eta kezka azaldu du autonomia-erkidegoak aintzat ez hartzeko joerarekin politika publikoak diseinatzerakoan, horrek lurralde-eskumenak gutxiestea eta ez errespetatzea dakarrelako.
Azkenik, Erkorekari azken asteetan izan diren hainbat gertakariri buruz galdetu diote. Artxandako maleta batean aurkitutako gorpuaren kasuan izandako atxiloketei dagokienez, sailburuak Ertzaintzaren unitateen kalitate handia nabarmendu du, baita ikerketa honetan polizia zientifikoak egindako lana ere, «oso zantzu gutxirekin aurrera egin eta ondorio nabarietara iritsi dira, kasua argitu eta atxiloketak egin ahal izan dituztelako».