Iñigo Urkullu Lehendakariak, eta Eusko Jaurlaritzako sailburuek, talde parlamentarioen galderei eta interpelazioei erantzun diete Kontroleko Osoko Bilkuran.
Galdera, Nerea Kortajarena Ibañez EH Bildu taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Jaurlaritzari metatzen ari zaizkion arazoek eskatzen dituzten erabakiei buruz.
Lehendakariak bere hitzaldian azpimarratu du Euskal Herria Bilduk hilabeteak daramatzala hauteskunde kanpaina egiten, “aukera duzuen bakoitzean, Legebiltzar honetan, mezu bera errepikatzen duzue mantra balitz bezala: egoera katastrofista batean bizi garela eta gure herrian zerbitzu publiko guztiak desastre hutsa omen direla, baina errealitate horren daturik eman gabe. Gizartean etengabeko ezinegona sortzea da zuen proposamena boterea eskuratzeko. Guztia diru publikoarekin konponduko dela diozue, horrek gure etorkizuna hipotekatuko badu ere. Hori arduragabekeria da, populismo hutsa” esan du Lehendakariak.
Urkulluk esan du arazoen aurrean errealismoaren printzipioa aplikatzen duela, ahalik eta erantzun egokiena emateko; beti ere gizartearen beharrei erantzunez eta etengabeko hobekuntza aplikatuz. Bizi kalitateari erreferentzia eginez, Espainiako INE rankingean Euskadik lidergoa duela esan du Lehendakariak eta zenbait datu eman ditu baieztapen hori berresteko: “batez besteko errenta Euskadin 23.800 eurokoa da, 19.100 Estatuan. Pobrezia arriskuan dagoen biztanleria %12a da Euskadin eta %20a Estatuan. Hezkuntzan ere posizio onenean gaude. Goi-mailako ikasketak dituzten herritarren proportzio handiena dugu, % 51. Langabezia tasa txikiena duen Erkidegoa gara. Baita soldata-baxu gutxien duena ere. Euskadin pentsioak Estatuko altuenak dira. Osasun inbertsioetan ere buruan gaude eta Espainiako osasun publikoaren defentsarako Elkartearen arabera Osakidetza da kalitate hoberena eskaintzen duen zerbitzua. Hauek dira datu objektiboak, hamabostean behin zuekin partekatzen ditudanak. Eta datu hauek hobetzeko anbizioa eta ahalmena ez zaigu falta, etengabeko hobekuntza delako gure lan egiteko modua” esanez amaitu du Lehendakariak.
Galdera, Isabel González Rodríguez Elkarrekin-Podemos-Ezker Anitza taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Eusko Jaurlaritzak greba feminista orokorrari buruz egiten duen hausnarketaren inguruan.
Lehendakariak adierazi duenez, grebaren aurreko eta ondorengo egunetan hausnarketa bera da: «lidergo publikoan eta erantzunkidetasunean oinarritutako zaintza-eredu publiko eta komunitario baterantz aurrera egin behar dugu». Lehendakariaren hitzetan, «gehien kezkatzen gaituena zaintzaileen lan-baldintzak eta familian zaintza-lanak egiten dituzten emakumeen baldintzak dira. Askotan aitortu dugu zaintza-lanen ardura familiei eta, bereziki, emakumeei egozten dien eredu hau gainditzea ezinbestekoa dela.Horregatik, aspalditik lanean gaude eta zaintza lanarekin dugun konpromisoa greba honen aurretik dator eta haratago doa” esan du.
Urkulluk azpimarratu du Zaintzaren gaia Politika Orokorreko Eztabaidan mahai gainean jarri zuen lehentasunezko gaietako bat izan zela. Horren harira azaldu du Gizarte Zerbitzuen bigarren Plan Estrategikoak 1.500 milioi euroko gastua aurreikusten duela 2025ean, ia aurrekontu osoa zainketa lanetara bideratuz. Duela gutxi, Zainketen Kongresua antolatu da, eta arlo horretan inplikatuta dauden eragile guztiek aktiboki parte hartu zuten. «Zainketen Euskal Itunaren alde lanean jarraitzen dugu, -esan du Lehendakariak- oinarri komun bat ezartzeko: zaintza-lanen aitortza, haren ordainsari duina barne hartuta; familiako zaintzaren zama murriztea zaintza aukera bat izan dadin eta ez inposaketa bat zainduen eta familientzako, kasu bakoitzerako egokia den instituzio- eta familia-zaintza uztartuz; erantzukizun publikoko zerbitzuak eta prestazioak areagotzea; zaintza-ingurune inklusiboak eta hurbilekoak sortzea eta zaintzak gizonen eta emakumeen artean birbanatzea».
«Erakunde publikoek ez dugu zaintzak antolatzeko ardura bakarrik. Era berean, eremu pribatuko zainketak duintasunaren, berdintasunaren eta gizarte-kohesioaren irizpideetan oinarrituta garatzen direla sustatu, arautu eta zaintzea ere badagokigu. Ziur nago eraldaketa hori gauzatzeko bidea erakundeen, alderdi politikoen, familien, hirugarren sektore sozial komunitarioaren eta gizartearen artean aurrera eramateko gai izango garela; aurrean duguna herri erronka bat baita” amaitu du lehendakariak.
Galdera, Carlos Iturgaiz Angulo Euskal Alderdi Popularra-Ciudadanos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Lehendakariak 2023ko azaroaren 17ko kontroleko osoko bilkuran euskal herritarrei kontsulta bat egiteari buruz egindako aipamenen inguruan.
Lehendakariak bere hitzaldian esan duenez, “duela bi aste Legebiltzar honetan esan nuena ez da berria, gure bide-orria ezaguna da. Gure Gobernu Programan jasota dago: Autogobernu handiagoa eta hobea; Gernikako Estatutua egiazki betetzea eta elkarrizketaren bidez barne-akordio zabalena lortzea gure Autogobernuaren etorkizuna sustatzeko eta hobetzeko”. Ildo horretatik, PPko legebiltzarkideari hainbat galdera luzatu dizkio Urkulluk: “nazioaniztasuna debekatuta al dago nazionalitateak eta eskualdeak bereizten dituen Konstituzioan? Konstituzioak aldebikotasuna debekatzen al du? Konstituzioan debekatuta al dago gehiengoaren borondate sozialei adierazpen-bide berriak zabaltzeko aukera, gehiengo nahikoak babesten badu?” eta jarraian galdera horiek erantzun ditu Lehendakariak: “akordio politiko batek Estatuaren kontzepzio plurinazionala gara lezake, hala nola euskal errealitate nazionala aitortzea; Aldebiko Itun Politikoaren eredu bat plantea lezake, eta legezko kontsulta hitzartu bat deitzea plantea lezake. Beraz, posible da”. Gauzak horrela, Lehendakariak adierazi du Konstituzioak eta Estatutuak gure autogobernu-sistemaren berezitasuna jasotzen dutela, «errealitate hori egungo egoerara egokitzea izan da Legebiltzar honetako Autogobernu Lantaldearen zeregina; Konstituzio Konbentzioaren zeregina ere izan daiteke. Bide berri bat zabaldu da, eta gure erantzukizuna da akordioaren bidetik aurrera egitea, Euskadirentzako autogobernu gehiago eta hobea helburu hartuta” amaitu du.
Galdera, Amaia Martínez Grisaleña Mistoa – Vox taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, independentzia judiziala errespetatzea eskatzen duten euskal epaileen protestei buruz.
Lehendakariak bere hitzaldian esan du Euskadin «zaratatik urrun, elkarlaneko lan serioa egiten dela epaile, fiskal eta eragile juridikoekin batera, erantzukizunean eta errespetu instituzionalean oinarrituta». «Konfiantzan eta elkarrizketan oinarritutako lan partekatuaren eredua defendatzen eta praktikatzen dut, ez liskarrean eta talkan oinarritutakoa», azpimarratu du Urkulluk. Ildo horretatik adierazi du botere judizialaren independentzia defendatzen duela inpartzialtasunaren bermea delako; “baina ez dakit zuek gauza bera egiten duzuen edo soilik independentzia judiziala eta justiziaren defentsa egiten duzuen, arrazoia ematen zaizuenean” esan du Lehendakariak. «Zuek saiatu zineten, lortu gabe, auzitegiek parlamentuaren jarduera oztopa zezaten, Pedro Sánchez presidentearen inbestidura saioa bertan behera uzteko. Zuek Auzitegi Gorena erabili nahi izan duzue talde parlamentarioen negoziazioak oztopatzeko. Zure alderdiko ordezkariak ikusi ditugu kalean ekintza tamalgarriak egiten gorrotoa sustatu eta desberdinen arteko elkarbizitza oztopatzeko helburuarekin. Nik defendatzen dudan guztiaren antitesia zarete. Ekintza politikoan eta politikan sinesten dut, ez, ordea, zuen alderdiak ordezkatzen duen ikuskizun zaratatsu iraunkorrean, mesede gutxi egiten baitio jarrera horrek bizikidetzari” esanez amaitu du Lehendakariak.