Emakundeko Aholku Batzordeak 25 urte bete ditu elkarrizketa soziopolitikorako erreferentziazko gune gisa

0
PRUEBA

Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua izan da gaur Emakundeko Aholku Batzordearen 25. urteurreneko jardunaldiaren buru, Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariarekin batera.

Emakumeen elkarte-mugimenduko ordezkari ugari bildu da Gasteizko Jesús Guridi Musika Kontserbatorioan, aitortza, hausnarketa eta ospakizun jardunaldi honetan parte hartzeko. Emakunderen Aholku Batzordea erreferentziazko gunea da EAEn berdintasunerako politika publikoak garatzeko elkarrizketa soziopolitikorako. Emakumeen elkarteek erakundearekin komunikatzeko duten bidea da.

Nerea Melgosa Berdintasun sailburuak Emakunderen Aholku Batzordearen errepaso historikoa egin du. Batzorde horrek esperientzia pilotu bat izan zuen 1993an, eta 1998an eratu zen behin betiko. Melgosak elkarte-mugimenduak emakumeen eskubideak sortzeko eta finkatzeko egiten duen lana nabarmendu du. Sailburuaren hitzetan, Aholku Batzordearen ibilbidea eta Emakunderekin eta berdintasun-politikekin izan duen harremana «ez da estatikoa izan, baizik eta Euskadin mugimendu feministak eta emakumeen elkarteek eta berdintasun-politika publikoek izan duten bilakaerarekin paraleloan eboluzionatu du».

Aholku batzordeko ordezkariei zuzendu zaie, eta honako hau adierazi die: «emakumeen parte-hartze sozial eta politikoa funtsezko ardatza da berdintasuna eraikitzeko, eta guretzat, Emakundetik eta Eusko Jaurlaritzatik, zuen kritikak eta proposamenak entzutea, hitz egitea eta aintzat hartzea da gure eguneroko lanean esperientzia eta ekintza garrantzitsuenetako bat». Eta, era berean, Emakundeko aurreko zuzendariek elkarteekin hitz egiteko egin duten lana nabarmendu eta eskertu du.

Jardunaldiaren lehen zatian, Aholku Batzordeak urte hauetan egindako ibilbidea aztertu da, eta lurralde historiko bakoitzeko elkarteetako bi ordezkarik parte hartu dute. Beste elkarte batzuetako emakumeek ere sakondu dute aliantza feministak sortzearen garrantzian, politika publikoetan eragina izango duen elkarrizketa sortzeko.

Jardunaldiaren azken zatian, Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak Emakundeko Zuzendaritza Kontseiluko elkarteen ordezkari Yolanda Baronarekin hitz egin du. Biek ala biek hausnartu dute agenda feministak zer erronka dituen berdintasunerako parte-hartzearen eta elkarrizketa soziopolitikoaren arloan. Elgarrestak azpimarratu du Emakundek konpromisoa hartu duela Aholku Batzordearen proposamenak Eusko Jaurlaritzako beste sail batzuei helarazteko, haien parte-hartzea aitortzeko. Bere hitzetan, «Emakunde emakumeen elkarteek egiten dituzten proposamenak bere egiten saiatzen da, eta proposamen horiek baliabideekin babesten, dirulaguntzetatik haratago doan babesarekin».

25 urte hauetako lana ikusarazteaz eta prozesuaren memoria soziala egiteaz gain, jardunaldiaren helburua izan da beste elkarte batzuk Aholku Batzordean parte hartzera motibatzea, erreleboen kudeaketa eraginkorra egin ahal izateko.