Beste % 6,2 egin dute gora indarkeria matxistaren aurkako salaketek Euskadin

0
PRUEBA

OHARRA: biktimizazioak kasuak / salaketak dira, ez emakumeak. Ohikoa da emakume batek delitu bat baino gehiago salatzea

  • Gehienak, orain arte bezala, bikotekideen edo bikotekide ohien aldetik jasotako ohiko tratu txar fisikoak, irainak eta laidoak dira
  • Euskadin emakumeen aurkako eraso gehien izaten den bigarren ingurunea familia da, baina ingurune horretan salaketek behera egin dute 2022arekin alderatuta
  • Gehien gora egin duen salaketa-mota sexu-indarkeriaren aurkakoa da, eta, horren barruan, sexu-eraso larrienek beste % 43 egin dute gora
  • Une hauetan 5.616 emakumek dute Ertzaintzaren nolabaiteko babesa, eta horietatik 39k arrisku-egoera larrienean

2023ko urtarriletik irailera bitartean, Ertzaintzak bikotekideak edo bikotekide ohiak eragindako, etxean familiarteko batek eragindako edo sexu-askatasunaren kontrako 4.879 delitu erregistratu ditu emakumearen kontrako indarkeria-modu ezberdinetan. Iazko aldi berarekin alderatuta, era horretako delituek, oro har, % 6,2 egin dute gora. Denboraldi horretan, Ertzaintzak delitu horien biktima izan diren 3.983 emakume zenbatu ditu, eta 2022ko denboraldi berari dagokionez igoera % 7,7koa izan da, beraz.

Lurralde historikoen arabera, kasuen eta biktima diren emakumeen kopururik handiena Bizkaian erregistratu da. Ehunekoei dagokienez, bai Bizkaian eta bai Araban era horretako delituek oro har % 10 egin dute gora. Gipuzkoan, aldiz, erregistratutako delituetan beherakada txiki bat izan da.

Emakumearen aurkako delitu-tipologia

  • GENERO-INDARKERIA: Ertzaintzak 2023an jasotako salaketa-kopururik handiena, orain arte bezala, bikotekideak edo bikotekide ohiak eragindako indarkeria kasuengatik jaso du, 569 zehazki, eta aurreko urtearekin alderatuta igoera % 7,2koa izan da, beraz. Horietatik gehienak ohiko tratu txar fisikoak, irainak, laidoak eta lesioak dira, eta, ondoren, askatasunaren aurkako delituak, batez ere, mehatxuak, hertsapenak edo jazarpena. Aurten, orain arte, bi emakume hil dituzte Euskadin bikoteak edo bikotekideak:
    • Maiatzaren 16an, Lourdes, 50 urtekoa, Orion hil zuen bikotekide ohiak, eta, ondoren, honek bere buruaz beste egin zuen.
    • Maiatzaren 28an, Maialen, 32 urtekoa, Gasteizen hil zuen bikotekide ohiak.
  • ETXEKO INDARKERIA: Emakumeen kontrako eraso gehien izaten den bigarren ingurune nagusia etxea da (familia barruko/etxeko indarkeria, bikotekideak edo bikotekide ohiak eragindakoa ez dena), eta aurten, orain arte, 836 kasu erregistratu dira, aurreko urtean baino % 3,5 gutxiago, iaz 867 kasu erregistratu baitziren.
  • SEXU-INDARKERIA: Azkenik, igoera aipagarria izan da, 2023ko eta 2022ko aldiak alderatuta, sexu-askatasunaren kontrako delituen atalean: 459 kasu erregistratu dira, aurreko urtean baino ia % 20 gehiago, iaz 397 kasu erregistratu baitziren. Gehienak sexu-erasoak izan dira, eta zifra laukoiztu egin da. Horren arrazoia da, neurri handi batean, 2022ko urriaren 7an “bai bakarrik da bai” izenez ezagutzen den legea, sexu-abusua eta -erasoa parekatzen dituena, indarrean sartu izana. Gainera, horrek adierazten du sexu-eraso larrienek ere gora egiten jarraitzen dutela: 2022an 62 erregistratu ziren eta aurten, 2023an, 89 gertatu dira, hau da, % 43,5 gehiago.

Ertzaintzak 5.616 emakume babesten ditu

Une hauetan 5.616 emakumek dute Ertzaintzaren nolabaiteko babesa salaketa jarri ondoren eta poliziak biktimaren egoeraren berri izan ondoren (2.738k Bizkaian, 2.010ek Gipuzkoan eta 858k Araban). Emakume horietatik 3.619k epailearen aginduz dute babesa eta gainerakoek biktima bakoitzaren arriskua aztertzen duten polizia-protokoloak kontuan izanda:

  • Kasurik larrienetarako, arrisku handia duten emakumeentzako, bizkartzain-zerbitzu iraunkorra edo puntuala ezartzen da: une hauetan 39 emakume daude egoera horretan: 28 Bizkaian, 6 Gipuzkoan eta 5 Araban.
  • Kontrazaintzako zerbitzua: 230 emakume: 136 Bizkaian, 71 Gipuzkoan eta 23 Araban.
  • Baliabide elektronikoak: 136 emakumek dute Bortxa aplikazioa Ertzaintzak euren telefonoetan instalatuta (64k Bizkaian, 39k Gipuzkoan eta 33k Araban), eta beste 90ek dute Ertzaintzaren gailu elektroniko bat Bortxa aplikazio horrekin (42k Bizkaian, 10ek Gipuzkoan eta 38k Araban).
  • Beste alde batetik, 93 gizonezkok baino ez daramate lokalizazio-eskumuturrekoa epailearen aginduz Ertzaintzak kontrolatuta: 37k Bizkaian, 36k Gipuzkoan eta 20k Araban.

Polizia-prozedura

Ertzaintzaren ertzain-etxe guztietan daude era horretako indarkeriaren biktima diren emakumeak artatzeaz bakarrik arduratzen diren taldeak. Horrez gainera, Herritarren Babeserako agente bakoitzak eguneko lanaldiaren zati bat bere mugapeko emakumeen aurkako indarkeria-kasuen jarraipena eta horien inguruko jarduketak egiteari eskaintzen dio.

Kasu berri bat hautematen den bakoitzean, Ertzaintzak udaltzaingoekin partekatutako espediente informatiko batean erregistratzen du. Une horretatik aurrera, Ertzaintzak babes aktiboa ematen dio biktimari, esleituta duen arrisku-maila eta epaileak kasua ebatzi duen alde batera utzita. Espediente bakoitzak kasuaren historial osoa biltzen du kronologikoki: elkarrizketak, salaketak, epailearen aginduak edo beste aplikazio informatiko batzuetako datuak, besteak beste. Kasurik larrienetan epaitegietako tramiteak errazteko eta babes handiagoa ematera iristeko, tratu txarrak jasan dituen emakumeari epaitegira laguntzen diote agenteek lehenengo tramiteak egitera joaten denean. Bestalde, gizarte-zerbitzuekin harremanetan egoteko bidea dago tratu txarrak izaten direnean seme-alaba adingabeei arreta emateko.

Emakume bakoitzaren arriskua lau mailatan sailkatzen da: oinarrizkoa, moderatua, handia eta berezia. Ebaluazioa jarraitua izaten da, eta alda daiteke, beraz, biktimaren edo erasotzailearen inguruabarrak aldatzen badira. Biktima guztiei ezartzen zaien lehenengo segurtasun-neurria autobabeserako prestakuntza izaten da, eta saio pertsonal batean bideo bat ikusten dute eta informazio-liburuxka bat jasotzen dute. Lehenengo urrats horren ondoren, telefono bidez egiten da jarraipena aldian behin.

Plan estrategiko berria 2024an

Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak jakitera eman zuen bezala, Ertzaintza jada ari da Emakumeak indarkeria matxistaren aurrean modu integralean babesteko plan estrategiko berria lantzen. Horren helburua da edozein eratako indarkeria matxista jasaten duten emakumeek gaur egun jasotzen duten arreta hobetzea, eta, alde horretatik, plan integrala eta zeharkakoa izango da, eta EAEn emakumeen aurkako indarkeria matxistaren biktimei ematen zaien arreta koordinatzeko erakundeen arteko III. Akordioarekin lerrokaturik egongo da.

Planifikazio estrategiko horrek era ezberdinetako neurriak eta jarduketak jasoko ditu, eta 2024rako jada izango dituzte aurrekontu-konpromisoak. Neurri horien artean, hauek nabarmentzen dira:

  • 5 Mill/€ babes pertsonalerako, bizkartzain-zerbitzuarekin, indarkeria matxistaren kasu larri eta berezienetako biktima diren emakumeentzat.
  • 1,4 Mill/€ % 40 gehitzeko Ertzaintzako ikerketa-taldeak, emakumeen kontrako indarkeria-arriskuaren ebaluazioan eta espedienteen jarraipenean aritzen direnak (29 plaza gehiago)
  • 100.000€ UPV/EHUrekin egingo den hitzarmen berri bat finantzatzeko, biktimen arriskua baloratzeko polizia-tresnak ebaluatzeko eta tresna horiek Euskadiko emakumeen egungo egoera sozialera egokitzeko. Datorren urtean sinatuko den hitzarmena 2027ra arte luzatuko da, eta 100.000 euroko gastua izango du lehenengo urtean, 125.00 eurokoa 2025ean, 120.000 eurokoa 2026an eta 95.000 eurokoa 2027an.
  • 72.091,80€ erreminta informatikoa (EBA, Emakumeen eta Etxekoen Babesa) eguneratzen jarraitzeko. Emakumeen aurkako indarkeria-delituekin zerikusia duten Ertzaintzaren eta udaltzaingoen espediente guztien kudeaketa partekatzeko aukera ematen duen sistema digitala da. Bi eguneraketa egingo dira: Istanbuleko Protokoloan jasotako indarkeria-mota guztiak jasotzeko eta Estatuko gainerako poliziekin konexioa ezartzeko.
  • 40.000€ Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak diziplina anitzeko formakuntza-plan berri bat landu eta eskain dezan emakumeen aurkako indarkeriaren arloan, biktima diren emakumeekin harremanetan jartzen diren agenteentzat.
  • 100.000€ Ertzain-etxeetan eta Ertzaintzaren Herritarren Arretarako Bulegoetan biktimei arreta eta azalpenak emateko dagoen ikus-entzunezko materiala berritzeko.
  • 62.194,00€ Euskal Poliziaren koordinazio-protokoloak ezartzen jarraitzeko, indarkeria matxistaren biktimei polizia-arreta homogeneoagoa emateko. Kontu-sail honek aukera emango du poliziaren esku-hartzeko protokoloak sortzen eta ezartzen jarraitzeko, Ertzaintzaren eta Euskadiko udaltzaingoen arteko jarduera-jarraibide bateratuekin, alde batetik, biktimei arreta integrala eman ahal izateko eta, bestetik, berriz biktimizatzea eragozteko erakunde batetik bestera ibilita.
  • 150.000€ komunikazio-kanpaina instituzionalerako, 112 SOS DEIAK zerbitzuaren aplikazio mugikorra, indarkeria matxista jasateko arriskuan dauden emakumeei larrialdietako dei isilak, segmentatuak eta geologalizatuak egiteko aukera ematen diena, zabaltzeko.
  • 100.000€ beste jarduera batzuetarako: berdintasunaren eta indarkeria matxistaren arloan aholkularitza profesionala eta formakuntza espezializatua emateko.
  • Inbertsioa obretan Ertzain-etxeetako eta Ertzaintzaren Herritarren Arretarako Bulegoetako gune fisikoak egokitzen jarraitzeko, biktimak berriz biktimizatzea eragotziko duten gune adeitsuagoak sortzeko.