Azaroaren 25a, Emakumeen aurkako Indarkeria Matxista Ezabatzeko Nazioarteko Eguna ospatzeko lau egun falta direnean Eusko Jaurlaritzak indarkeria matxistaren adierazpen guztiak gaitzetsi nahi ditu eta, indarkeria matxista desagerrarazteko bidean, beste erakunde batzuekin eta gizarte osoarekin koordinatuta lan egiten jarraitzeko konpromisoa erakutsi nahi du.
Azaroaren 25 honetan prebentzioaren garrantzia azpimarratu nahi dugu, batez ere gazteen arteko sexu-indarkeriarena eta hori saihesteko kalitatezko sexu-hezkuntzaren beharra. Teknologiaren aurrerapenak eta Interneterako sarbide goiztiarrari esker, oso gaztetatik ikusten hasten dira eduki pornografikoak, eduki horietako eszenen % 88k baino gehiagok emakumeen aurkako indarkeria fisikoa edo hitzezkoa dutela. Honek eragiten du emakumeenganako indarkeriazko jarreren normalizazioa eta erotizazioa, emakumeen kosifikazioa eta neskek menderatuak izaten ikastea eta mutilek menderatzaile izaten.
Egoera horren aurrean, gizarte osoaren ekarpena behar dugu. Erakundeak, hezitzaileak, komunikabideak, entretenimenduaren sektorea, familiak… Gazteek ez dute ikasi behar sexua lotzen indarkeriazko, mendekotasunezko edo emakumeentzako jarrera umiliagarriekin. Honelako iruditegia sexu-erasoen haztegi garrantzitsua delako eta enpatiaren ordez botere-harremanak ezartzen direlako sexu erlazioetan.
Gobernu honek berretsi egiten du emakumeen aurkako indarkeriaren prebentzioan lan egiten jarraitzeko konpromisoa, batez ere etorkizunari begira, belaunaldi berriei begira, berdintasunaren belaunaldi bihur daitezen nahi baitugu. Eta gizarte osoarekin egin nahi du, Berdinaldia Berdintasunaren aldeko eta indarkeria matxistarik gabeko bizitzaren aldeko Herri Itunaren esparruan.
Horrela, egunero, baina bereziki azaroaren 25ean, Emakumeenganako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Egunean, indarkeria matxista publikoki gaitzesteko deia egiten diegu herritarrei.