Osasun Sailak Elkar Eginez saria eman dio adikzioen arloko jardunbide onenari

0

Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburu Gotzone Sagarduik gaur goizean 2022-2024 aldian Euskadin adikzioen arloan egindako jardunbide onenak aitortzeko Elkar Eginez saria eman dio Telmo Lazkano Muga irakasleari, No Phone Challenge bere proiektuagatik.

Epaimahaiak jardunbiderik onentzat aho batez aitortutako proiektuaren helburua da DBHko 4. mailako ikasleen artean telefono mugikorraren eta plataforma digitalen gehiegizko erabilera prebenitzea, Donostiako Usandizaga Peñaflorida Amara Bigarren Hezkuntzako Institutuan, sare sozialekin harreman osasuntsuagoa lortu eta eguneroko erabilera nabarmen murrizte aldera.

Ekitaldian aipamen berezia egin zaio Ekintza Aluviz elkarteari, “La prevención escolar del abuso del juego de apuestas ¿Las apuestas tienen truco?” bere proiektuagatik, helburu duena nerabeen eta gazteen artean jokoaren prebalentzia murrizten laguntzea.

Sagarduik azpimarratu duenez, bi proiektuen gaia, hau da, teknologia eta bere gehiegizko erabilera, Osasun Sailak eta Osakidetzak partekatzen duten kezka da zalantzarik gabe eta, bereziki, eskolaren esparruan kokatzen denean. Hala, sailburuak adierazi duenez, aurrera egiten ari dira adikzioen fenomenoari eman behar zaion erantzunean, Osasun Plana eta Adikzioen Plana bezalako tresnak erabiliz. Tresna horien helburu eta jarduera-ildoen artean, adingabeen eta nerabeen osasuna babestea eta haien artean adikzioak prebenitzea nabarmentzen dira.

Elkar Eginez aintzatespenei buruz

Elkar Eginez sariak, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak 2020an finkatuak, Euskadin 2016an onartu eta Estatuan aitzindaria den Adikzioen eta Droga Mendekotasunen gaineko Arreta Integralari buruzko Legetik sortuak dira, euskal erakundeek adikzioen prebentzioan eta adikzio horiek dituzten pertsonen arretan egiten duten lana ikusarazteko. Sariak bi modalitatetan ematen dira. Alde batetik, adikzioen arloko jardunbide onenak aintzatestekoa, bi urtean behin ematen dena, eta, bestetik, arlo horretako ibilbide profesionala aitortzekoa, 4 urtean behin ematen dena.

ADIKZIOEN VIII. PLANA 2023-2027

Osasuneko sailburuak, Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendari Itziar Larizgoitiarekin batera, Gobernu Kontseiluak irailaren 5ean onartutako Adikzioen VIII. Plana 2023-2027 aurkeztu du jendaurrean.

Adikzioen prebentzioaren eta arretaren sektorean lan egiten duten erakunde, elkarte eta pertsonen aurrean, Sagarduik azpimarratu du 2023-2027 aldirako Adikzioen Planaren helburu nagusia Euskadi osasungarriagoa eta sentsibilizatuagoa lortzea dela, substantzien kontsumoak eta jokabide adiktiboek eragindako arriskuen aurrean.

Sailburuak azaldu duenez, Plan honek, lau hamarkadatan Euskadik adikzioen arloan bultzatutako zortzigarrenak, bost helburu nagusi ditu, lortu nahi diren aurrerapenen adierazle: Euskadiko biztanlerian kontsumo eta jokabide adiktiboen hasiera saihestea edo atzeratzea; beren prebalentzia murriztea; sortzen dituzten kalteak gutxiagotzea; adikzioei lotutako osasun-arloko desberdintasunak murriztea; eta horiei lotutako estigma murriztea.

Helburu horiek lortzeko, Planak jokabide osasungarriak sustatzen dituzten inguruneak aktibatzea planteatzen du; osasuna eta prebentzioa sustatzeko programak sendotzea eta hobetzea; gizarteratzeko laguntza- eta babes-zerbitzuak indartzea eta hobetzea; ezagutza eta berrikuntza garatzea eta hedatzea; eta sektore arteko ekintza eraginkorragoa finkatzea.