Donostiak 3.000 enplegu sortu zituen 2022an, eta 7,9rekin Estatu osoan langabezia-indizerik txikiena duen hiriburua da
Donostia Sustapenak egindako 2022ko Barometroak berretsi egin du zientzia, teknologia eta zerbitzu aurreratuak direla Donostiako jarduera ekonomikoaren eragile nagusiak. Zehazki 29.450 pertsona enplegatzen ditu, hau da, hiriko enplegu guztien herena gutxi gorabehera, eta BPGaren % 43 da. Beste datu esanguratsu bat: enpresa sortu berrien % 40 sektore horretakoak dira, eta hezkuntzarekin eta osasunarekin lotutako zerbitzuak, zientzia- eta teknologia-enpresak, aholkularitza-enpresak eta beste zerbitzu profesional batzuk integratzen dira bertan.
Hazkunde handiak lotura estua du zientziaren eta berrikuntzaren esparruan egindako apustuarekin. Egindako ahalegina agerian uzten duen datu bat: 2022an I+G+b arloan 277 milioiko inbertsioa egin zen, eta kopuru hori % 23 igo da azken bost urteetan. Inbertsio ratioa 1.476 eurokoa da mila biztanleko, hau da, Euskadiko batez bestekoa (751 €/biztanleko) ia bikoizten duelarik. Baliabide horien % 46,7 sektore publikotik dator eta % 37,6 funts pribatuetatik. Egindako inbertsioa hiriko BPGaren % 3,6 da; portzentaje oso nabarmena, kontuan hartzen badugu Gipuzkoan % 2,7koa dela, Euskadin % 2,1ekoa, eta Europar Batasuneko (EB 27) herrialdeen batez bestekoa % 2,3koa dela.
Zientziaren eta teknologiaren arloan bakarrik, enplegua % 34 igo da azken sei urteetan, eta 2022an 5.954 pertsona ari ziren lanean bertan. Arlo honetan lanean diharduten langile guztien % 53,5 gizonak dira, eta gainerako % 46,5 emakumeak. Genero arrakala % 7koa da; aldiz, Euskadi osoan % 37raino iristen da.
Marisol Garmendia, Ekonomiako eta Bertako Enplegurako Zinegotziak azpimarratu duenez, Donostiarako garrantzitsua da hiria zientziaren eta teknologiaren arloan erreferente gisa indartzea, sektoreak inbertsio handiak jasotzen dituelako, kalitatezko enpleguak sortzeko gaitasuna duelako eta hiriko ekonomia dinamizatzeko gai delako. «Enpleguen heren batekin hiriko aberastasunaren ia erdia sortzen da. Balioak sortzea biderik eraginkorrena da ondo ordaindutako kalitatezko enpleguak sorrarazteko; eta, horri esker, prestakuntza eta talentua dituzten gazteek beren proiektu profesionalak garatzeko aukera dute».