Bingen Zupiriak: “Beharrezkoa da lehenbailehen gobernu iraunkor bat osatzea Espainian”

0

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile Bingen Zupiriari elkarrizketa egin diote Bizkaia Irratiko  “Goizeko Izarretan” saioan. Bertan aktualitateko gaiak jorratu ditu eta besteak beste Ivan Illarramendiren eta haren emaztearen heriotzaz, Junts eta PSE-ren arteko balizko akordioaz eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren 2024ko aurrekontuaz mintzatu da.

Atzo ezagututako Ivan Illarramendiren eta haren emaztearen heriotzaren harira, berriro ere, familiari elkartasuna adierazi, heriotza horiek gaitzetsi eta ikuspegi humanitario batetik indarkeria egoerari amaiera emateko eskatu du.

Sanchez-en inbestidurari eta Junts eta PSE-ren arteko balizko akordioari buruz galdetuta, bozeramaileak azpimarratu du gobernua eratzea eta iraunkortasuna izatea albiste ona dela, are eta gehiago ikusita zein giro txar eta liskar sortzen ari diren Espainian eta bereziki Madrilen. Horren harira, gehitu du beharrezkoa dela lehenbailehen gobernu iraunkorra osatzea Espainian gertatzen ari diren liskarren aurkako sendagairik onena litzatekeelako.

Amaitzeko, Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politika saileko 2024ko aurrekontuez mintzatu da. Sailaren aurrekontua %4,5 handituko da datorren urtean, azpimarra berezia jarrita euskarazko ikus-entzunezkoen ekoizpenaren sustapenean. Zupiriak esan duenez, arlo honetan denbora gutxian aldaketa ugari izan dira, “plataformen zabalkundea izugarria izan da eta beharrezkoa da horietan gure hizkuntzaren presentzia areagotzea”. Esan duenez, 4 milioi euroko funtsa bideratuko da euskarazko ekoizpena sustatzera, 2 EITBra eta beste bi ekoizpen enpresa independenteetara.

Euskararen erabilerari lotuta, abian jarriko diren bi programa berri ere izan ditu hizpide bozeramaileak, batetik, A1 agiria eskuratzeko eta euskara ikasteko erraztasunak emateko ia doakoa den formula abiatuko da eta bestetik, gazteei zuzendutako ahozkotasunean trebatzeko programa berria ere bai.

Azkenik, emakumeen kirola bultzatzeko abiatuko dituzten ekimenez ere hitz egin du Zupiriak, hala nola, emakumeen txirrindularitza Itzulia, emakumezkoen pilota eta zesta puntu munduan ere emakumeen presentzia areagotzeko egitasmoak.