Osasuneko aurrekontu-proiektua % 5,3 handitu da, eta, 2024an, 4.896,6 milioi eurokoa izango da; hala, pertsonako 2.200 €-ko muga gaindituko da

0
PRUEBA

Osasun Sailaren Aurrekontu Proiektua aurten ere nabarmen handitu da. 2023ko aurrekontuaren aldean, 246,1 milioi gehiago dira. Alegia, % 5,3 egin du gora, eta, iaz, % 5,9. Osasun Sailak aurten duen aurrekontua, beraz, 4.896,6 milioi eurokoa da.   Osasun Sailak 2020an 3.964 milioi izan zituen eta, 2024an, 4.896 milioi; alegia, 4 urtean, 932 milioi gehiago.

Oraingoan ere, zuzkidura ekonomiko handiena duen saila da, Urkullu Lehendakariaren Gobernuaren konpromiso solidarioarekin bat etorriz; aurrekontu osoko 10 eurotik 8 haren politika sozialetara bideratzen ditu.

Etengabeko ahalegin horren helburua da, Gotzone Sagardui Osasuneko Sailburuaren hitzen arabera, itxarote-zerrendak eta arreta jasotzeko atzerapena murrizten jarraitzea, pandemiak eten zituen aurreko datuetara itzultzeko, berme-dekretuak ezartzen dituen tarteen barruan.

2024ko aurrekontu-partidak biztanleko 2.200 euroko muga gainditzea dakar, per capita 2.229 eurotara iritsi arte. Hori horrela, egungo populazioaren arabera, Sagarduik nabarmendu duenez, ‘beste jauzi kualitatibo garrantzitsu bat eman dugu. Iaz, 2.000 euroko muga gainditu genuen; aurten, 2.200 eurokoa’. Datu horrek, Osasuneko sailburuak esan duenaren arabera, Eusko Jaurlaritzak pertsonen osasunaren alde egiten dituen ahalegina eta apustua uzten ditu agerian.

 

 OSAKIDETZAREN XEHAKAPENA

Ildo horretatik, herritarrentzako zuzeneko osasun-arreta da 2024an ere aurrekontu-hazkuntza handiena duena. Hala, Osakidetzara bideratutako zuzkidura berriro hazi da, zehazki, % 5,4, eta 3.936,4 milioi eurora iritsi da.

Langileak

Kopuru horretatik, bi heren baino gehiago (% 65) langileetara zuzentzen da; haren gastua iazko ekitaldiko 2,426 milioi euroetatik 2024ko 2.564 milioietara iritsi da.

Kapitulu honetan, nabarmendu behar da 2018-19ko EPEan dagozkion probak egin aurretik behin-behineko emaitza guztiak argitaratu zirela eta Osakidetza 3.535 plaza egonkortzeko amaierako fasean dagoela. Eta 2021eko Egonkortzeko EPEari eta 2020-2021-2022ko Berrezarpenerako EPEari dagokienez, 7.642 plazarekin guztira, probak amaitzear daude. Hala, hautaketa-prozesu horren amaieran, 11.000 plaza baino gehiago egonkortuko dira Osakidetzan, eta bitarteko izaeraren tasa % 8tik behera murriztuko da, Europako legeriak ezartzen duen estandarrarekin bat etorriz.

Inbertsioak

Inbertsio berrien kapituluak, 2024rako, 137 milioi euroko kopurua aurreikusten du. Honela banatuko da: 76 milioi, obretan; 34 milioi, instalazioetan; 18 milioi, ekipamenduetan, eta 9 milioi, informatikan.

Atal honetan, Osasuneko sailburuak esan duenez, aurrekontu horrek, dagoeneko, ‘lehendakariak politika orokorraren osoko bilkuran iragarri zuen osasun-arloko azpiegituretako inbertsioaren aldeko apustua erakusten du; inbertsio horri esker, 2024an proiektu oso garrantzitsuei heltzeko aukera izango dugu, bai eta, besteak beste, Onkologikoan protonterapia ezartzeko edo Galdakaoko Ospitalea eta Basurtuko Ospitalea handitzeko aukera ere’.

Sagarduik, era berean, aztertzen ari diren beste proiektu batzuk ere aipatu ditu; haiek izapidetzeko prozesuan aurrera egingo da, aurrekontu-aukera gehiago dauden neurrian. Hala, esaterako, Txagorritxuko Ospitaleko fase berriak edo Donostia ospitaleko kanpo-kontsulten eraikuntza, protonterapiaren eraikinaren ondoren etorriko dena; obrak hilabete gutxi barru hasiko dira.

Gainera, eraikuntza berriko, zaharberritzeko edo handitzeko obrak egingo dira, gutxienez Lehen Mailako Arretako 14 osasun-zentrotan.

Osakidetzaren baterako zerbitzuek eta azpiegiturek 73 milioi euroko zuzkidura dute, honako hauetarako: Ekografia, Ebakuntza-gelen ekipamendua, Instalazioak, Informatika eta Irisgarritasuna.

 

NABARMENDU BEHARREKO BESTE PARTIDA BATZUK

Arreta soziosanitarioak hazkuntza handia izan du, % 14,2koa, kontuan hartuta aurten, aurrekoetan bezala, ahalegin handia egin dela plaza soziosanitario berriak sortzeko, foru-aldundiekin elkarlanean. Gainera, aldundiekin eta Eudelekin sinatutako hitzarmenen bidez, juridikoki, ekonomikoki eta administratiboki finkatu da.

Osasun Publikoaren kapitulua % 4,6 handitu da.

Farmaziako gastua % 3,6 handitu da. Hazkuntza hori prestazio farmazeutikoan asko nagusitzen diren patologiak tratatzeko indikazio berriak dituzten medikamentuak sartzearen ondorioz gertatu da; horrela, aldi berean, berrikuntza terapeutikora jotzeko aukera zabaltzen da.