Adierazpen instituzionala, urriaren 31 dela eta, Kolpe Militarraren, Gerraren eta Diktaduraren Biktima guztiak Oroitzeko eta Omentzeko Eguna

0
PRUEBA

Nafarroako Gobernuak adierazpen instituzional hau onartu du gaurko bilkuran, Kolpe Militarraren, Gerraren eta Diktaduraren Biktima guztiak Oroitzeko eta Omentzeko Eguna dela eta, Memoria Demokratikoaren Legeak ezarritakoaren arabera:

«Nafarroako Gobernuak, urriaren 31 iritsi delarik (Memoria Demokratikoari buruzko Legeak egun hori deklaratu baitu Kolpe militarraren, gerraren eta diktaduraren biktima guztiak oroitzeko eta omentzeko egun) eta 33/2013 Foru Legean xedatutakoari jarraikiz (lege horrek helburu baitu 1936ko kolpe militarraren ondorioz eraildako eta errepresioaren biktima izandako Nafarroako herritarrei errekonozimendua eta ordain morala ematea), honako hau erabaki du:

Aitortza ematea berdintasunaren, ekitatearen, askatasunaren eta justizia sozialaren balioak defendatzeagatik banaka edo taldeka honako kalte hauek jasan zituztenei: kalte fisikoa, morala edo psikologikoa, ondare-kalteak edo oinarrizko eskubideen funtsezko galera, giza eskubideen nazioarteko arauak eta nazioarteko zuzenbide humanitarioa urratzen zituzten ekintzen edo ez-egiteen ondorioz; kalte horiek, hain zuzen ere, garai honetan jasan zituztenei: 1936ko uztailaren 18ko estatu-kolpean, ondorengo gerran eta diktadura frankistan, Espainiako 1978ko Konstituzioa indarrean jarri arte.

Omenaldia egitea Espainiako milaka gizon eta emakumeri (Nafarroan 3.500 erail zituzten), beren bizitza eta askatasuna demokraziaren eta askatasunen aldeko borrokan konprometitu zituztelako. Izan ere, demokrazia eta askatasuna dira bizikidetzan eta giza eskubideen errespetuan oinarritutako edozein gizarteren zutabeak. Gaur printzipio horiek berretsi eginen ditugu, gogoratuz eta aitortuz haien borroka ekarpen handia izan zela egun dugun araubide demokratiko, bizikidetzako eta pluralera iritsi ahal izateko.

Gerraren eta diktadura frankistaren biktimen oroitzapena zaindu eta mantentzeko beharrezkoak diren ekintza guztiak egitea (hori biktimen eta gizarte zibilaren beraren eskubidea baita), egia bilatzen saiatuta (hori biktimen eskubidea baita) eta botere publikoek memoriari begira duten betebeharra ezarrita, hemendik aurrera jada indarkeria politikorik edo totalitarismorik egon ez dadin, Foru Gobernu honen akordio politikoan jasotzen den bezala».