Eusko Jaurlaritzak lankidetza-hitzarmena sinatu du albaitaritzako errezeta elektronikoa sustatu, ezarri eta erabiltzeko

0
  • Hitzarmenak PRESCRIVET plataforma ezartzea hartzen du aintzat, Euskal Autonomia Erkidegoan albaitaritzako sendagaien zentzuzko erabileraren trazabilitatea, kontrola eta jarraipena lor dadin 
  • Osasun eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailen eta Euskal Autonomia Erkidegoko Albaitarien eta Farmazialarien Elkargoen arteko hitzarmen honi esker, animalien segurtasuna, osasuna eta ongizatea areagotuko dira

Eusko Jaurlaritzak, Osasun Sailaren eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren bitartez, lankidetza-hitzarmena sinatu du Euskal Autonomia Erkidegoko Albaitarien Elkargoen Kontseiluarekin eta Euskadiko Farmazialarien Kontseiluarekin, albaitaritzako errezeta elektronikoa sustatu, ezarri eta erabiltzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoan Albaitaritzako Errezeta Elektronikoa ezartzeari esker, sendagaien trazabilitatearen eta zentzuzko erabileraren kontrol eraginkorra egin ahal izango da, segurtasuna areagotuko da eta animalien osasuna eta ongizatea hobetuko da.

Lankidetza-hitzarmen horren helburua da Albaitaritzako Elkargo Erakundeak (OCV) sortutako PRESCRIVET plataforma abian jartzea eta, horren bidez, albaitaritzako sendagaiei buruzko lege-testuetan ezarritakoa beteko duen tresna eskaintzea albaitaritzako errezeta elektronikoaren erabileran inplikatuta dauden agente guztiei (abeltzaintzako ustiategietako titularrak, farmazialariak, banatzaile komertzialak eta albaitari elkargokideak). Hartara, Eusko Jaurlaritzako agintari eskudunek, baliabide elektronikoen bidez, eskura izango dute tratamenduen preskripzioari, banaketari eta aplikazioari buruzko informazioa, eta Euskal Autonomia Erkidegoan albaitaritzako sendagaien zentzuzko erabileraren trazabilitatea, kontrola eta jarraipen eraginkorra egin ahal izango dute.

Farmaziako Zuzendaritzak, sendagaien arloan eskumena duen osasun-agintaritza den aldetik, eta Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak, sendagai-pentsuen arloan eskumena duen agintaritza den aldetik, albaitaritzako produktu horien preskripzioari, banaketari eta administrazioari buruzko datu fidagarriak behar dituzte, bereziki mikrobioen aurkako erresistentziaren inguruko arazoak kontuan hartzen baditugu.

PRESCRIVET plataformaren bidez, preskripzioei eta banaketei buruzko informazioa lortzeaz eta, hala, trazabilitatearen kontrola errazteaz gain, bermatzen da: albaitaritzako sendagaien preskripzio elektronikoak albaitariek egiten dituztela (jardunean ari direnak, elkargokideak eta horretarako ahalmena dutenak); agindutako albaitaritzako sendagaiak farmazialariek banatzen dituztela (farmazia-bulegoetan, abeltzaintza-erakundeetan eta txikizkako merkataritza-erakunde baimenduetan jardunean ari direnak, elkargokideak eta horretarako ahalmena dutenak); eta errezeta bat datorrela indarrean dagoen araudiarekin. Bestalde, oso garrantzitsua da, Prescrivet plataformari esker, konpainiako animalientzako albaitaritzako sendagaien jarraipena eta kontrola egiteko tresna bera edukitzea.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak Euskal Autonomia Erkidegoko Albaitarien Elkargoen Kontseiluari egin beharreko ekarpen ekonomikoaren barruan partida bat egongo da Eusko Jaurlaritzak tresna pertsonalizatzeko eskatzen dituen baldintzekin lotuta. Partida hori 162.259,44 eurokoa izango da, eta urteko kuota 141.565,16 eurokoa izango da, tresnaren erabilgarritasunaren eta eskuragarritasunaren kostuekin lotzen dena.

Hitzarmena sinatzen duen agente bakoitzak Jarraipen Batzorderako ordezkariak izendatuko ditu, eta horiek arduratuko dira lankidetza-hitzarmenaren xedea behar bezala gauzatzen eta garatzen dela zaintzeaz.

Informazio gehigarria