Ricardo Ituarte: Suteen Prebentzio eta Itzalketako eta Salbamenduko Zerbitzuen lege berriak euskal gizartearen segurtasun-mailak optimizatzen lagunduko du

0

Ricardo Ituarte Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendariak zoriondu egin du Eusko Legebiltzarra “Suteen Prebentzio eta Itzalketako eta Salbamenduko Zerbitzuak arautzen dituen Legea” gehiengo zabal batek babestuta onartu izanagatik. Araudi berriak euskal gizartearen segurtasun-mailak optimizatzen lagunduko du.  

Legea onartu denean Eusko Legebiltzarrean egindako adierazpenetan, Ricardo Ituartek esan du lege berria erronka historikoa dela, legea onartuta Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistemako eragile guztien jarduera arautuko duen araudi-korpusa itxi baitu.

Ricardo Ituarteren ustez, garrantzitsua da legebiltzar-taldeek adostasun zabal hori lortzeko egindako ahalegina balioestea, bai eta hiru foru-aldundiek eta hiru hiriburuetako udalek (suteak itzaltzeko zerbitzuen titularrek) arau berri hau aurrera ateratzeko emandako laguntza ere.

Gaur onartu den legeari esker, Euskadik, azkenean, aurrera egingo du 26 suhiltzaile-parkeen eta horietan lan egiten duten profesionalen segurtasun juridikoan, modu horretan erakunde bakoitzak bere burua antolatzeko duen ahalmena bermatuz eta euren eskumenak eta erabaki-ahalmena babestuz.

Berdintasuna

Bestalde, arau berriak aurrerapauso aipagarria emango du Euskadiko suteak itzaltzeko zerbitzuetan sartzean, lanpostuak betetzean eta barne-sustapenean berdintasuna lortzeko bidean. Izan ere, gaur egun emakume suhiltzaileek oso presentzia eskasa dute plantilletan.

Hemendik aurrera, erakundeek, arau berriari jarraituz, berdintasuna sustatzeko eta emakumeak sartzeko plan espezifikoak jarri beharko dituzte martxan, emakumeek betetako plazak % 40 izatera iritsi arte.