Eusko Jaurlaritzak Desgaitasunerako eta Desgaitasuna duten Pertsonek Aparkatzeko etorkizuneko Europako txarteletarako hobekuntzak proposatu dizkio Europako Batzordeari

0
PRUEBA

Eusko Jaurlaritzak, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren bidez, Europako Batzordeari Desgaitasunerako eta Desgaitasuna duten Pertsonek Aparkatzeko etorkizuneko Europako txartelei buruzko direktiba hobetzeko ekimen batzuk proposatu dizkio. “Helburua da zerbitzuetara jotzeko orduan desgaitasunen bat duten Batasuneko estatu kideetako eta eskualdeetako pertsonek tratu-berdintasuna dutela eta bereizkeriarik jasaten ez dutela ziurtatzea eta bermatzea”, esan du Nerea Melgosa Sailburuak.

 “Eusko Jaurlaritzak uste du oso positiboa dela Desgaitasunerako eta Desgaitasuna duten Pertsonek Aparkatzeko etorkizuneko Europako txartel berriak ezartzen dituen direktibaren proposamena, Europako Batzordeak joan den irailaren 6an aurkeztu zuena.Proiektu hori beharrezkoa da, eta, haren bidez, zerbitzuetara jotzeko orduan desgaitasunen bat duten Batasuneko estatu kideetako eta eskualdeetako pertsonek tratu-berdintasuna dutela eta bereizkeriarik jasaten ez dutela bermatuko da”, esan du Sailburuak.

 “Horretarako, REPER –EB aurreko estatu-ordezkaritza iraunkorra– bidez eta erakundeen, elkarteen eta herritarren ekarpenak egiteko Batzordearen “Have you say” kanalaren bidez, zenbait ekarpen egin ditugu; ekarpen horiek Direktiba optimizatzeko eta legegilekideen eztabaidei laguntzeko baliagarriak izango dira, hala nola aplikazio-eremua, txartelen doakotasuna, indarraldia eta berriztatzea, zabalkunde-kanpainak, iruzurrezko erabilera eta generoaren arabera bereizitako datuak”, esan du Melgosak.

Estatuz azpiko kudeaketa

Batasuneko Parlamentuak eta Kontseiluak berretsi aurretik Batzordeak onetsi zuen proposamenean, Direktibak ezartzen du hark ez duela eraginik estatu kideek desgaitasunaren baldintza ebaluatzeko eta aitortzeko eskakizunak zehazteko duten eskumenean, ez eta desgaitasuna duten pertsonek aparkatzeko baldintza eta erraztasunetarako eskubidea emateko eskumenean ere. Ez du eraginik, era berean, estatu kideek nazio-, eskualde- edo toki-mailan desgaitasuna duten pertsonentzako ziurtagiri, desgaitasun-txartel edo bestelako dokumentu ofizial bat emateko duten eskumenean.

 “Xedapen hori kontuan hartuta, Eusko Jaurlaritzak proposatu du bi txartel horiek estatuz azpiko kudeaketarako gaitasuna aitortzea, horretarako autonomia duten EBko Europako eskualdeetan, eta honako hauek barne hartzea: erregistroa edo zentsua, txartela ematea eta balioztatzea, berritzea eta kentzea. Era berean, txartelak kudeatzeko Europako, estatuetako, azpiestatuetako eta tokiko informazioaren koordinazioa eta trukea behar da”, esan du Melgosa Sailburuak.

Diseinuari dagokionez, txartel berriak inprimatzeko, EBren urratsei jarraituko zaie, eta Direktiban deskribatzen diren formatuak eta diseinuak sartuko dira, txartelak dagokien serie-zenbakiarekin eta agintaritza igorlearen izenarekin eta zigiluarekin ematen direnean.

Sustapena eta zehaztasuna

Nerea Melgosaren iritziz, “bi txartel horiek eraginkortasunez eman behar dira ezagutzera.Hori horrela, agintaritza publikoek txartelak erabiltzeko sustapen- eta zabalkunde-kanpaina jakin batzuk aktibatu behar dira, batik bat aparkatzeko txartelaren kasuan, garraioko, trafikoko eta gizarte-zerbitzuetako departamentuekin eta tokiko eta eskualdeko administrazioei dagozkienekin elkarlanean.Gainera, Europako Batzordeak webgune bat aktiba lezake, txartelei buruzko informazio esanguratsuarekin, EBko hizkuntza guztietan”.

Garrantzitsua da bi txartel horiek erabiltzean egon daitekeen iruzurraren aurka borrokatzea. Iruzurrezko erabilerak hura baliogabetzea eta itzuli behar izatea ekarri beharko luke, kontuan hartuta, hala ere, ordenamendu juridiko bakoitzak aurreikusten dituen zehapenak. Komeni da indarraldi-muga bat eta txartelak berritzeko ezinbesteko data bat ezartzea”, esan du Sailburuak.

Direktibaren proposamenak eragin positiboa izango du Europar Batasuneko Funtsezko Eskubideen Gutunean jasotzen diren eskubideetarako; hala ere, fase honetan, ezin da generoaren gaineko inpakturik neurtu, ez baitago daturik bereizita.

Nerea Melgosak esan duenaren arabera, “desgaitasuna duten neskatoek eta emakumeek bakartzea eta ikusezintasuna eta askotariko bereizkeriak jasateko arrisku handiagoa dute.Eusko Jaurlaritzak sexuaren arabera bereizitako datuak izatea zer garrantzitsua den nabarmendu nahi du; izan ere, horrek aukera emango digu emakume eta gizonen egoera desberdina aztertzeko eta, beraz, arauek izan dezaketen genero-inpaktua aurreikusteko».

Azkenik, Europar Batasuneko herritarrekiko tratu-berdintasuna bermatzeko, Batzordeak bestelako egintza juridiko bat aurkezteko asmoa du, proposamenaren irismena estatu kide bateko lurralde batean legez dauden edo hura bizileku duten eta, Batasunaren Zuzenbidearekin bat etorriz, beste estatu kide batzuetara bidaiatzeko eskubidea duten hirugarren herrialdeetako nazionalei zabaltzeko.