25 urte Euskadiren eta Habana Hiriko Historialariaren Bulegoaren arteko lankidetzaz

0

eLankidetza-Garapenerako Lankidetzako Euskal Agentziak, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politikak sailekoa, euskal lankidetzaren eta Habana Hiriko Historialariaren Bulegoaren arteko harremanari buruzko azterlan bat aurkeztu du gaur goizean. Lanak 1997tik etengabe eta modu eraginkorrean lagundutako birgaitze- eta ondare-ekimenak eta sustapen sozioekonomikoko proiektuak aztertzen ditu.

Ikerlana eLankidetzak eta Historialariaren Bulegoak sustatu dute, eta Kalidade-acompañamiento, calidad y desarrollo aholkularitzak egin du.

90eko hamarkadaren hasieratik, Kubak eta Euskadik elkarrekin lan egiten dute garapenerako lankidetzaren arloan. Historialariaren Bulegoa lankidetzan aritzen den eragile ugarien artean dago, eta Habanako Zentro Historiakoaren balioak zaintzeaz arduratzen da. Horretarako, birgaitze, zaharberritze arkitektoniko eta eraldatze sozioekonomikoko ekintzak bultzatzen ditu, gune horretan bizi diren pertsonentzat baldintza duin eta jasangarriak sortuko dituzten aukerak sustatzeari bideratuak.

Bulegoari lagundutako euskal lankidetzaren lehen proiektuak 1997an hasi ziren, Eusko Jaurlaritzaren eskutik, eta, ondoren, Euskal Fondoak babestutako ekimenak iritsi ziren. Hala, 2021era arte, euskal lankidetzak 48 ekimen finantzatu zituen 11,9 milioi euro baino gehiagorekin. Guztira, 10 erakunde izan dira bulegoarekin elkarlanean aritu direnak; aipatutakoez gain, Bilboko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia, Tecnalia Fundazioa, Mundubat eta KCD erakundeak eta Somorrostro Ikasketa Zentroa.

Eragile bakoitzak bere espezializaziotik elementu berritzaileak eta gakoak eman ditu Kubako erakundeak dagoeneko duen ikuspegia indartzeko. Besteak beste, jorratu dituzte ondarea, zaharberritzea, adinekoei eta dibertsitatea funtzionala duten pertsonei laguntzea, kultura indartzea, ahalduntzea edo genero-ikuspegitik kalteberak diren kolektiboekin lan egitea.

Aurkezpenean, eLankidetzako zuzendariak, Paul Ortegak, nabarmendu du sistematizazioaren ondorioetako bat dela “Historialariaren Bulegoarentzat euskal lankidetzaren babesa azken 25 urteetako luzeena, iraunkorrena, estrategikoena eta egonkorrena izatea”, eta gaineratu du, “elkarlan hori konfiantzari, errespetuari, elkar ulertzeari eta talde lanari esker izan da posible”. Era berean, berrikuntzak lortutako aldaketetarako eragile gisa jokatu duen papera azpimarratu du.

Zentzu horretan, nabarmentzekoak dira ondarea zaharberritzeko proiektuak; zaharberritze horien hondakinen birziklapena; puntako teknologien inplementazioa hainbat sektoretan, hala nola azpiegituretan eta irisgarritasunean; ekonomia sortzaileen sorrera; gazteentzako prestakuntzarako espazioak edo adinekoei eta dibertsitate funtzionala duten pertsonei zuzendutakoak.

Sistematizazio hori 2024an argitaratuko den liburu batean islatuko da. Liburu horrek Habana Hiriko Historialariaren Bulegoaren eta euskal lankidetzak lagundutako ekimen guztiak jasoko ditu modu bisualean eta testigantzen bidez.