2024rako Euskadiko aurrekontuaren inguruko lehen harreman-txandaren balorazioa

0
PRUEBA

Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak oposizioko taldeekin (VOXekin izan ezik) lehenengo bilerak egin ditu, 2024rako Euskadiko Aurrekontuak babesteko aukera dagoen jakite aldera.

Bilerak Eusko Legebiltzarrean egin dira, sailburua eta taldeak legebiltzarrean zeudela baliatuta, eta bileren xedea izan da benetako negoziazioari ekiteko prest dauden zuzenean jakitea.

Azpiazuk helarazi die, errealismoan eta zintzotasunean oinarritutako negoziazioari ekin nahi diola, ez baitu uste giro politikoak eszenifikazio gehiago behar duenik.

“Nire asmoa negoziazio batekin abiatzea da, baina aurrekontu honen aldaketa bideragarrietan serio lan egitekotan”, eman du aditzera. Gainera, adierazi du Eusko Jaurlaritza eta horren sostengu diren taldeak prest daudela elkarrizketak hasteko, aurrekontuek eskatzen duten lasaitasun eta seriotasunetik, eta argi eta garbi utzi du ez dela egiturazko aldaketarik egingo, ezta aurrekontuz kanpoko aldaketarik ere.

Sailburuarekin batera, eta gobernu-taldeaz gain, bilera-txanda horretan izan dira EAJko Alaitz Zabala eta PSE-EEko Susana Corcuera legebiltzarkideak.

Taldeen jarrera

EH BILDU: bilera baino lehen hedabideei egindako adierazpenen ildotik, EH Bilduren ordezkariek beren eskaeren berri eman diote modu generikoan Sailburuari, eta adierazi dute datorren astean planteamendu bat bidaliko dutela negoziazioari ekin dakiokeen ala ez aztertzeko.

PP: talde honek ere adierazi du datorren astean aurkeztuko diola bere proposamena Eusko Jaurlaritzari. Kasu horretan, Azpiazu sailburua harrituta geratu da bileraren ondoren hedabideei egindako adierazpenekin, ez baitatoz bat bileran hitz egindakoarekin.

Elkarrekin Podemos: bileraren aurretik hedabideei egindako adierazpenen ildotik, esan dute aurrekontu honi ez diotela babesik emango, eta beren planteamendua bidaltzeko konpromisoa hartu dute.

C´s: alderdi politiko honen bozeramaileak argi eta garbi onartu du Eusko Jaurlaritzaren aurrekontutik “oso urrun” daudela, eta Legebiltzarrean duten pisua aitortu du (75 legebiltzarkidetik 1). Zenbait arlotako proposamenak biltzen dituen dokumentu bat aurkeztu dute, besteak beste, euskararekin eta hezkuntzarekin zerikusia duten batzuk, eta Eusko Jaurlaritzaren eta horren sostengu diren taldeen planteamenduen antipodetan daude. Edonola ere, Azpiazuk proposamenak aztertzeko konpromisoa hartu du.

Ez da hurrengo bileretarako datarik itxi, taldeek Ekonomia eta Ogasuneko sailburuari helarazten dizkioten proposamenen bideragarritasunaren mende egongo baita.