Ertzaintzan Euskararen Erabilera Normalizatzeko III. Plana onartu da

0
  • Agiriak euskal poliziaren plantilla euskalduntzeko bidean aurrera jarraitzeko jarduera-esparrua ezartzen du, eta jada % 61era iritsi da
  • Zerbitzu hobea emateko eta herritarrei arreta euskaraz bermatzeko Eusko Jaurlaritzaren konpromisoari ere erantzuten dio

Izaskun Urien Giza Baliabideen zuzendaria, Victoria Landa Ertzaintzako zuzendariarekin, Asier Erkoreka Segurtasuna Koordinatzeko zuzendariarekin eta Josu Bujanda Ertzaintzako buruarekin batera, buru dela egin da gaur goizean Ertzaintzaren Erandioko egoitza nagusiko ekitaldi-aretoan, urtero abenduaren 3an ospatzen den Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta Segurtasun Sailak antolatu duen ekitaldia.

Hasierako agurraren ondoren, Izaskun Urienek gogorarazi du aurten 25 urte bete direla Ertzaintzan euskara normalizatzeko prozesua hasi zenetik, eta adierazi du urte horietan guztietan euskarak ibilbide luzea egin duela polizia-kidegoan ekimen, ekintza eta sustapen-ikastaroen bidez. Horren erakusgarri da euskara gero eta barneratuago dagoela erakundearen eguneroko jardunean.

Era berean, iraganari ez ezik, etorkizunari ere begiratu behar zaiola adierazi du, eta, ildo horretan, iragarri du Euskararen Erabilera Planaren Batzorde Nagusiak, Miren Goitia Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordea buru zela, atzo bertan onartu zuela «Ertzaintzan Euskararen Erabilera Normalizatzeko III. Plana».

Euskara Ertzaintzan

Plan horrek polizia-plantilla euskalduntzeko prozesua 1998an hasi zuen lan-esparruarekin jarraitzen du. Helburua da gizartearekin harremana euskaraz izango duen Ertzaintza izateko eskaerari erantzutea eta euskara barneko lanean ohiko hizkuntza bihurtzea, modu horretan euskal herritarren hizkuntza-eskubideen % 100 bermatu ahal izateko.

Gaur egun, agenteen % 61ek dute Ertzaintzako 1. edo 2. hizkuntza-eskakizuna, eta 2018an % 47k zuten. Horiei gaur egun Ertzaintzan sartu nahi dutenak batu behar zaizkie; izan ere, in job praktikaldia amaitzen duten arte ez dira estatistika horretan sartzen.

Eusko Jaurlaritzak euskararen erabilera sustatzeko hartuta duen konpromisoa Ertzaintzaren azken promozioetan ere ikusi da; izan ere, 10 agentetatik 8k baino gehiagok dute egiaztatuta B2 edo C1 hizkuntza-eskakizuna:

Plana aurreikusitako epean, hau da, 2027rako, betearazteko, Ertzaintzak eta Segurtasun Sailak helburuak lortzeko ezarritako adierazleak aztertu eta ebaluatuko dituzte lantalde eta batzorde teknikoetan.

Euskararen Nazioarteko Eguna Erandion

Giza Baliabideen zuzendariak egindako iragarpenaren ostean, eta Euskararen Nazioarteko Eguneko ospakizunekin jarraitzeko, Garazi Argaluzak, Ricardo Bilbaok, Jon Hernanik eta Cristina Rozasek, euskara arlo gehiagotara iristeko helburuarekin makinei ahotsa jartzen dien Gaitu proiekturako ahots-grabazioak egin dituzten Segurtasun Sailaren ordezkariek, Euskararen Nazioarteko Eguneko erakunde-adierazpena irakurri dute.

Jarraian, Gaitu proiektuaren spotaren proiekzioaren ondoren, Antxon Barainkak, Labayru Fundazioko teknikariak, programaren berezitasunen berri eman die bertaratu guztiei: helburuak, ekarpenak egiteko moduak, webgunearen erabilerak, eta abar.

Azkenik, Unai Dañobeitiak, Arkauteko Akademiako polizia-tekniketako irakaslea denak, eta Brigada Mugikorraren Unitateko Burutzako Ana Isabel Sanchezek eta Iñaki Gorrotxategik euskararen normalizazioarekin lotuta Ertzaintzan izan dituzten bizipenak azaldu dituzte.  Lehenengoak Akademiaren eguneroko jardunean eta ikasleei ematen dizkien eskoletan euskararen erabilera sustatzeko egiten duen lana azaldu du. Anak eta Iñakik, berriz, Ertzaintzan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Planaren bitartez Sailean abian jarritako ELEBI Ertzaintza formakuntza-programan izan duten esperientzia azaldu dute.