Euskadik osasun mentaleko arreta, prebentzioa eta sustapena hobetzeko konpromisoa hartu du

0
  • Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren Osasun Mentaleko Estrategia (2023-2028) adostasunaren inguruan eraiki da eta pertsona ardatz duen arreta integraleko eredurantz aurrera egiten ari da, ebidentzian oinarrituta eta errekuperaziora begira
  • Lehentasuna duten jardun-esparruen artean daude Elikadura Portaeraren Nahasmendua, haur eta gazteen osasun mentala eta patologia duala
  • Araba ESIko eta Barrualde-Galdakao ESIko psikiatria-zerbitzuetan Elikadura Portaeraren Nahasmenduko unitate berrien obrak hasi dira, eta aurreikusita dago 2024an Gipuzkoan haur eta gazteentzako eguneko ospitaleko beste 16 plaza sortzea

Gotzone Sagardui Osasuneko sailburuak gaur goizean aurkeztu dio Gobernu Kontseiluari Euskadiko Osasun Mentaleko Estrategia (2023-2028). Adostasunaren inguruan eraikitako bide-orri horren helburua da nahasmendu mentalen arreta eta prebentzioa hobetzea eta Euskal Autonomia Erkidegoan osasun mentala sustatzea.

Osasun mentala funtsezkoa da pertsonen eta gizarteen osasunerako eta ongizaterako. Bizitzaren arlo guztietan du eragina, arlo pertsonalean, familiarrean, lanekoan, sozialean eta komunitarioan. Hala ere, nahasmendu mentalak dituzten pertsonentzako eta haien senideentzako baliabide eta zerbitzu egokiak eskuratzea zailtzen duten estigmak, aurreiritziak eta oztopoak daude oraindik. Hori dela eta, nahasmendu mentalak dituzten pertsonen prebentzioa, detekzio goiztiarra, tratamendu eraginkorra, errehabilitazioa eta gizarteratzea sustatuko duten politika publikoak bultzatu beharko dira.

Hain zuzen ere, herrialde-estrategia horren helburua da herritarren osasun mentala hobetzeko tresna erabilgarria eskaintzea, gaixotasun mentala duten pertsonei zuzendutako arreta integrala sustatzea, haien senideei laguntzea eta errekuperazioa eta gizarteratzea erraztuko duen arreta-eredu komunitarioa bultzatzea.

ILDO ESTRATEGIKOAK

Euskadiko Osasun Mentaleko Estrategiaren bidez, nahasmendu mentala duten pertsonek beren bizi-proiektua osotasunez garatu ahal izango duten gizarte inklusiboa, solidarioa eta aniztasunarekiko errespetuzkoa lortu nahi da. Horretarako, bide-orri horrek zenbait ildo estrategiko planteatzen ditu, eta horien artean nabarmentzen dira:

  • Osasun mentaleko esku-hartze guztietan, giza-eskubideen, generoaren eta aniztasunaren ikuspegia
  • Osasun-arreta primarioan eta osasun mentaleko zerbitzuen sare integratuan oinarritutako arreta komunitarioaren eredua indartzea, diziplina anitzeko taldeekin —errekuperazio-eredura orientatuak eta zerbitzu soziosanitarioen sarearekin koordinatuak—.
  • Osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonek eta haien senideek eta gizarte-erakundeek osasun mentaleko politiken eta programen diseinu, inplementazio eta ebaluazioan parte-hartze aktiboa izan dezaten sustatzea.
  • Euskadiko Osasun Planean (2030) ere islatzen da nahasmendu mentalen prebentzioaren aldeko eta osasun mentala haurtzarotik zahartzarora sustatzearen aldeko apustu irmo hori —arreta berezia eskainiko zaie talde zaurgarriei eta krisi- eta larrialdi-egoerei—.
  • Osasun mentala gizarte, hezkuntza, enplegu eta kulturaren arloko politiketan txertatzea, nahasmendu mentalak dituzten pertsonentzako arreta integrala eta koordinatua berma dadin.

LEHENTASUNA DUTEN ARLOAK

Euskadiko Osasun Mentalaren Estrategian lehentasuna duten arloen artean hauek nabarmentzen dira inpaktuagatik eta premiagatik: Elikadura Portaeraren Nahasmenduak, haur eta gazteen osasun mentala, eta patologia duala (nahasmendu mentala eta substantzien erabileraren ondoriozko nahasmendua batera agertzen direnean).

Elikadura Portaeraren Nahasmenduen arloan, arreta goiztiar intentsiboa nabarmentzen da, pronostikoa hobetzeko giltzarria den heinean. Arlo horretan aurrera egite aldera, hasi dira Araba ESIko eta Barrualde-Galdakao ESIko psikiatria-zerbitzuetan Elikadura Portaeraren Nahasmenduen unitate espezifikoak gaitzeko lanak. Horretarako, milioi-erdi eurotik gorako inbertsioa egingo da, eta horri gehituko zaio unitate horiek abian jartzeko beharrezkoak diren psikiatren, psikologo klinikoen eta erizainen plantilla handitzea.

Haur eta gazteen osasun mentalari dagokionez, Osasun Sailak eta Osakidetzak abian dagoen asistentzia sendotzearen aldeko apustua egiten dute; izan ere, azken bi urteotan, eta pandemia gorabehera, bikoiztu egin dira arlo horretara bideratutako giza baliabideak eta baliabide materialak. Izatez, 2024ko ekitaldirako aurreikusita dago Gipuzkoan haur eta gazteentzako eguneko ospitaleko beste 16 plaza sortzea.

Patologia dualaren arretaren arloan, aurreikusten da paziente bakoitzari bere tipologia klinikoaren araberako Plan Terapeutiko Indibidualizatua eskaintzea, kasuan-kasuan baliabiderik edo gailurik egokiena aplika dakion.

ADOSTASUNAREN INGURUAN ERAIKITAKO BIDE-ORRIA

Euskadiko Osasun Mentaleko Estrategia (2023-2028) partaidetza-prozesu zabal baten emaitza da. Prozesu hori Euskadiko Osasun Mentaleko Aholku Kontseiluan oinarritzen da eta osasun mentalaren arloan diharduten profesionalen, adituen, elkarteen eta administrazio publikoen ordezkari ugari elkarlanean aritu da.

Dokumentu hori ezarriko bada, arlo horretan diharduten eragile guztien konpromisoa eta inplikazioa beharko da.

EUSKADIKO OSASUN MENTALEKO SAREA

Gaur egun, Euskadiko sarean daude:

  • Helduentzako 4 ospitale psikiatriko, akutuen unitate batekin.
  • Helduentzako 5 psikiatria-zerbitzu, ospitale orokorrean.
  • Haur eta gazteentzako psikiatriako 3 ospitale-unitate.
  • Helduentzako psikiatriako 18 eguneko ospitale.
  • Haur eta gazteentzako psikiatriako 5 eguneko ospitale.
  • Osasun mentaleko 41 zentro
  • Eta unitate monografikoak (nortasunaren nahasmenduak, gertakari psikotikoak, psikogeriatria, Elikadura Portaeraren Nahasmendua, adikzioak, arrisku handia, jaiotza ingurukoa, patologia duala eta genero-indarkeria) eta asistentzia-ekosistemak (Osakidetzako osasun mentalaren sareak, Osakidetzan barne hartzen diren osasun-erakundeak eta Euskadiko baliabide soziosanitarioak).