2024ko Urrezko Danborra aukeratzeko prozesua azaroaren 6an abiatuko da

0

Azaroaren 19ra arte aurkeztu ahalko dira hautagaitzak

Datorren astelehenetik, azaroak 6, hasita, erroldatuta dauden donostiarrek Urrezko Danborrerako proposamenak aurkeztu ahal izango dituzte azaroaren 19ra bitartean. Herritarrekin batera elkarte, fundazio, kirol elkarte, enpresa eta Donostiako Udaleko udal-taldeek ere hautagaiak aurkeztu ditzakete. Proposamenak internetez egin ahal izango dira udalaren web atarian. Hala behar duten pertsonek, Herri Partaidetza Zerbitzuaren bulegoetan laguntza jasoko dute online plataformaren bidez proposamena egin ahal izateko. Bakoitzeko proposamen bakarra onartuko da.

Epe hau bukatuta, Idazkaritza Orokorrak eta Herri Partaidetza Zerbitzuak proposamenak aztertuko ditu azaroaren 20tik 28ra bitartean. Txostenak udaleko Bozeramaileen Batzordera bidaliko dira.

Azaroaren 29a eta abenduaren 1a artean Batzorde horrek gehienez 3 hautagai aukeratuko ditu. Hautagai batek Bozeramaileen Batzordearen gehiengo berezia lortuko balu, hau da udalbatzaren ordezkaritza ponderatuaren bi herenak, Urrezko Danborra zuzenean eman ahal izango dute.

Gehiengo hori lortzen ez bada, Urrezko Danborraren aukeraketa herritarrek egin ahal izango dute boto bidez abenduaren 11tik eta 17ra bitartean. 16 urtetik gorako herritar erroldatuek irabazlea hautatzeko aukera izango lukete herri-bozketa bidez, udalaren webgunean eta aurrez aurre ere Herri Partaidetza Zerbitzuaren bulegoan, non laguntza teknikoa emango da plataforma bidez bozkatu ahal izateko. Pertsona bakoitzak behin bozkatu ahal izango du. Horrenbestez, abenduaren 18an jakinaraziko luke Udalak hautagaitza saritua, boto gehien jaso duena, eta ondoren udalbatzarrak berretsi beharko du.