Eusko Jaurlaritza eta Estatuko gobernua ados daude Next funtsek errepideetako egokitzapenak finantzatzearekin foru sarean ere, eta beste erkidego batzuek higiezinen birgaitze energetikoan erabiltzen ez dituzten funtsak birbanatzeko aukera irekia egotearekin

0

Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko sailburua Raquel Sánchez jarduneko Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako ministroarekin bildu da gaur goizean Madrilen. Bileran honako gai hauek jorratu dira:

Euskal errepideetako tunelen foru-sarean segurtasun-jarduketak gauzatzeko eta digitalizatzeko baliabideak:
Ministerioak Estatuko errepide-sareko tunelen segurtasuna hobetzeko eta haiek modernizatu eta sendotzeko jarduketak garatu ditu —Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren barruan daude, eta Europako SEM funtsekin finantzatzen dira—, 300 milioi eurotik gorako zenbatekoaz.

Azpiazuk errepideen foru-sareko tuneletan —51 tuneletan— dauden beharrak asetzeko behar den zenbatekoa zehaztu dio: 130 M €.

Era berean, digitalizazio-jarduketei dagozkien funtsak eskatu dira, eta horietatik kanpo utzi da errepideen foru-sarea ere.

Ministerioaren xedapena MRRren 2024ko hasierako banaketan izandako bidegabekeria hori konpontzea da, Estatuko Aurrekontu Orokorren bidez. Horretarako, euskal erakundeek – Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritza – eta Ministerioak – behin betiko kopuruak zehazteko – hurrengo bilera bat egitea erabaki dute.

Eraikinen eta etxebizitzen birgaitze energetikoa:
Euskadik dagoeneko bete ditu eraikin eta etxebizitzen birgaitze energetikorako Next Generation EU funtsen helburuak; hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzak 60 milioi euro gaitu behar izan ditu eskariari erantzuteko, eskariak funts horiek gainditu baititu.

Azpiazuk eskatu du beste autonomia-erkidego batzuek helburu horretarako egikaritu ez dituzten SEM funtsak birbanatzeko, Espainiako Suspertze Planaren diseinuan jaso zen bezalaxe. Izan ere, Administrazio zentralak beti helarazi die autonomia-erkidegoei “egikaritzeagatik pizgarriak” emango zirela.

Arlo horretan, Ministerioak aitortu eta eskertu egin du Eusko Jaurlaritzak funts horien gauzatze handia egin izana, eta beste autonomia-erkidego batzuek exekutatu gabeko funtsak Konferentzia Sektorial batean birbanatzeko aukera zabaldu du urtea amaitu baino lehen.

Deskontuak garraio publikoan:

Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak jakinarazi du EAEko erakundeek 2024an garraio publikoan % 20ko deskontua izaten jarraituko dutela, eta iradoki du egokia litzatekeela gobernu zentralak bere % 30ari eustea, munduko ekonomiaren inguruan oraindik dagoen ziurgabetasuna dela eta, eta ez dira uzkur agertu.

Abiadura handiko trena eta korridore atlantikoa:

Azpiazuk jarduneko ministroari azaldu dio oso kezkatuta dagoela abiadura handiko trena eta korridore atlantikoa egiteko epeak direla eta. Hala, bi proiektuek erritmoak bizkortzea eskatu du, proiektu horiek Euskadirentzat duten garrantzia dela-eta.

Informazio gehiago

EIES – Europako informazioaren Euskal Sarea