Euskal eredu ekonomiko eta industriala babestea eta «egunez egun hobetzen jarraitzea» defendatu du Lehendakariak

0

Lehendakaria eta Arantxa Tapia sailburua gaur goizean Jeremias enpresako instalazioetan izan dira. Tximinia modular metalikoak ekoizten munduko liderretako bat da enpresa hau. Lehendakariak eta sailburuak enpresako fundatzaileekin egindako bisitan Iurretako instalazioak zeharkatu dituzte, orotara, 20.000 m2 baino gehiago.

Bertan, Iñigo Urkulluk 2007an enpresa hau abiarazi izana eskertu die industria talde honetako arduradunei. Gaur egun, 200 langile ditu eta 23 herrialdetan saltzen dute. Lehendakariaren ahotan, enpresa honek balioan jarri du milaka pertsonen “ausardia eta erabakitasuna”, izan ere, zuek bezala, “euren barruan zeukaten hori” errealitate bihurtzera ausartu eta aurrera egin zuten.

Lehendakariaren arabera, jarrera ekintzaile horri esker, Euskadik askotariko industria lehiakorra dauka, eta azken urteotako ziurgabetasunari aurre egiten eta hazten asmatu du. Horrela, gogorarazi duenez, azken urteetan 125.000 pertsona baino gehiago gehitu dira lan merkatuan, euskal esportazioak % 57 hazi dira eta industria eta zerbitzu aurreratuak Euskadiko BPGren % 40,8 lortu dute.

Enpresak enpresariek eta langileek partekatutako proiektua direla defendatu du Iñigo Urkulluk; eta gaineratu du langileek lan-baldintza egokiak izan behar dituztela, erraztasunak izan behar dituztela benetako familia kontziliazio eraginkor baterako, eta aukerak prestakuntza hobetzeko.

“Hau da defendatzen dugun eredua, hazten eta lan aukerak sortzen jarraitzen duen Herri honen muinean dagoena” – baieztatzen bukatu du Lehendakariak.