Eusko Jaurlaritzak Bernardo Rodríguez Rincónen, gorpuzkiak eman dizkio familiari, Urduñako espetxe frankistaren beste biktima bat

0
PRUEBA
  • Bernardo Rodríguez Rincón Urduñako Espetxe Zentraleko biktimen zortzigarren identifikatua da, 2022an desobiratua eta orain identifikatu ahal izan dena
  • Dagoeneko bederatzi dira, identifikatu diren espetxe horretako biktimak

Vitoria-Gasteiz, 02/12/2023

Gaur goizean, Legorretako hilerrian, José Antonio Rodriguez Ranzek, Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordeak, eta Aintzane Ezenarrok, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendariak, Bernardo Rodríguez Rinconen gorpuzkia eman dizkiote haren familiari. Biktimaren desobiratzeari eta identifikazioari buruzko informazaio jasotzen duen txostena ere eman diote familiari, Iñigo Arregi eskultorearen «Duintasuna» eskulturaren miniaturazko erreplika batekin batera; eskultura hau Elgoibarko eta Urduñako Duintasunaren Kolunbarioetan dagoen eskultura da.

Jarraian, ekitaldi pribatu batean, familiak hilerrian lurperatu ditu gorpuzkiak.

Bernardo Rodríguez Rinconen gorpuzkiak 2022ko abenduan berreskuratu zituzten, Urduñako hilerrian egindako lurpetik ateratzeko lanetan. Campanariokoa zen (Badajoz), nekazaria, 5 seme-alabaren aita. Atxilotu eta hainbat espetxetatik igaro ondoren, Urduñako espetxera eraman zuten, eta 1941eko martxoaren 20an hil zen, 60 urte zituela.

Orain arte, Gogora Institutuak Urduñako Espetxe Zentraleko bederatzi biktimen gorpuzkiak identifikatu ditu, berreskuratu diren 71etatik. Bederatzigarrena, Francisco de la Cruz Orellana da (Quintana de la Serena, Badajoz). Haren familia Mallabian (Bizkaia) bizi da gaur egun eta datozen asteetan emango zaio gorpuzkia. Desobiratze lanak 2014ko  indusketa-kanpainan egin ziren.

Urduñan identifikatutakoak

  • Fructuoso Llorens Tolosano, Fuente de Maestrekoa, Badajoz.
  • Manuel eta Salvador Del Amo Jiménez, anaiak, Villagonzalokoak, Badajoz.
  • Alejandro Gómez Hidalgo, Carpio de Tajokoa, Toledo.
  • Alfonso Tena Prieto, Don Álvarokoa, Badajoz.
  • Domingo Galindo González, La Morerakoa, Badajoz.
  • Inocencio Gallardo Rebolledo, Magacelakoa, Badajoz.
  • Bernardo Rodríguez Rincón, Campanariokoa, Badajoz.
  • Francisco de la Cruz Orellana, Quintana de la Serenakoa, Badajoz.