Eusko Jaurlaritzak sentsibilizazio-kanpaina berri bat jarri du abian Internet bidezko erosketetan segurtasuna sustatzeko

0

Josu Erkoreka Lehen lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak, Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak eta Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak Eusko Jaurlaritzaren sentsibilizazio-kanpaina berri bat aurkeztu dute gaur Bilbon, Internet bidez erosteko ohitura seguruak sustatzeko, aurten Euskadin ziberiruzurrak ugaritu direla-eta.

“CIBERGABONAK – Argi ibili eta burua erabili” leloarekin, kanpaina honen bidez herritarrak kontzientziatu nahi dira merkataritza elektronikoaren atzealdea diren arriskuez, batez ere erosketak ugaritzen ari diren une honetan. Horretarako, kanpainak hedabide tradizionalen mix bat erabiliko du, online irrati- eta prentsa-iragarkietan oinarritua, baita gazteei gehiago zuzendutako online edukiak eta sare sozialetakoak ere —hala nola Youtube, Spotify, Tik Tok edo Instagram, besteak beste—.Kanpaina asteazken honetatik aurrera egongo da abian, Zibersegurtasunaren Mundu Egunaren bezperan, eta abenduaren 22ra arte iraungo du, nahiz eta hedabide batzuetan urtarrilaren 6ra arte jarraituko duen.

Aurkezpen honetan nabarmendu da Interneterako sarbidea orokortzeak herritarrak sare sozialak eta ingurune digitalak gero eta gehiago erabiltzera bultzatzen dituela. Sailburu horiek emandako datuen arabera, merkataritza elektronikoaren eta online banku-eragiketen hazkundeak erakusten du transakzio horien gorakada ziberiruzurren bilakaerarekin parekatzen dela, ziberiruzurrak gero eta sofistikatuagoak baitira.

Lehen lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburu Josu Erkorekak datu eguneratuak eman ditu horrek Euskadiko delinkuentzia-mapan duen eraginaren inguruan: “Euskadin egiten diren 4 delitutik 1 dagoeneko Internet bidez gertatzen da. Ertzaintzaren datuen arabera, aurtengo urtarrilaren 1etik urriaren 31ra bitartean 19.129 delitu izan dira sarean, eta 56.805 delitu presentzialen aldean. Aurten, 17.061 ziberiruzur erregistratu dira —aurreko urteko aldi beraren aldean % 29ko igoera egon da—: % 52 Bizkaian, % 32 Gipuzkoan eta % 16 Araban”.

Erkoreka sailburuak 2023ko lehen 10 hilabeteetan Euskadin salatutako ziberiruzurren eragin ekonomikoan jarri du arreta: 26 milioi eurora irits daitekeela uste da. Horien herenek ez dute 100 €-ko iruzurra gainditzen.

Bestalde, Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak gogorarazi du kanpaina hau Eusko Jaurlaritzak finantza-erakundeekin hartutako konpromisoaren barruan sartzen dela, urriaren 9ko bileraren ondoren. Bilera horretan ziberespazioan mota horretako delituak detektatzeko eta zuzentzeko laguntza eman zitzaien erakunde horiei, prebentzio-neurrietan eragina duten informazio-kanpainekin bat eginez. “Gure saila aspalditik ari da finantza-erakundeekin elkarlanean hainbat arlotan, eta ziberdelinkuentzia da gehien kezkatzen gaituen gaietako bat, kaltetutako pertsonek eta finantza-erakundeek eurek jasaten duten babesgabetasunagatik”.

Azpiazuk zehaztu duenez, “2018tik aurrera hasten dira zibergaizkileak erasoak zuzenean erakundeetako bezeroei zuzentzen, batez ere phishing bidez. Urtero engainu-metodologia berriak agertzen dira; phishing-a berrasmatzen ari dela esan liteke”.

Azpiazu erabiltzaileentzako segurtasun-kontseilu batzuk nabarmendu ditu, eta Kriminalitatearen Sistema Estatistikoko Biktimizazioen 2022ko rankingeko datuak eman ditu. Horren arabera, kreditu-txartelen, zordunketen eta bidaia-txekeen iruzurrak lehen tokian daude 114.953 kasurekin, eta banku-iruzurra, berriz, ranking horren hirugarren tokian dago 42.783 kasurekin”. Azken mezu hau utzi du: “zalantza-izpirik txikiena izanez gero, finantza-erakundeari kontsultatu behar zaio”.

Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak eman dio amaiera aurkezpenari, eta aurreratu du bere saila ikerketa bat egiten ari dela zibersegurtasunak euskal herritarrengan duen eraginaren inguruan. Azterlan horren emaitzak laster aurkeztea espero da.

“Sentsibilizazio-lanaz gain, Kontsumobidek lineako erosketa edo transakzioekin lotutako arazoei buruzko erreklamazioei erantzuten die, eta, horretarako, Segurtasun Sailarekin lankidetzan aritzen gara, zehazki Ertzaintzarekin”, Hurtadok adierazi duenez, eta tipologia horren egoeraren argazkia eman du Kontsumobiden: “Azken urtean 1.630 erreklamazio jaso ditugu Euskadiko banku- eta finantza-zerbitzuen epigrafearen pean. Horrek banku-transakzioak ez ezik, online erosketekin lotutako arazoak ere badakartza. Erreklamazio horien % 16k, gutxi gorabehera, zuzeneko lotura dute online erosketa edo iruzurrekin”.